- Bertako natura-ondarea ezagutzeko ibilaldiak, energia berriztagarrien inguruko hitzaldia, ekologia gaien inguruko zinema saioak etab. egongo dira ekainean Tolosan.
- Ekintzetan parte hartzeko izena eman behar da tolosakoingurumenzentroa@gmail.com helbidera idatziz edo 688 727 983 telefonora deituz.
Ekainaren 5ean, larunbata, ospatuko da Ingurumenaren Mundu Eguna, eta Nazio Batuen Erakundeak ekosistemak leheneratzeko deia egin du “Berimaginatu, birsortu, leheneratu” lelopean, ingurumenaren degradazioa geldiarazi, murriztu eta lehengoratzeko. Tolosako Udalak bat egiten du nazioarteko egun honekin eta ingurumena babestearen aldeko pausuak ematen jarraitzen du.
Ekosistemen degradazioaren arrazoiak ugariak eta askotarikoak dira, eta eraginak ere oso desberdinak izan daitezke. Horregatik, edonork jar ditzake martxan zaharberritze-ekimenak. Ekosistemen leheneratzea da hondatu edo suntsitu diren ekosistemak berreskuratzen laguntzea, eta baita oraindik bere horretan jarraitzen dutenak kontserbatzea ere.
Hori horrela, Tolosako Udalak eta Tolosako Ingurumen Zentroak ingurumena babesteko eta herritarren kontzientziazioa areagotzeko hainbat ekintza antolatu dituzte ekainean:
- Ekainak 2, asteazkena. Amarotzeko urmaelera bisita gidatua.
Atzo egin zen Amarotzeko basora eta urmaelera bisita gidatua Aranzadiko Ion Garin herpetologoarekin, eta bertaratu zen taldea oso gustura geratu zen. Ordubeteko bisita ia bi ordura luzatu zen, eta bertako biodibertsitatearen inguruko lanketa egin zuten. Putzuko lehen biztanleak agertzen ari dira dagoeneko, eta euri gehiago egiten duen heinean, igel gorriak, burruntziak eta sorgin-orratzak agertzea espero da.
- Ekainak 6, igandea. San Esteban – Dama Iturri ibilbide gidatua.
Tolosatzen prozesuan, Eskola Irekia eta Keinu Txikien Aliantza proiektuetan, ekaina ingurumenaren eta klimaren inguruko kontzientziazioa bultzatzeko hilabetea da. Horregatik, Tolosatzen Eskola Irekiaren baitan antolatu da ekintza hau, eta lurraldearen ezagutza sustatzea du helburu. Alberto Luengo biologoak gidatuko du ibilaldia, eta ibilbideak osatzen duen “korridore ekologiko”-aren 6 kilometroetan zehar aurki daitezkeen landare eta animalien ekosistemak azalduko ditu ibilaldian zehar. Oria ibaitik hasi eta Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuraino doan gunean sartzen da ibilbidea. Elkargunea Txorre baserrian izango da, 10:00etan.
- Ekainak 8, asteartea. Hitzaldi-tailerra: “Energia berriztagarriak – plaka fotovoltaikoak etxe komunitateetan”.
Tolosako Udala eraikin publikoetan eguzki-panelak ipintzen hasi da aurten, energia berriztagarrien eta trantsizio energetikoaren aldeko apustua eginez. Gai honen inguruko ezagutza herritarrei helarazteko, hitzaldia antolatu du Udalak ekainaren 8an, 18:30etan Udal pleno aretoan. Pello Insausti, energiaren eraginkortasunaren kudeaketan adituak emango du informazio tailerra, eta gehienbat bizilagun komunitateei bideratua egongo da, etxebizitza kolektiboetan instalazio fotovoltaikoak egiteko kontuan hartu beharreko gaien inguruan mintzatzeko.
- Ekainak 13, igandea. “Sasien gainetik, hodeien azpitik” ibilbidea Uzturre magaleko hariztira.
Ekimen hau ere Tolosatzen Eskola Irekiaren baitan antolatu da. 7 urte igaro dira Tolosako Udalak Uzturreko magaleko herri sailetan pinudia kendu eta zuhaitz autoktonoak landatu zituenetik. Landaketa Naturtzaindiako Jon Zulaikarekin egin zen, Zuhaitz Egunean, Tolosako ikastetxeetako ikasleekin. Ekainaren 13an, Jon Zulaikak berak gidatuko du ibilbidea, eta Tolosako baso-berritze naturalaren prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute tolosarrek, baita bertan hazten ari diren zuhaitz eta zuhaixken espezieen inguruan gehiago jakiteko ere. Ibilaldia goizeko 10:00etan abiatuko da Samaniego aparkalekutik.
- Ekainak 22, asteartea. “Balearen begia” dokumentala, erakusketa eta solasaldia.
Zinema, ekologia eta arte garaikidea uztartzen dituen ikus-entzunezko proiektu experimentala da Balearen Begia, eta Leidorren egongo da ekainaren 22an, 19:00etan. Lehenik “Balearen Begia” film laburra proiektatuko da euskaraz, gaztelaniazko azpitituluekin, eta ondoren, solasaldia egingo da Amaia San Sebastian eta Cesare Maglioni, filmaren zuzendariekin. Aste horretan, baita ere, Joseba Mercader artista tolosarraren lanaren erakusketa egongo da Leidorreko sarreran.
Ekintza guztietan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da tolosakoingurumenzentroa@gmail.com helbidera idatziz edo 688 727 983 telefonora deituz.