Tolosako Udalak jasangarritasun energetikoaren aldeko apustua berretsi eta etorkizuneko lan ildoak zehaztu ditu

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/02/01 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • 2023an 469.000 euroko inbertsioa bideratu du trantsizio energetikoaren alde urratsak ematen jarraitzeko. Horretarako, udal eraikinetako argiak zein kale argiteria LED teknologiadunera pasako ditu eta eguzki plakak jarriko ditu Ferialekuan eta Emeterio Arresen eta Gorosabeleko eraikinean ere eguzki plakak jartzeko proiektua egingo du.
  • Etorkizunera begira, halaber, eraikinen zein argiteria publikoaren kontsumo energetikoa murrizteko neurriak hartzen eta sorkuntza berriztagarria sustatzen jarraituko du, Tolosa jasangarriago bat eraikitzeko.

 

Tolosako Udalak jasangarritasunaren eta energia eraginkortasunaren alde dihardu lanean eta apustu horri helduta, azken urteotan urrats garrantzitsuak eman ditu alor horretan: eguzki panelak jarri ditu Ferialekuan udal eraikinak energia berriztagarri bidez hornitzeko, elektromugikortasuna sustatu du udalaren flotan auto elektrikoekin, Hiribus elektrikoa ere martxan jarri du, hainbat energia auditoretza egin ditu, argiteria publikoan led argiak jarri ditu eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko tokiko plana ere garatu du.

Neurri edota urrats horiek guztiek eragin zuzen eta positiboa izan dute energia kontsumoan. 2019tik 2021erako, esaterako, % 8.5 jaitsi da argiteria publikoaren kontsumoa eta datozen urteotan zifra hori jaisten joatea aurreikusten du Udalak, hartu diren eta hartuko diren neurriei esker. Energia kostuari dagokionez, kontutan hartu behar da momentuko egoera dela eta, argindarrak jasandako igoera, baina, kasu honetan ere, hartutako neurriak eraginkorrak dira, horiek gabe, kostea egungoa baino askoz altuagoa izango litzatekeelako.

2023an ere, trantsizio energetikoaren aldeko apustua berretsiz

Ekindako lanketari jarraipena emango dio Udalak 2023an eta horretarako 469.000 euroko inbertsioa bideratu du aurten trantsizio energetikoaren alde urratsak ematen jarraitzeko. Horri jarraiki, eguzki plaka berriak jarriko dira Ferialekuan eta Emeterio Arresen eta Gorosabeleko eraikinean ere eguzki plakak jartzeko proiektua egingo du.

Gaur gaurkoz, Uzturpeko pilotalekuan eguzki plakak ezartzeko lanketan murgilduta dago Udala, Samaniegoko ikastetxeetan energia berriztagarria izateko, etorkizunera begira Lanbide Eskolan zein Orixen ere erabili ahal izatea aurreikusten dena. Bestetik, aparkaleku publikoetan kotxe elektrikoentzako karga puntuak jartzeko azterketa ere esku artean du Udalak dagoeneko. Gainera, orain arte hiru udal eraikinetan erabili da Ferialekuan dagoeneko instalatuta dauden autokontsumorako plaka fotoboltaikoetan sortutako energia eta 11.203,53 euroko aurrezkia eragin du honek. Datozen urratsen arten energia hori udaletxera, musika eskolara eta haur eskolara ere bideratzea da helburua, autokontsumo maila eta energia errentagarritasuna handitzeko.

Horrekin batera, led teknologiadun argiak jarriko dira zenbait udal eraikinetan eta kale argiteria publikoan, % 100 led izateko kaleko argiteria publikoa.

Etorkizuneko lan-ildoak zehaztuta

Etorkizun jasangarri baten aldeko apustua egiten du Tolosako Udalak eta horregatik, datozen urteei begira ere, orain arteko lanketak jarraipena izango du. Hori horrela, etorkizunera begira, eraikinen kontsumo energetikoa murrizteko neurriak hartzen jarraituko du Udalak, horretarako, besteak beste, berokuntza sistemak berrituz, isolamendua hobetuz, eta udal eraikinetan led argiztapena jartzen jarraituz.

Bestalde, argiteria publikoaren kontsumoa murrizten jarraitzeko, argien %100a led teknologiadunera pasatzeaz gain, telegestio bidezko kontrola ezartzea du helburu Udalak, erabilera baxuko orduetan kontsumoa murrizteko.

Amaitzeko, sorkuntza berriztagarriak areagotzeko urratsak ematen ere jarraituko du. Bide horretan, instalazio fotovoltaiko gehiago jartzearen eta geotermia edo biomasa bezalako berokuntza sistema berriztagarrien aldeko apustua egin du.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA