Oria ibaiaren garbiketan burututako auzolanari esker 13m3 plastiko gutxiago iritsiko dira itsasora

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/03/27 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Guztira 950 kilo hondakin atera dira. Duela hiru urte jarri zuen abian Udalak ibaiaren garbiketa gauzatzeko ekimena. Lehen urtean, 2005etik ibaiaren garbiketa egin gabe zegoela, hondakin asko eta bolumen handikoak atera ziren; aurten, iaz bezala, gehienak plastikoak izan dira; bazeuden ere oihalak, aterkiak, trafiko seinaleak edota erosketa karroak.
  • Patxi Amantegi, Ingurumen zinegotziak, balantze “oso positiboa” gauzatu du eta azpimarratu eta eskertu du herritar bolondresen zein era batera edo bestera parte izan diren eragile eta elkarte guztien partetik jasotako inplikazioa eta egindako esfortzua.
  • Behin garbiketa burututa, Tolosako Udalak ibaiaren garbiketekin jarraituko du, baina prebentzio neurriak ere hartu direla nabarmendu du Amantegik: “aztertzen ari gara, ibaira iristen diren plastikoak ekiditeko, Oriaren ertzean dauden paperontziak lekuz aldatu edota tapa jartzea, plastikoak ihes egin ez dezaten. Bestalde aztertzen ari gara ere sare moduko batzuk jartzea zubietan eta erreka bazterretan, kalean botatzen diren plastikoak ibaian ez bukatzeko”.
  • Argazki galeria.

Martxoaren 22ko Uraren Nazioarteko Egunaren ingurumarian, Udalak, Tolosako Ingurumen Zentroarekin lankidetzan, Oria Ibaiaren garbiketa gauzatu du, ikastetxe eta elkarte desberdinen parte-hartzearekin.

Aste-egunetan Laskorain ikastolako, Herrikide ikastetxeko eta Orixe Institutuko 310 ikasle aritu dira, udal teknikarien laguntzarekin, garbiketa burutzen. Larunbatean, berriz, herritar orori zabalik zegoen garbiketa deitu zen. Guztira 80 pertsona inguruk hartu zuten parte: herritar bolondres ugari eta ibaiarekin lotura estua duten hainbat elkarte, hala nola, TAK Tolosako Arraun Elkartea, Tolosaldeko Arrantzale Elkartea, Zumardi Elkartea, Babes Zibila eta Forest elkartea. Garbiketako materiala banatu zuen Udalak parte-hartzaile guztien artean eta uneoro teknikarien laguntza izan zuten.

Guztira 13 metro kubiko hartzen duten 950 kilo hondakin atera dira. Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak adierazitakoaren arabera “aurten gehienak plastikoak izan dira; bazeuden ere oihalak, aterkiak, trafiko seinaleak eta 3 erosketa karro. Duela hiru urte ekimena abian jarri genuenean, uste baino hondakin gehiago eta bolumen handiagokoak atera genituen, baina 2005etik ez zen tamaina honetako garbiketarik egin. Garbiketa hiru urtez jarraian egitearekin, nabari da aurreko urteetan egindako lana. Balantzea oso positiboa da”.

Amantegiren arabera, lan "oso txukuna eta gogotsua" gauzatu dute herritar guztiek: "pozgarria da Oria ibaiaren garbiketan tolosarrak horrela konprometituta ikustea, ibaiak tolosarrontzat duen garrantziaz jakitun. Uraren kalitatea ona da, baina ibaiak badu hobetzeko margina, ibaia ez baita ura bakarrik. Hausnartu behar dugu plastikoez egiten dugu erabileraren inguruan. Material ez biodegradagarri hau izugarrizko kaltea eragiten ari da ingurugiroan, gehienbat itsasoan. Kontsumoko produktuak biltzeko badaude beste material batzuk, papera, kartoia edo poltsa konpostagarriak, oso erraz birziklatu daitezkeenak eta biodegragarriak direnak". Zinegotziaren esanetan, kontzientziazioan jarri nahi izan dute fokoa: “balio bikoitza lortu dugu garbiketa honekin: ibaia oso garbi geratzea, eta ibaiarekiko hezkidetzan aurrerapausu bat ematea”.

Ingurumen zinegotziak azpimarratu du herritar bolondresen, ikastetxeen, TAK Tolosako Arraun Elkartearen, Zumardi Elkartearen, Babes Zibilaren, Forest Elkartearen eta era batera edo bestera parte izan diren guztien partetik jasotako inplikazioa eta egindako esfortzua.

Behin garbiketa burututa, Tolosako Udalak ibaiaren zaintzarekin jarraituko du, baina prebentzio neurriak ere hartuko direla nabarmendu du Amantegik: “aztertzen ari gara, ibaira iristen diren plastikoak ekiditeko, Oriaren ertzean dauden paperontziak lekuz aldatu edota tapa jartzea, plastikoak ihes egin ez dezaten. Bestalde aztertzen ari gara ere sare moduko batzuk jartzea zubietan eta erreka bazterretan, kalean botatzen diren plastikoak ibaian ez bukatzeko”.

Tolosatzen prozesuaren baitan ere, 2017-27 Tolosako Plangintza Estrategikoan, Oria ibaia herriari begira jarri behar dela ondorioztatu zen, Oria ibaiak eskaintzen dituen aukera eta erabilera ezberdinak sustatuz. Ibaien egoera hobera egin duenez, gero eta erabiltzaile gehiago ditu, eta Amantegiren iritziz eta "denok inplikatu behar gara berau garbi mantentzen".

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA