Eskola Kirolak Olinpiadak berreskuratuko ditu, ikasturte osoko parte hartzearen araberako puntuazio sistemarekin

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/09/24 | Kirolak
  • Maiatzean jokatuko dira eskualde mailako Olinpiadak Berazubin eta, emaitzetatik harago, urte osoko parte hartzea sarituko da.
  • Irailaren 30ean amaituko da Eskola Kirola egitasmoan izena emateko aukera, eta eredu horren defentsa egin dute Udalak eta ikastetxeek. 



Belaunaldi askotako haur eta gurasoek memorian iltzatuta izango dituzte Berazubi estadioan jokatu ohi ziren Olinpiadak. Bada, Eskola Kirolaren eskaintza aberastu eta bultzada bat eman nahian, berreskuratu egingo dira aurtengo ikasturtetik aurrera.

Tolosaldeko ikastetxeetako kirol koordinatzaileek garatu dute proposamena. Herriko kirol klubek ere laguntza emango dute. Elkarlanerako guneak landu eta areagotzeko borondatea ere azaldu dute. Udalak, berriz, lankidetza hori sendotze aldera baliabideak jarriko ditu.

Funtzionamendua

Lehian eta emaitzetan baino, parte hartzean oinarrituko dira Olinpiadak. Astero-astero haurrek kirol ezberdinak praktikatzeko aukera izango dute Eskola Kirolarekin: errugbia, mahai tenisa, urpekoak, atletismoa, eskubaloia, saskibaloia, areto futbola, herri kirolak, boleia, arrauna, kayaka edo eskalada, besteak beste. Jarduera horietako parte-hartze mailaren arabera eskuratuko dituzte puntuak ikastetxeetako taldeek.

Ikasturte amaieran, maiatza aldera, jokatuko dira Olinpiadak Berazubi estadioan, eskualdeko ikastetxeetako haurren parte hartzearekin. Puntuazio onena lortzen duten taldeek jokatuko dituzte finalak.

Eskola Kirola babesteko deia

Irailaren 30ean amaituko da Eskola Kirolan izena emateko aukera, eta eredu horren alde egin dute Udalak, ikastetxeek eta Eskola Kirola programa garatzen laguntzen duten ikastetxeetako koordinatzaileek. Joan den ikasturtearen amaieran adierazpen bateratua sinatu zuten guztiek, eredu horren defentsa egiteko, «haurrengan eta gizartean dituen onurengatik». Azpimarratu dute Eskola Kirolak, besteak beste, «ahalbidetzen dituela kirol-modalitate ezberdinak probatzeko aukera, haurren garapen integrala, mugimendu-gaitasunak garatzea, osasuntsu haztea, harremanak eraikitzea eta balioetan heztea».

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA