Oria ibaia garbitzeko lanak ikastetxeekin eta Zehar-eko errefuxiatuekin elkarlanean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/03/17 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Datozen asteetan martxoa amaitu bitartean egingo dira erreka garbitzeko lanak eta lan horiekin batera, edukiontziak berritu eta baranden azpialdean sareak jarriko dira.

  • Patxi Amantegi, ingurumen zinegotzia: “herritarren inplikazioa funtsezkoa da Oria ibaia osasuntsu eta garbi mantentzeko. Guztion ardura da. Kontzientziazioan dago gakoa aurrerapausoak emateko”.

 

 

Aurten ere Tolosako Udalak Oria ibaia garbi mantentzeko lanak eta herritarrak inplikatu eta kontzientziatzeko ekimenak gauzatuko ditu. Izan ere, zoritxarrez, gero eta ohikoagoa bilakatzen ari baita ibaiertzak plastikoz eta hondakinez beteta ikustea. Hondakin horiek paisaia itsusitzeaz gain, uraren kalitatea eta bertako ekosistema kaltetzen dute. Ibaiak kutsatzeaz gainera, plastikoak itsasora iristen dira gure osasunaren eta ingurumeneraren kaltetan. Horregatik, aurten ere ekimen ezberdinak aurreikusi dira Uraren Nazioarteko Eguna dela eta (martxoak 22).

2020 urtean, esaterako, Olarrain eta Pisuagan egin ziren garbiketa lanak eta boluntarioekin herri-erdiguneko eremuan eskuhartu zen. Era berean, lurreko zaborrak errekara ez erortzeko Foruen etorbideko zubian sareak jarri ziren.

Iaz berriz, udalaren ohiko lanez gain, Arrantza Federazioarekin batera garbiketa lanak egin ziren Napar zubitik Zuloagaraino eta herritarrak kontzientziatzeko kanpaina egin zen estolda zuloetan “Itsasoa hemen hasten da” mezuak jarrita. Lan horiek guztiek jarraipena izango dute aurten ere.

Garbiketa lanak, edukiontzi berriak eta sareak barandetan, Oria ibaia garbi mantentzeko

Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak azpimarratu du herritarren inplikazioa funtsezkoa dela Oria ibaia osasuntsu eta garbi mantentzeko. “Guztion ardura da ibaia garbi mantentzea eta kontzientziazioan dago gakoa aurrerapausoak emateko”. Gauzak horrela, hainbat ekimen aurreikusi ditu Tolosako Udalak datozen asteetarako.

Aurten ikastetxeekin eta Zehar-eko errefuxiatuen talde batekin elkarlanean gauzatuko dira garbiketa lanak. Bestalde, herriko elkarte ezberdinak ere inplikatuko dira, esaterako Zumardia elkartea. Garbiketa lanak atzo hasi ziren eta martxoa amaitu bitartean egingo dira.

Zehar-ekin hitzarmena sinatu du Udalak erreka garbiketa lanak gauzatzeko eta ikastetxeekin, zehazki, martxoaren 21, 22 eta 24ean egingo dira garbiketa saioak. Aurreko urteetan egin den moduan Tolosako 3 ikastetxeek parte hartuko dute: Herrikide, Laskorain eta Orixek. Guztira DBHko 300 ikasle inguru arituko dira ibaiaren garbiketak egiten. Ekimen hau Eskola Agenda 2030 proiektuaren baitan kokatuta dago.

2020. urtean abiatutako ekimenari jarraipena emanez, Berazubiko zubian eta Euskaldunberrien oinezko zubian baranden azpialdean sareak jarriko dira lurreko zaborrak errekara ez erortzeko.

Azkenik, plastikoak dira hein handi batean ibaian agertzen diren hondakin nagusiak. Horregatik, edukiontziak berritu egingo dira, estalkia izango dute eta ibaitik urrutiago kokatuko dira, herritarrek hondakinak edukiontzietan botatzeaz gain, zaborrontzietako hondakinak haizeak altxatu ez ditzan eta ibaira erori ez daitezen. Helburua da ibaira iristen den plastiko kopurua nabarmen murriztea.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA