Datorren asteazkenean abiatuko da Mugi Tolosaren ikasturte berria, ohitura osasuntsuak sustatu asmoz

Tolosako Udala
2024/09/27 | Kirolak
  • Urriaren 2an izango da lehen ibilaldia eta asteazkenero egingo dira, Zerkausitik abiatuta. 

  • Bi taldetan egingo dira irteerak: 10:30ean, bost kilometroko ibilbidea egin nahi dutenak abiatuko dira; 11:00etan, berriz, kilometro bakarra egingo dutenak.

 

Bueltan da Mugi Tolosa egitasmoa, bakardadeari eta sedentarismoari aurre egin eta adinekoen artean ohitura osasungarriak sustatzeko asmoz.

Urriaren 2an hasiko dira irteerak. Ekaineko lehen astera bitarte, asteazkenerko egingo dira ibilaldiak Tolosan zehar, nahiz eta tartean badiren salbuespen batzuk. Abenduko zubian, Gabonetan, Inauterietan eta Pazko astean ez baita irteerarik egingo. 

Bi taldetan egiten dituzte ibilaldiak: lehenengo taldea 10:30ean aterako da, eta herrian zehar bost kilometroko ibilbidea egingo dute; bigarrenak, berriz, mugikortasun murritzagoa duten pertsonentzat pentsatutako kilometro bakarreko ibilbidea egin ohi du, 11:00etan abiatuta. 

Ibilbidea boluntario eta ikasleek lagunduta egiten dute. Izan ere, elkarte sozial, ikastetxe eta udalaren artean elkarlanean gauzatzen da egitasmoa. Besteak beste, Inmakulada, Orixe, Laskorain Ikastola eta Herrikidek, Tolosako OSIak, Iturriza Jubilatu Elkarteak, Goyeneche Fundazioak, Iurreamendi eta Uzturre egoitzek eta Nagusilanek hartuko dute parte.

Mugi Tolosa ohitura osasuntsuak sustatzeaz gain, parte hartzaileen arteko sozializazioa ere bultzatzen du. Zahartze aktiboa sustatzeko egitasmoa izateaz gain topagune ere bihurtu da, lagunartean kalera ateratzeko eta ibilbideez gozatzeko aukera eskainiz. Hori horrela, asteazkenetako ibilaldiez gain, bestelako ekintzak ere antolatuko dira ikasturtean zehar: hondartzara irteera, Inauterietako kalejira, Tolosa-Ibarra VI. egitasmoa, ‘Bizikletan adinik ez’, tailerrak (erorikoak ekiditeko gomendioak, bide-segurtasuna, belaunaldi arteko tailerrak…).

Astelehenetan Alondegia plazan egiten diren jarduerei jarraipena ematea aurreikusten da. Hain zuzen, aurten egitasmora batu dira Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua eta Gainberri, saio horiek kirol ikasketetan murgilduta dauden ikasleek gidatzeko asmoz.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA