Amaituta Berazubi estadioko bulegoak egokitzeko lanak

Tolosako Udala
2020/05/27 | Kirolak
  • Aurrerantzean, elkarteak eta elkarteko gazte kirolariek erreferentziazko gune eta egoitza izango dute beren jardueretarako.

 

Egun bizitzen ari garen testuinguru eta osasun larrialdi egoerak atzeratu egin ditu Berazubi estadioko bulegoak egokitzeko lanak, baina dagoeneko obrak amaituta daude.

Lanak Urkaz Eraikuntza S.L. enpresak gauzatu ditu 417.986,42 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne).

Amaitu berri diren obrak, Udalak Tolosa Futbol Klubarekin sinatua duen hitzarmenaren baitan kokatuta daude, hartutako konpromiso eta aurretik egindako hainbat lanen ildotik.

Erreferentziazko gune eta egoitza:

Bulegoak egokitzeko egin diren lanei esker, aurrerantzean, elkarteak eta elkarteko gazte kirolariek erreferentziazko gune eta egoitza izateaz gain, beren jardunerako espazio eta eremu egokiagoa izango dute.

Zehazki goiko pisuko bulegoak berritu dira egungo araudira egokitu eta irisgarriak izan daitezen eta beheko solairuan, egungo biltegia berritu da. Elkartearen egoitza izango den espazioa hutsik utzi da, etorkizunean Tolosa CF taldeak beren beharren arabera egokitu dezan. e

Azken urteotan egin diren urratsak eta lanak:

Berazubiko estadioaren kudeaketa udalaren esku geratu zenetik eta herriko kirol eskaintza areagotzeko eta kirol instalazio horiek herritar guztien eskura jartzeko helburuarekin, hainbat obra egin dira azken urteotan. Besteak beste, harmailak berritu, paddle pistak sortu, frontoia atondu eta aldagelak eta dutxak berritu dira. Azken fase honetan, estadioko bulegoak egokitu dira, Klubak bere jardunerako espazio egokiak izan ditzan.

Izan ere, futbolaz haratago, egun hainbat kirol eta kirolari barnebiltzen ditu elkarteak: atletismoa, eskubaloia, txirrindularitza, mendia, gimnasia erritmikoa, pilota eta tenisa eta hortaz, tolosar haur, gazte eta guraso asko biltzen ditu elkarteak.Herrian oso errotuta eta Tolosako izaerari oso lotua dagoen elkartea ere bada, Tolosan eta baita Tolosatik kanpo ere, erreferentziazko kirol elkarte bat da gazteen artean kirol praktika sustatu eta bermatzen duena. Beraz, obra horiei esker, aurrerantzean, taldeak jasotzeko, omenaldiak egin eta ospatzeko, eta bereziki, elkartzeko, egoitza izango du elkarteak.