Uraren Egunari lotutako lau ekintza, sentsibilizazioa sustatzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2024/03/13 | Ingurumena eta Transizio Energetikoa
  • Tolosako hiru ikastetxeetako DBH 2. eta 3. mailako ikasleek garbiketa lanak egingo dituzte hiru egunez Oria ibaian, plastiko eta hondakinak kentzeko.
  • Martxoaren 24an Ibiurrera bisita gidatua izango da, lurreko zaborrak errekara eror ez daitezen baranden azpialdean sareak jarriko dira eta uraren kontsumo arduratsua sustatzeko kanpaina ere egingo da. 

 

 

30 urte igaro dira jada Nazio Batuen Asanblada Orokorrak martxoaren 22a Uraren Mundu Eguna izendatu zuenetik. Egun horrekin bat eginez, lau ekintza antolatu ditu Tolosako Udalak, Tolosako Ingurumen Zentroarekin elkarlanean: Oria ibaiaren garbiketa, Ibiur urtegira eta araztegira bisita gidatua, zaborrak errekara eror ez daitezen sareen ezarpena eta kontsumo arduratsua sustatzeko kanpaina.

Oria ibaiaren garbiketa auzolanean

Datorren astean Tolosako hiru ikastetxeetako DBH 2. eta 3. mailako ikasleek, guztira 290 inguru, garbiketa lanak egingo dituzte Oria ibaian. Plastikoak eta bestelako hondakinak bilduta, bertako ekosistema zaintzea da egitasmo honen helburua. Hain zuzen, Eskola Agenda 2030 egitasmoaren barruan kokatzen dira.

Garbiketa lanak hiru egunetan egingo dituzte, goizez, eskola orduetan, eta egun bakoitzeko ikastetxe bat arituko da lanean. Martxoaren 18an Laskorain Ikastolako ikasleak hasiko dira garbiketarekin; Ikastolaren inguruan eta Alegiara bidean dagoen bidegorriaren inguruan arituko dira. Orixe Institutuko ikasleek jarraituko dute martxoaren 19an, Araba Etorbidearen parean. Herrikide Ikastetxekoek amaituko dute, hilaren 20an, Andre Maria elizaren atzeko eremua txukunduz.

Ibiurrera bisita gidatua, martxoaren 24an

Ura nondik datorren eta etxera iritsi bitarte zein prozesu jarraitzen duen ezagutzeko, Ibiurreko urtegi eta araztegira bisita gidatua ere izango da martxoaren 24an, igandea. Hain zuzen Ibiur urtegiak hornitzen ditu Tolosa eta Tolosaldeko herriak.

Urtegiaren instalazioak bisitatuko dira, baita ura edangarri egiteko araztegi edo tratamendu planta ere. Prozesua gertutik ezagutzearekin batera, beste hainbat azalpen ere jasoko dituzte parte hartzaileek: uneoro presatik zenbat ur ateratzen den, zer den emari ekologikoa eta zertarako balio duen, urtegiak nola funtzionatzen duen edota uholdeak izateko arriskua dagoenean zein erabaki hartzen diren, besteak beste. 

Interesa duen orok parte hartu ahal izango du irteeran, aurrez izena emanda. Horretarako tolosakoingurumenzentroa@gmail.com helbidera idatzi edo 687 702 049 telefonora deitu behar da. Autobus zerbitzua ere izango da: 10:00etan irtengo da Santa Klaratik eta 13:15 inguruan itzuliko da, leku berera.

Baranden azpialdeko sareak

Lurreko zaborrak errekara eror ez daitezen baranden azpialdean sareak ere jarriko dira herriko puntu gehiagotan. Dagoeneko sare horiek jarrita daude Zumalakarregi kalean, Berazubin, Euskaldun Berrien zubian eta Araba Etorbidean. Bada, aurten Iurre/Iurreamendi auzoen eta Araba Etorbidearen arteko SAM zubian jarriko dira sareak.

Uraren kontsumo arduratsua sustatzeko kanpaina

Sentsibilizazioa ere landuko da Uraren Egunean. Hain zuzen, uraren kontsumo arduratsua sustatzea helburu duen kanpaina egingo da, eta horretarako, kontsumoari lotutako mezuak jarriko dira herriko iturrietan, tolosarrak baliabide hau zaintzeko eta kontserbatzeko beharraz kontzientziatzeko.  

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA