-
Herritarrak kontzientziatzeaz eta sentsibilizatzeaz gain, herritarrak Tolosako bizitzan inplikatzea lortu nahi da. Bihartik martxoaren 18ra bitartean Uraren Astea egingo da, eta martxoaren 22tik 28ra Asteklima.
Naturaren eta klimaren egoeraz kontzientzia hartzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko hainbat ekintza egingo ditu Tolosako Udaleko Ingurumen sailak martxoan zehar. Bi data zehatzen inguruan oinarritutako ekintzak dira: Uraren Nazioarteko Eguna eta Asteklima.
Martxoaren 22an da Uraren Nazioarteko Eguna, eta horren aitzakian erakusketa bat, erreka garbiketa eta espeleologia irteera bat egingo dira, Nazio Batuak milurteko honetarako zehaztu dituen helburuekin bat eginez. Azken urteetan Tolosako ibaietako uraren kalitatea asko hobetu bada ere, ibaien ertzek plastikoz beteta jarraitzen dute, eta hori aldatzea ezinbestekoa da. Horregatik, plastikoen erabileran eta horiek ingurumenean duten eraginaz hausnartu behar da. Ibaien egoera ekologikoa hobetzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko helburua dute Tolosako Udalak antolatu dituen ekintzek.
‘Ura eta natura’ argazki erakusketak horretarako bide izan nahi du. Hiru ataletan banatuta dago: ura protagonista duten argazkiak, euskal natur eremuetako argazkiak eta Tolosaldeako eremu naturalen informazioa eta argazkiak. Ura eta natura ataletako argazkiak Kaiko argazkilari valentziarrarenak dira, eta Tolosaldekoak Iñaki Alonso herritarrarenak. Biodibertsitatea ezagutzera eman eta honen hauskortasunaz eta sufritzen dituen arazoez kontzientzia hartzera bultzatuko ditu bisitariak.
Oria ibaiaren garbiketa
Azken urteetan egin den moduan, aurten ere Oria ibaia elkarlanean garbitzeko deialdia egingo da. Martxoaren 28an izango da, larunbata. Beste urtetan bezala, ibaiarekin lotura zuzena duten herriko hainbat elkartek eta boluntariok parte hartuko dute ibaiaren garbiketan: TAK arraun elkarteak, Zumardi Elkarteak, Arrantzale taldeak, Tolosako Babes Zibilak eta iazko garbiketan parte hartu zuen Forest elkartekideek.
Martxoaren 28ko deialdia irekia da, eta edonork parte hartu dezake. 11:00etan hasiko dira ibaia garbitzen, Zerkausiko ontziralekuan. Berazubiko inguruetaraino arteko tartea garbituko da.
Bestalde, Tolosako Herrikide, Laskorain eta Orixe ikastetxeetako DBHko 300 ikasle inguruk parte hartuko dute erreka garbiketan, martxoaren 16tik 18ra bitartean. Zerkaustik Usabalera arteko hainbat eremutan eta Santa Maria elizaren atzealdean arituko dira. Ikastetxeek modu berezian baloratzen dute ekintza hau, gazteen heziketan duen eragin positiboa azpimarratuz.
Garbiketarako materiala banatuko da eta ibaitik ateratako hondakinak biltzeko edukiontziak jarriko dira hainbat puntutan. Ibaitik ateratako hondakinak herritarren bistan jarriko dira herriko gune ezberdinetan.
Espeleologia irteera
Uraren Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako ekintzen artean dago, baita ere, martxoaren 15erako Akerbeltz-Amarozko Mendi Elkartearekin elkarlanean antolatutako espeleologia irteera. Ibaiaz harago, eta ura ibaia baino gehiago dela balioan jartzeko, bestelako ur biltegi naturalak ezagutzeko, Mendikute kobazulora egingo da irteera. Partaide kopurua mugatuta egongo da, eta parte hartzeko derrigorrezkoa izango da 10 urte beteta izatea. Parte hartzaile bakoitzak kaskoa eta linternak eraman beharko ditu. Martxoaren 15ean Urkizuko pilotalekuaren ondoan elkartuko dira parte hartzaileak, 09:30ean, eta hiru ordu inguruko irteera izango da. Irteeran parte hartu nahi dutenek 688 727983 telefonoan edo tolosakoingurumenzentroa@gmail.com korreoan eman behar dute izena.
Asteklima
Azken urteetan klimaren egoerak okerrera egin du, eta ondorioak antzematen hasi dira dagoeneko. Horri aurre egiteko ezinbestekoa da norbanakoaren egunerokotasunean hainbat aldaketa sakon egitea. Lehenbailehen erantzun beharreko erronka da, eta Tolosako Udalak aldaketa klimatikoari aurre egiteko hartutako konpromisoari helduta, hainbat ekintza egingo dira datozen asteetan Tolosan.
Horretarako, martxoaren 22tik 28ra bitartean egingo den Asteklima Euskadiko Klima Aldaketaren Astearekin bat egin du udalak. Bi ekintza egingo dira herritarrak klima aldaketari aurre egiteko konpromisoa hartzera animatzeko.
Martxoaren 24an kontsumo jasangarria sustatzeko aholkuak emango ditu Gorka Egia adituak. Lur planetak ingurumen arloan dauzkan erronken berri emango du ura, energia, zaborrak, mugikortasuna eta kontsumo arduratsua ardatz hartuta. Hitzaldia Kultur Etxeko areto nagusian izango da, 18:30etan hasita.
Martxoaren 27an, berriz, ‘Ipar Poloa salbatzera goaz!’ klima aldaketaren ezagutzan sakontzeko 6 eta 12 urte arteko haurrei zuzendutako jolas kooperatiboak egingo dira Zerkausian, 18:30ean hasita. Bestalde, egun osoan zehar, berreskuratutako diskoen eta liburuen azoka egingo du Trianguloan (eguraldi txarra egiten badu Zerkausian) Kaleko Elkartasun eta Kultur Elkarteak.
Ekintzen zerrenda:
-
Martxoak 6 – apirilak 5: ‘Ura eta Natura’ argazki erakusketa Aranburu jauregian.
-
Martxoak 15: Espeleologia irteera. 09:30ean Urkizuko pilotalekuaren ondoan. (Aurretik izena eman behar da)
-
Martxoak 16-17-18: Oria ibaiaren garbiketa ikastetxeekin.
-
Martxoak 24: Kontsumo arduratsuari sustatzeko aholkuen inguruko hitzaldia. 18:30etan Kultur Etxean.
-
Martxoak 27: ‘Ipar Poloa salbatzera goaz!’ jolas kooperatiboak, 18:30ean, Zerkausian eta berreskuratutako diskoen eta liburuen azoka egun osoan zehar Trianguloan (txarra bada Zerkausian).
-
Martxoak 28: Oria ibaiaren garbiketa. 11:00etan, Zerkausiko ontziralekuan.