Hondakinen bilketa datuak eta ohiturak hobetzeko sentsibilizazio eta informazio kanpaina urtarrilean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/12/16 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Urte honetan atzemandako arazoei konponbidea emateko eta hondakinen gaikako bilketa datuak hobetzeko helburuarekin abiatuko du Udalak kanpaina, Gehiago eta Hobeto birziklatu dezagun.

  • Kanpainaren baitan etxeetara informazio euskarria banatuko da, kartoi komertziala sortzen duten saltokietara bisitak egingo dira eta hezitzaileak kalean, edukiontzi gune gatazkatsuenetan, egongo dira herritarrei informazioa ematen.

 

 

Ingurumenaren kontserbaziorako gaikako bilketa egokia egitea ezinbestekoa izanik, hondakinen gaikako bilketa datuak hobetzeko helburuarekin eta aurten atzemandako zenbait arazori irtenbidea emate asmoz, sentsibilizazio eta informazio kanpaina abiaraziko du Udalak urtarrilean.

Herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko hainbat kanpaina egin ditu azken urteotan Udalak eta urtero ekintza zehatzak egiten dira Eskola Agenda 2030 ekimenaren baitan ikastetxeekin elkarlanean edota Hondakinak Prebenitzeko Europako asteari begira.

Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko Tokiko Plana ere gauzatzen ari da dagoeneko Udala.

 

Gehiago eta hobeto

Hondakinen gaikako bilketa datuak bikainak izan arren herrian (%70 inguru), datuak hobetzeko helburuarekin, herritarrak birziklapen ohiturei eutsi diezaien egingo da sentsibilizazio kanpaina, Gehiago eta Hobeto birziklatu dezagun.

Era berean, itxialdiaren ondoren tamaina handiko hondakinen gaikako bilketaren inguruan hainbat edukiontzi gunetan atzemandako arazoari konponbidea emateko zein egunetan eta ordutegian atera daitezkeen hondakinak gogorarazteko informazioa ere emango da kanpaina honen baitan.

Era berean, merkataritza-sektoreak kartoiak biltzeko egungo sistemaren inguruan ere zalantzak dituela ikusita, kartoi bilketari buruzko informazio kanpaina ere egingo da.

 

3 helburu horiek modu eraginkorrean lantzeko ekintza zehatzak

Tamaina handiko hondakinak zein kartoi komertziala bereizita biltzeko sistemaren inguruko argibideak emango dituen informazio-euskarria banatuko da etxebizitza guztietara eta merkataritza saltokietara.

Ingurumen hezitzaileak kartoi komertziala sortzen duten saltokietara bisitak egingo dituzte egungo bilketa-sistemaren berri emateko eta kalean ere egongo dira, bereziki puntu gatazkatsuenetan, herritarrei informazioa ematen.

Kanpaina honetatik kanpo, txakur gorotzen arazoari ere eutsi nahi izan dio Udalak eta gutuna bidaliko zaie txakur jabe guztiei arautegia gogorarazteko. Txakur jabeen ardura baita animalien gorotzak biltzea. Indarrean dagoen ordenantza betetzen ez bada isunak jarriko ditu Udalak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA