Lanbide Heziketen eskualdeko I. Foroa gauzatu da Eskola Agenda 21 ekimenaren baitan

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/04/17 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Aurtengo gaia Lurzorua izanik, ikasleek urtean zehar egindako lanen aurkezpena egin zuten, eskualdea hobetzen saiatzeko asmoz konpromisoak hartu eta proposamenak eginaz.
  • Egindako proposamenen artean honakoak daude besteak beste: udalek lorezaintzan eta garbiketan produktu ekologikoak erabiltzea, hutsak edo zaharkituak dauden eraikuntzak eraberritzea berriak eraiki beharrean eta udalek Lanbide Heziketako zentroengana jotzea erronka txikietan laguntzeko.
  • 380 ikasletik gora Tolosaldeko IV. Lanbide Heziketa Azokan. Balorazio oso positiboa gauzatu dute antolakuntzatik. V. edizioa antolatzeko lehen zimenduak ezartzen hasiak dira jada.

Tolosaldea Eskola Agenda 21 proiektuaren barruan egin ohi den udal foroen antzera, aurten lehen aldiz, apirilaren 12an, Lanbide Heziketen eskualdeko Foroa gauzatu zen Lehiberrin Tolosa eta Tolosaldeako EA21eko koordinatzaileen gidaritzapean.

Foro hau, Lanbide Heziketek zituzten beharrei erantzuten saiatzeko sortu da. Aurtengo gaia Lurzorua izanik, ohikoa den moduan, ikasleek urtean zehar egindako lanen aurkezpena egin zuten, eskualdea hobetzen saiatzeko asmoz konpromisoak hartu eta proposamenak eginaz.

Parte hartu duten Lanbide Heziketako zentroak honakoak izan dira: Fraisoro (Zizurkil), Inmakulada (Tolosa), Peñascal (Tolosa) eta Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua (Tolosa).

Foroa eskualde mailakoa izan zen eta Tolosaldea Garatzen eskualdeko garapen agentzia kokatzen den Lehiberri zentroan egin zen. Bertan izan ziren Jose Luis Urdangarin eta Garbiñe Mendizabal, erakundearen gerentea eta teknikaria, eta euren bitartez foroaren emaitzak eskualdeko herri guztiei helarazi zaizkie, euren udal-politiketan kontuan har ditzaten. INGURUGELA-Ingurumen Hezkuntzarako Zerbitzuaren zuzendaria eta eskualdeko koordinatzailea ere egon dira, EA21 programa lantzen duten udalerrien ordezkariekin eta zentroetako irakasle eta ikasleekin batera.

Egindako proposamenen artean honakoak daude besteak beste: udalek lorezaintzan eta garbiketan produktu ekologikoak erabiltzea, hutsak edo zaharkituak dauden eraikuntzak eraberritzea berriak eraiki beharrean eta udalek Lanbide Heziketako zentroengana jotzea erronka txikietan laguntzeko.

Olatz Peon Ormazabal Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak “oso garrantzitsutzat” jo ditu ikasleen proposamenak eta eskertu du hartutako konpromisoa eta egindako lan oparoa. Foro hau ikasturteka egitea da asmoa.

380 ikasletik gora Tolosaldeko IV. Lanbide Heziketa Azokan

Balorazio oso positiboa gauzatu dute Tolosaldeko Lanbide Heziketa Azokaren antolakuntzatik. Guztira 9 ikastetxetako 380 ikasle bertaratu ziren ikasketa zentruei zuzendutako saioan: gizonezkoak 218 eta emakumezkoak 162. Horrez gain, beste hainbat eta hainbat herritar ere bertaratu ziren azokara.

Balioan jarri dute Lanbide Heziketa ikastetxeen prestakuntza gizarteratzeko lortzen ari den erreferentzialtasuna, ikastetxeen arteko elkarlana eta eskaintza bateratua aurkeztea edota ikasleen parte hartze zuzena eta esperientzia ezberdinak azaltzeko ematen duen aukera. Gainera, urtez urte jarduera berriak antolatzen dira: aurtengoan kafe tertulia arrakastatsua. V. Lanbide Heziketa antolatzeko lehen zimenduak ezartzen hasiak dira jada.

Antolakuntza: Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua, Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastola, Fraisoro Eskola, Don Bosco paper eskola, Peñascal Kooperatiba, Tolosako Udala, Tolosaldea Garatzen, Ataria, Laneki eta Galtzaundi.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA