Astelehenean zabalduko dira kiroldegiko zona lehorrak

Tolosako Udala
2023/11/17 | Kirolak
  • Garbiketa eta mantenu lanak egiten hasi dira gaur, eta behin horiek amaituta zabalduko dira ateak erabiltzaileentzat.
  • Kiroldegiko zona hezeak -igerilekuak eta spa gunea- ostegunean ireki ahal izatea aurreikusi dute.

 

BPX enpresak udalari jakinarazi dio astelehenetik aurrera berrabiaraziko direla herriko kirol instalazioetako zerbitzuak. 

Astelehenean Usabal Kiroldegiko zona lehorrak zabalduko dira, hala nola, kantxak eta fitness gelak. Zona hezeak, berriz, igerilekua eta gorputz-tratamenduko espazioak, ostegunerako prest izatea espero dute, tartean Osasun Sailak uraren kontrola egin behar baitu.

Garbiketa eta mantenu lanak abiatu dituzte gaur goizean. Besteak beste, igerilekuak eta gorputz-tratamendurako espazioak hustu eta desinfektatu dituzte, eta gero betetzen hasi dira. Datozen egunotan lan horiekin jarraituko dute.

Ikastaroak eta bazkideen kuotak

Ikastaroak ere astelehenetik aurrera abiatuko dira, joan den urteko eskaintza berarekin, eta ordutegi eta egunak mantenduta. Joan den urteko erabiltzaileei emango diete lehentasuna, eta izen-emate berrietarako kiroldegira joan beharko da.

Hilabete hauetan zerbitzurik izan ez denez, orain arteko kuotekin zer gertatuko den ere argitu du enpresak. Azaroko eta abenduaren lehen hamabostaldiko kuota ez da kobratuko. Modu horretara, maiatzean eta azaroan zerbitzurik izan ez den egunei dagokien zatia itzuliko zaie bazkideei.

Ikastaroak ordainduta zituzten bazkideen kasuan, berriz, ikastaroak jasotzen jarraitu nahi duten erabiltzaileei ez zaie otsailaren 2ra arte kobratuko. Izen-emate berrien kasuan normal egingo da ordainketa.

Udalak argitu nahi du kuotak enpresaren esku daudela oraindik ere, eta proposamen horren berri gaur bertan jakin ostean, dena aztertu eta guztia modu egokian egiten dela egiaztatuko duela bitarte horretan. Kuoten inguruko gainerako zalantza guztiak Kiroldegiko harreran bertan argitu ahal izango dira.