- Urriaren 17tik urriaren 28ra bitartean hezitzaileak kalean arituko dira informazioa ematen udaltzaingoaz lagunduta. Arau-hausteen aurrean neurriak hartuko ditu udalak eta 600 eurora arteko isunak jarriko dira.
- Txakur jabeen konplizitatea lortzea eta herritarrak kontzientziatzea da kanpainaren helburu nagusia, Tolosa txukun mantentzeko.
Tolosan txakur kopuruak nabarmen egin du gora azken urteotan. 2.000 txakur baino gehiago dago herrian; hori dela eta, azken urteotan Tolosako Udalak lan lerro ezberdinak abiarazi ditu elkarbizitza bermatzeko.
Animalien jabetza arduratsua sustatzeko “Txakur eredugarria” programa jarri zuen martxan udalak iaz. Programa honen baitan, txakur jabeei zuzendutako heziketa saioak eskaini dira, txakurrak modu egokian eraman ditzaten jabeek kalean, paseo ohitura egokiak indartu eta jabeek beren txakurrak hezteko baliabideak izan ditzaten.
Era berean, txakur parkeak egokitu dira Larramendi eta San Esteban auzoetan, txakurrek eurentzat diren eremu propioak izan ditzaten lasterka aritu eta jolasteko.
#ZAINDUTOLOSA, herria txukun eta garbi mantentzeko
Eremu publikoan jaso gabe uzten diren gorotzen arazoaren aurrean, herritarrek eta bereziki merkatariek azaldutako ezinegonari erantzuteko #ZAINDUTOLOSA kanpaina abiarazi du udalak.
Alde batetik, kartelak jarriko dira herriko informazio guneetan eta eraikin publikoetan eta informazio paneletan sentsibilizazio bideoak zabalduko dira. Merkatariek ere bat egin dute kanpainarekin eta kartelak jarriko dituzte beren erakusleihoetan herritarrak kontzientziatu eta herria txukun mantentzeko zereginean txakur jabeak konplize bihurtzeko helburuarekin.
“Merkataritza ehun sendoa du Tolosak, merkatariak funtsezko eragileak dira eta kalean utzitako zabor poltsen eta txakur gorotzen eta pisen arazoak zuzenean eragiten die merkatariei, bizilagunei, eta tolosar orori. Hori dela eta abiatu dugu kanpaina berria, herritarren kezkari erantzuteko, kaleak guztionak direla aldarrikatzeko eta herria txukun eta garbi mantentzea guztion ardura eta zeregina dela ikusarazteko; horrelako jokabideek elkarbizitza urratzen baitute eta elkar-errespetua funtsezkoa da elkarbizitza bermatzeko” azpimarratu du Xarles Iturbe, Merkataritza, Feriak eta Turismoa saileko zinegotziak.
Hezitzaileak eta udaltzainak kalean, informatzen eta arau-hausteen aurrean isunak jartzen
Patxi Amantegi, ingurumen zinegotziak azaldu ditu kanpainaren xehetasunak. Kanpaina urriaren 17an hasiko da eta bi aste osoz, goiz eta arratsaldez, hezitzaileak kalean arituko dira txakur jabeak informatzen udaltzainez lagunduta, arau-hausteen aurrean isunak jartzeko. Indarrean dagoen ordenantzaren arabera, gorotzak edozein plaza, parke edota pertsonen joan-etorrietarako lekuetan uzteagatik 600 euro arteko isunak jarri ahal izango dira.
Txakur jabeen ardura da txakurrek beren beharrak modu eta leku egokian egitea; pixa iragazkorra den eremu batean egin behar dute txakurrek, inoiz ez etxeetako edo komertzioetako fatxadetan eta jabearen ardura da txakur gorotzak biltzea. Txakur gorotzak BETI jaso behar dira eta errefuxarako ontzira edo Toiletakan batera bota behar dira. Guztira, herrian zehar banatuta dauden 25 Toilekan daude, errefuxarako kaleko paperontzi eta edukiontziez gain.
Toilekanen inguruko, zein bete beharreko arauen eta arau-hausteen ondorioen inguruko informazioa emango diete hezitzaileek txakur jabeei, esku-orri baten bidez.
Kanpainak helburu bikoitza du: txakur jabeak informatu, sentsibilizatu eta konplize egitea eta arau-hausteen aurrean neurriak hartzea (isunak), espazio publikoa txukun eta garbi mantentzeko.
“Izan lotsa, sartu ondo poltsa” lelopean ere, kartelak jarriko dira herriko informazio guneetan herritarrei gogorarazteko zabor poltsak edukiontzietan bota behar dira izan ere “Alde Zaharrean kalean utzitako edota paperontzietan botatako poltsa kopurua ugaritu egin baita eta norbere ardura da zabor poltsak dakien edukiontzietan botatzea” azpimarratu du Amantegik.
Txakur eredugarrien programaren saio berriak
Txakur gorotzen aurkako kanpainarekin batera, “Txakur eredugarria” programaren baitan heziketa saio berriak egingo dira, Xabier Arrese txakur hezitzailearen laguntzarekin.
Xabier Arrese Txakur hezitzaileak urriaren 24tik urte bukaera arte formakuntza saio berriak eskainiko ditu. Formakuntza saioak, doakoak izango dira, eta astelehenetan arratsaldeko 18:00etan hasiko dira, Zerkausitik abiatuta. Formakuntza saio hauetan txakurrak estimulu desberdinen aurrean jartzen dira eta ariketa desberdinen bitartez ohitura onak hartzen ikasten dute. Saioak ordubeteko iraupena izango dute eta Tolosako kaleetatik zehar txakurrarekin ibiliz ariketa praktikoak egiten dira. Halaber, saioak baliatuko dira kalean bete beharreko arauak gogorarazteko txakur jabeei.
Izena emateko ondorengo telefono eta helbide elektronikoan egin ahal izango da: info@kangune.eus (606 85 13 10) urriaren 17tik 21eera bitarte.