11.133 bazkide ditu Usabal Kiroldegiak, ia 1.200 erabiltzaile egunero

Tolosako Udala
2018/05/04 | Kirolak
  • Usabal kiroldegiaren 2017ko kudeaketaren memoria aurkeztu du Tolosako Udalak.
  • Erabiltzaileen ia %70a da Tolosakoa, herritarren %35a.
  • Bazkideen %48,45 emakumezkoak dira eta %51,55 gizonezkoak. Ikastaroetan, berriz, %93,90a emakumeak dira, gizonezkoak %6,10.

Usabal Kiroldegiak 2017an 174 abonatu gehiago zenbatu ditu, guztira 11.133, eta ia %70a da Tolosakoa, herritarren %35a. Hala dio Usabal kiroldegiaren 2017ko kudeaketaren memoriak. Azken datu hori, sektoreko %20-25eko bataz besteko ratioen “oso gainetik” aurkitzen dela adierazi dute.

2017ko datuak “oso ontzat” eman dituzte Tolosako Udaleko kirol departamentuak eta Usabal kiroldegiaren zuzendaritzak. Kiroldegiaren erakargarritasuna “ukaezina” dela dute iritzi.

Urteko 360 egunetan zabalik dagoen kiroldegia 1.174 lagunek erabiltzen dute egunero bataz-beste. Gehienezko egunean 1908 pertsonak.

Generoari erreparatzen badiogu abonatu kopuruak honakoak dira: %48,45 emakumezkoak eta %51,55 gizonezkoak. Goruntz jo du emakumeen ehunekoak.

Familia ugarien ehunekoa beste kiroldegietakoa baino handiagoa da Usabalen, konkretuki, Tolosan dauden tarifek hori “hobesten” dutelako: 1984 pertsona dira guztira.

Ikastaroei dagokienean, guztira 6346 pertsonak hartu dute parte. Horietatik %93,90a emakumeak dira, gizonezkoak %6,10. Batez ere, neguan eskaintzen dira ikastaroak: 10.813 saiotatik, 9311. Erabiltzaileek egindako balorazioen artean, 8,89ko puntuazioa eman diete ikastaroei 10etik; irakasleei 8,99; eta gunea eta materialari 8,22.

Urteko baxak 888 dira, (843 iaz) eta abonatuen %10 ia. Abonatua izatearen uzteko arrazoi nagusia erabilera eza litzateke % 67,79ekoa (67.2 iaz), beste arrazoi da ez ordaintzea %21,59koa (iaz 17,4) eta %12 ez du zergatia esaten.

Berazubiko eraikitze berriarekin batera Klubetako kirolarien % abonatuak, ehuneko ehunera ailegatu dira: 1.250. Itxaron zerrendaren funtzionamendua aldatu egin da laugarren urtez eta hilabete bat edo bi igarotzen direnean sartzeko deialdia egiten da.

2017ko ekainean 350 erabiltzaileren artean egindako inkestan, Usabal kiroldegiko kudeaketari 10etik 7,3ko puntuazioa eman diote. Garbiketari dagokionean: aldageletan 7,16koa, komunetan 7,2koa, eta sala ezberdinetan 7,54koa. Bestalde, zerbitzuen erabilgarritasuna 7,6ko puntuazioarekin baloratu dute, eta konponketak egiteko azkartasuna, berriz, 6,8arekin 10etik. Azkenik, lehiatilako harrerari 6,3ko puntuaketa eman diote inkestatuek.

Usabal eta Berazubiko kirol instalakuntzetan hobekuntzak

Usabal kiroldegiaren datu ekonomikoak ere onak dira eta irabaziek instalakuntzetan hainbat inbertsio gauzatzeko aukera eskaintzen dute. Hori horrela, honakoak gauzatuko dira udari begira: hainbat aldageletan eginiko ur-tenperatura norberak erregulatzeko hobekuntzak gauzatuko dira; kanpoko igerilekuan ur dorre bat eta bi txirristra berri jarriko dira 2-8 urteko umeentzako; USABAL PARK inguruan jarduera gehiago egiteko lur-antolakuntzarekin hasia da Udala; megafonia eta kanpoko kamerak berrituko dira. Horrez gain, padel pistan, fitness gelan, frontoien eta pasiloetan LED argiteria hobetuko da eta klubek erabiltzen duten indar-gela eraberrituko da.

Berazubiko estadioan, berriz, bulegoen zahar berritzeari ekingo zaio, bizikletak aparkatzeko gunea handituko da eta hainbat gune pintatu eta txukunduko dira.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA