Tolosako Udalak hainbat ekintza antolatu ditu Hondakinak Prebenitzeko Europako Asteari begira

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/11/18 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Aurtengo gaiaren harira, “hondakin ikusezinak!”, hainbat ekimen antolatu ditu Udalak, herritarrak kontzientziatzeko helburuarekin: moda jasangarriaren inguruko Karelia erakusketa eta azoka solidarioa.

  • Azaroaren 21etik 29ra ospatzen da Europa osoan Hondakinen Prebentziorako Europako Astea. Helburu du hondakinen prebentzioa eta kudeaketa jasangarria sustatzea.

 

 

Tolosako Udala azaroaren 21etik 29ra ospatzen den Hondakinen Prebentziorako Europako Astera batu da eta hainbat ekimen antolatu ditu. Helburua da hondakinen kudeaketa jasangarria sustatzea eta hondakinak murriztea lortzea.

Aurtengo gaia “hondakin ikusezinak!” da. Produktuak fabrikatzeko prozesuan sortutako hondakinak dira, normalean kopuru handitan sortzen direnak. Hauen zati bat ezin daiteke birziklatu eta zabortegietan eta erraustegietan amaitzen dute. Hondakinen aztarnarekin batera, CO2 inpaktu handia sortzen dute. Ekoizpena eta kontsumoa jasangarria izan dadin, produktuek bizitza luzeagoa izan behar dute, konpontzeko eta birziklatzeko errazagoak izan behar dute. Produktuaren balio-bizitza handitzeak ekoizpen berri baten beharra murrizten du, eta ondorioz, fabrikazioan sortzen diren hondakinen kopurua ere jaitsi egiten da.

 

Jasangarritasuna sustatzeko ekintzak

Tolosako Udalak herritarrak jasangarritasunaren inguruan kontzientziatzeko, hainbat ekintza antolatu ditu. Karelia erakusketa antolatu du azaroaren 20tik urtarrilaren 9ra arte Tolosako Aranburu Jauregian. Ehungintza da planetan eragin handiena duen sektore ekonomikoetako bat, ekoizpenean, kontsumoan eta hondakinetan. Horregatik, Tytti Thusberg moda iraunkorraren sortzaile eta diseinatzaile finlandiarrak iraunkortasuna, kontsumo jasangarria eta ekonomia zirkularra bateratzen ditu erakusketan.

Diseinatzailearekin erakusketaren bisita gidatua egiteko aukera egongo da azaroaren 30ean eta abenduaren 14an, 18:00etatik 20:00etara. Bere obra azalduko du eta lanak egiteko erabilitako teknika ezagutu ahal izango da. Saio hauetan parte hartzeko izena eman behar da aurrez tolosakoingurumenzentroa@gmail.com helbidean, eta plazak mugatuak izango dira.

Azaroaren 26 eta 27an, berriz, Azoka Solidarioa taldea Trianguloan egongo da egun osoz garbiguneetatik errekuperatzen dituzten liburu, CD eta bestelakoak saltzen. Lortzen duten dirua proiektu sozialetara bideratuko da.


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA