- Bi hilabete iraungo du kanpainak otsailaren 11n hasita, eta euskarri grafiko zein digitalez gain, bi kale-hezitzaileren laguntza ere izango du Udalak. Bi arlotan jardungo dute: sortzaile berezien eta handiekin bilerak egingo dituzte eta auzoz auzo edukiontzi guneetan herritarrei informatzen ibiliko dira.
- Olatz Peon Ormazabal, alkatea: “hondakin organikoak behar den tokira botatzen ez badira, ezin dira berreskuratu, baliabideak galtzen dira, beste frakzio batzuk kutsatuak suertatu litezke eta, gainera, ekonomikoki % 40 garestiagoa da. Birziklapen-tasa ona dugu, baina kuantitatiboki, eta bereziki kualitatiboki, etengabe hobetzen jarraitzea da gure helburua” azpimarratu du.
- 7,3 milioi kilo hondakin jaso ziren 2018an, Tolosan. Biztanleko ia 375 kg urteko. Horietatik %70a birziklatzen da. Honakoa da sailkapena: errefusa, %31,32; organikoa, %28,38; beira, %11,82; papera, %11,89; ontzi arinak, %11,71; kartoia, %2,68; arropa, %2,04; eta landare olioa, %0,16.
'Tolosa Organikoa %100; sailkatu eta konposta bihurtu'. Horrela dio Udalak 'Zaindu Tolosa' ekimenaren baitan hondakin organikoa egoki bereiztea sustatzeko jaurti duen kanpaina berriak.
Olatz Peon Ormazabal alkateak xehatu ditu kanpainaren nondik norakoak kalean gomendioak ematen ariko diren hezitzaileren laguntzarekin, Karmele Agirre eta Eire Ruizen laguntzarekin.
“Kanpainak helburu du hondakin organikoaren frakzioan plastikoak eta ez dagozkion beste hondakin moten presentzia gutxitzea” – alkateak azaldu duenez-. “Egun Tolosan batzen den hondakinaren ia % 29 da organikoa. Asko bereizten da, baina bere kalitatea hobetzeko marjina dugu; optimizatu egin nahi dugu ahalik eta gehien. Kanpaina honekin sustatu nahi ditugu jardunbide egokiak etxeko eta saltokietako hondakinak bereizteko unean eta gai organikoak edukiontzi marroian botatzeak duen garrantzia nabarmendu. Izan ere, hondakin organikoak behar den tokira botatzen ez badira, ezin dira berreskuratu, baliabideak galtzen dira, eta gainera, beste frakzio batzuk kutsatuak suertatu litezke” azpimarratu du.
Olatz Peon Ormazabalek gaineratu du “konpostatze plantara iristen diren hondakinen artean ezegokien kopurua % 5ekoa baino handiagoa bada, hondakin horiek errefustzat hartzen direla. Beraz, birziklatzeko ezinbestekoa da egoki sailkatzea. Gainera, organikoaren kudeaketa kostua (121,18 euro tonako) errefusarena baino merkeagoa da (173,12 euro tonako). Beraz, egoki sailkatu eta errefusera gutxiago bideratzeak ekonomikoki ere onurak dakarzkio herriari”.
'Tolosa Organikoa % 100' kanpainak bi hilabete iraungo du otsailaren 11n hasita, eta izaera informatzailea izango du: kalean, jendearekin aurrez aurre informatzen arituko dira, baina sare sozialak ere erabiliko dira.
Kanpaina burutzeko bi kale-hezitzaileren laguntza izango du Udalak eta bi arlotan jardungo dute: sortzaile berezien eta handiekin bilerak egingo dituzte, eta auzoz auzo edukiontzi guneetan herritarrei informazioa emango diete. Pertsona hauen funtzioa informatzea, heztea eta laguntzea izango da.
Sortzaile handien artean, jatetxeak, tabernak, elkarte gastronomikoak eta abar daude. Helburua izango da dituzten arazoak mahaigaineratzea eta irtenbideak bilatzea, organikoaren sailkapen egoki egin dezaten.
Auzoz auzoko esku-hartzeetan, berriz, kale-hezitzaileek organikoaren edukiontzien egoera ikuskatu, gaizki sailkatutako poltsak atera, erakusgai eduki eta ondoren errefusera botako dituzte. Gerturatzen diren herritarrei laguntza eta azalpenak eskainiko dizkiete, organikoaren edukiontzira soilik organikoa bota dezaten. Horrez gain, lekuko edukiontzien eta auzokoen egoeraren berri emango dute sare sozialetan, gaizki sailkatutako elementu adierazgarriei argazkia atereaz. Kanpainak bere sare sozial propioak ditu @tolosaorganikoa (twitter eta instagram).
Kale esku-hartzeetatik harago, etxe atarietan kartela jarriko da, organikoa ondo sailkatzeko argibide ezberdinekin. Orain arte detektatu diren akats ohikoenak azalduko dira: fardelak, produktu iraungituak bere bildukiarekin eta plastikozko poltsak.
Bestalde, Udalak sakondu nahi du ere poltsa konpostagarrien erabileran. Oso garrantzitsua da poltsa hauen erabilera, izan ere, plastikozko poltsetan botaz gero organikoa, poltsaren barruko materia guztiak, ondo bereizita egonda ere, ez baitu balio, eta edukiontzia kutsatzen du. Tolosaldeko Mankomunitatearekin elkarlanean, identifikatu dira Udalak doan eskaintzen dituen poltsa konpostagarriak jasotzen ez dituzten etxebizitzak. Horietara gutun bana bidaliko da, poltsa konpostagarriak erabiltzeko gonbita eginez. Tolosako Udalak 60.000 € inbertitzen ditu urtero poltsa konpostagarriak erosi eta herritarren eskura jartzen. 24 orduz zezen-plazan eta Kultur Etxean ezarrita dauden makinetan eskura daitezke.
Hainbat kanpaina egin dira 2016aren hasieran hondakin bilketa sistema aldatu eta kartelak ezartzeko panelak jarri zirenetik: 2016an, 'Garbiago' birziklapen kanpaina; 2017an, 'Esku ona al duzu?'; eta 2018aren bigarren seihilekoan, 'Zaindu Tolosa'.
% 70eko birziklapen tasa 2018an
7,3 milioi kilo hondakin jaso ziren 2018an, Tolosan. Biztanleko ia 375 kg urteko. Horietatik %70a birziklatzen da. Honakoa da sailkapena: errefusa, %31,32; organikoa, %28,38; beira, %11,82; papera, %11,89; ontzi arinak, %11,71; kartoia, %2,68; arropa, %2,04; eta landare olioa, %0,16.. “Datu onak dira Tolosakoak, baina badugu tartea birziklapen maila kuantitatiboki zein kualitatiboki hobetzeko; herritarrak ondo ari dira, eta bide horretan jarraitu behar dugu. Guretzako hiru dira oinarrizko aldagaiak: baliabide egokiak jartzea herritarren eskura, hezkuntza, eta, batez ere, kontzientziazioa. Horri erantzun nahi diogu 'Tolosa Organikoa %100; sailkatu eta konposta bihurtu' kanpainarekin”.