- Artegietako antenako sabaian euri urak biltzeko deposituari esker, abeltzainek bertako ura erabiltzen dute ganaduari edaten emateko. Horri esker, haien jarduna erraztu egin da eta landa eremuko ekonomia bultzatu da, lurralde oreka mantenduz eta landa eremuaren kontserbazioa bultzatuz.
- Ur depositua eraiki ahal izateko hitzarmena sinatu zuten Tolosako Udalak, abeltzainek eta Itelazpik. Lanak Tolosako Udalak eta Tolomendik, Foru Aldundiaren diru laguntza baten btiartez, finantzatu dituzte.
Urkizuko abeltzainek erabilgarri dute dagoeneko Artegietako antenaren sabaian eraiki den ur depositua. Bertan jasotako euri ura lursailetara bideratzen dute abeltzainek, haien jarduna erraztuz eta sustatuz. Izan ere, orain arte, abeltzainek traktoreekin igo behar izaten zituzten ur deposituak larreetara, eta orain garraio gastuetan eta denboran aurrezten dute.
Iraunkortasun handiko hormigoizko depositua da eraiki dena, eta erdi lurperatuta dago paisaiarengan ahalik eta inpaktu gutxien izan dezan. Horrez gain, uraren garbitasuna bermatzeko dekantazio depositu txiki bat ere ezarri da eta aireztapen naturala ere badu kutsadura ekiditeko. Azpiegitura berriari esker, biltzen den euri ura erabili eta depositua zisternen bidez betetzeko aukera dute abeltzainek. Depositutik hodien bidez bideratzen dute ura lursailetara. Proiektu erabat berritzailea da, beste inon ez baita antena baliatu eru urak biltzeko.
Tolosako Udalak landa eremuko ekonomia sustatzea du helburu lurralde oreka mantentzeko, ingurumenaren kontserbaziorako eta tolosarrei bertako produktua kontsumitzeko aukera eskaintzeko. Helburu honen baitan eraiki da Artegietako antenan ur depositua. Gaur egun bost baserritako abelburuak ibiltzen dira inguru horietan, gutxi gorabehera, 100 abelburu inguru.
Udalak, abeltzainek eta Itelazpik abenduan sinatu zuten hitzarmenean jasotako obra da ur deposituarena. Udalak egin du proiektua eta obra, eta lanen %50 finantzatu du. Gainerako %50a Tolomendik, Foru Aldundiaren diru laguntza baten bitartez. Itelazpik, antenako azpiegituran egin diren egokitzapen lanak ordaindu ditu. Azkenik, abeltzainek depositua eraikitzeko beharrezkoa den zorua 30 urtez udalaren esku utzi dute, deposituaren mantenuaz eta ura beraien lursailetara eramateko beharrezko azpiegiturez ere arduratu dira. Ura abeltzaintzarako soilik erabili ahal izango da.
Landa eremuko ekonomia sustatzeko
Abeltzaintza beharrezkoa bezain onuragarria da ingurumenaren zaintza eta kontserbaziorako. Ingurumenaren ikuspegitik alturako larreak edukitzea onuragarria da interes handiko habitat-ak sortzen eta mantentzen dituelako, hortaz, abeltzaintza ustiapenak ahalik eta estentsiboenak izatea eta lurrari lotuta egotea ingurumenarentzat mesedegarria da beti.
Ildo horretatik, aldaketa klimatikoari aurre egiteko ezarritako bi lan ildo nagusiei erantzuten die Urkizuko ur deposituaren proiektuak. Alde batetik, gasen isuria gutxitu da ura garraiatzeko joan-etorriak murriztu direlako eta bestetik, azpiegiturak egungo egoerara egokitzea ahalbidetu duelako, hau da, aurreikuspenen arabera euri gutxiago baina intentsitate gehiagorekin egingo du datozen urteetan eta, beraz, azpiegitura honek euri urak bildu eta erabiltzeko aukera eskainiko du.