- 7 ikastetxe izan dira buru-belarri lanean aritu direnak: Samaniego, Orixe, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua, Laskorain, Herrikide, Inmakulada ikastetxea eta Peñascal zentroa. Guztira 4.700 ikaslek hartu dute parte.
- Ikasleek Udalari hainbat proposamen egin dizkiote eta beraiek ere lurzoruaren egoera hobetzeko hainbat konpromiso hartu dituzte.
Badira 17 urte Eskola Agenda 21 abian jarri zenetik Tolosan, 2003. urtean ekin zitzaion proiektuari, eta ordutik, Tolosako Ingurumen Zentroak (TIZ) koordinatzen duen egitasmo honen bitartez, garapen jasangarriarekiko konpromisoak ikastetxeetara hurbiltzea lortu da. Hezkuntza-programa honek aukera ematen du ikuspegi lokala garatzeko eta hezkuntza-komunitateak hiri-bizimoduan parte hartzea laguntzeko.
Hori oinarri, aurten 7 ikastetxe izan dira buru-belarri lanean aritu direnak: Samaniego, Orixe, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua, Laskorain, Herrikide, Inmakulada ikastetxea eta Peñascal zentroa. Horien artean maila eta adin desberdinetako ikasleak batzen dituzte, haur hezkuntzatik hasita batxiler eta lanbide heziketa arte. Guztira, 4.700 ikaslek hartu dute parte.
Urtero, ingurumenarekin erlazionaturiko gai bat aukeratzen da: mugikortasuna, energia, ekitate gabezia, hondakinak, elikadura, ura, klima aldaketa edota biodibertsitatea izan dira, besteak beste, proiektu honen barruan landu izan diren gaiak; aurten, lurzorua izan dute hizpide. Irakasleen, ikastetxeetako gainerako langileen, Udaleko arlo ezberdinetako teknikarien, gurasoen eta herritarren inplikazioa eta laguntza jaso dute ikasleek urteko lanketan.
Gaira hurbiltzeko eta lantzeko jarduera desberdinak jorratu dituzte ikasleek. Lehenik eta behin, beraien ikastetxearen egoera aztertu dute, bertatik ateratako ondorioak abiapuntutzat hartuz, ikastetxeetako ekintza-planak definitzeko. Ondoren, hiriaren egoera aztertzeko asmoz, kale-ikerketak egin dituzte. Lana laburbiltzeko, ikastetxeen arteko batzarra egin dute, ikastetxeek lurzoruari dagokionez hartutako konpromisoak eta Udalari zuzendutako proposamenak adosteko.
Proposamen hauek aurkezteko, Eskolako Agenda 21aren Udal Foroa burutu da: ikastetxe desberdinetako ikasleen ordezkariak udal ordezkariekin batu dira, Tolosa jasangarriago bat lortzeko eman daitezken pausoak eta har daitezken neurriak adosteko. Patxi Amantegi Ingurumen zinegotzia eta Iñigo Muñoz Ingurumen teknikaria izan dira bertan.
Ikasleek Udalari egindako proposamenak honakoak izan dira: eremu berde gehiago eta etxe gutxiago eraikitzea, leku egokiak prestatzea baratzak ezartzeko, lurzorua zaintzen duten enpresei sariak eta diru laguntzak ematea eta larunbateko azoka mantentzea edota berdegune gehiago jartzea herrian. Baita bidegorriak hobetu eta zabaltzea eta herrian hutsik dauden etxebizitzak alokatzeko erraztasunak ematea ere. Azpimarratu dute, era berean, ibai ertzen oinezkoen eremuetan hondakinak sailkatzeko edukiontziak jartzeko beharra, eta herritarrei zuzenduriko sentsibilizazio saioak antolatzea, gaiaz ohartarazi eta ezagutza bultzatzeko. Baita auzolanak antolatzea ere inguru naturalen kontserbaziorako.
Patxi Amantegik adierazi duenez, hainbat ekintza jada burutzen dira, esaterako, ibai ertzen garbiketak, auzolandegiak... ikasleen hainbat eskaera bideratzeko, baina horiek osatze aldera, proposamenetako hainbat barneratuko dituzte. “Bidegorrien kasuan, egun Udala Mugikortasun Plan berri bat lantzen ari da eta bertan aztertuko da eskakizuna. Etxebizitzen gaiari lotuta, egun hutsik dauden etxebizitzak alokairuan jartzeko laguntzak bideratzen ditu Udalak”. Banan-banan xehetasun ororekin erantzun ditu alkateordeak gaztetxoen proposamen guztiak: “zuek egindako iradokizunak jasota geratzen dira eta harremanetan jarraituko dugu mugikortasun jasangarriaren bidean zuen iritzia kontuan hartzeko”.
Gaztetxoek ere hainbat konpromiso hartu dituzte: landareak, belardiak eta zuhaitzak zaintzea; zakarrik ez botatzea; zabor gutxiago sortzea plastikoaren erabilpena murriztuz; hondakinak ondo sailkatzea; elikagai naturalak kontsumitzea prozesatuen ordez; eta eskoletan erabiltzen ez dituzten eremu berdeak berreskuratu eta erabiltzea.