Tolosako ikasleek zuhaitz landaketa egin dute Larramendi auzoko haur parkearen inguruan

Tolosako Udala
2021/03/04 | Ingurumena
  • LH5eko 75 ikaslek hainbat zuhaixka landatu dituzte herriko ikasle guztien izenean.
  • Ekimenaren bidez, herritar gazteenak naturarekin duten lotura indartu nahi da, baita zuhaitz, baso eta berdeguneekiko heziketa eta sentsibilizazioa bultzatu ere.

Gaur goizeko 9:30etatik 11:45etara egin dute zuhaitz landaketa Tolosako ikasleek Larramendi auzoko haur parkearen inguruan. Hiru taldetan banatu dira ikasleak landaketarako. Tolosako Udalak eta Ingurumen Zentroak urtero egiten dute ekimen hau herriko ikastetxeekin batera Eskola Agenda 2030en baitan, herri eredu jasangarriago bat sustatzeko.

Eskolak txandakatu egiten dira landaketa egiteko, eta aurten Samaniegoko 5. Mailako 75 ikasle inguruk hartu dute parte, Goroldi taldeko adituen laguntzarekin. Parte hartu duten ikasleek lore bana eraman dute etxera. Gainerako ikasleek, zuhaitzek ematen dizkiguten onurak lantzeko fitxa eta familian eta lagun artean naturan gozatzeko proposamenak jasoko dituzte.

Alde eguteran, lagestromemia espezietako zuhaitzak eta arrosak landatu dira. Lagestromemiak irailean loratzen den lore lila bat izaten du eta gehienez ere 2,5 m-ko altuera hartzen dute. Alde laiotzean, berriz, Acer palmatum zuhaitzak, udazkenean kolore politekin jazten den astigar barietatea, eta Anabelle hortensiak landatu dira.

Berdeguneekiko heziketa sustatzeko landaketa

Herria apaintzeaz gain, helburu didaktikoa du zuhaitz landaketak. Herritar gazteenak naturarekin duten lotura indartu nahi da, baita zuhaitz, baso eta berdeguneekiko heziketa eta sentsibilizazioa bultzatu ere.

Ekintza txikien bidez munduan aldaketa sortu daitekeela ikusarazi nahi zaie gazteei. Gure planetan gertatzen ari diren deforestazioak gelditzeaz gain, milioika zuhaitz landatu beharko genituzte planetaren tenperaturak eta euriteak orekatu eta biodibertsitatea berreskuratzeko. Lan handia dago egiteko, baina gure inguruan ekintza txikiak eginez aurrerapausoak eman ditzakegu neurri batean.