'Hakatoia' larunbatean, urtarrilak 19, Trianguloan, kirolaz jarrera oldarkorrak alde batera utzita gozatzeko deia

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/01/16 | Kirolak
  • 'Haka' dantzatuko dute ehundaka haurrek goizeko 11:00etan, kirolean izaten den indarkeriaren kontrako mezua sendotu eta kirolaz gozatzeko eskubidea aldarrikatuz.
  • Patxi Amantegi alkate-ordea: “kirolaren balioak nagusitzea nahi dugu: talde lana, esfortzua, errespetua, laguntasuna... eta bestelako jarrerak alboratzea. Hori ikusarazi nahi dugu. Kontzientzi sortu finean”.
  • Pasa den ikasturtean, 2017-18, guztira 881 ikaslek hartu zuten parte Eskola Kirola programan Herrikide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeetan. Horietatik 316 neskatilak eta 563 mutikoak. 15 kirol eskaintzen dira 3 modalitatetan banatuta.

'Haka' dantzatuko dute ehundaka haurrek larunbat honetan, urtarrilak 19, goizeko 11:00etan Tolosan. Maori tribuen guda-dantza da; ongi etorri-dantza bezala erabiltzen da eta abegikortasun seinale da. Hakatoi erraldoi honek kirolean izaten den indarkeriaren kontrako mezua sendotu eta kirolaz gozatzeko eskubidea aldarrikatu nahi du positiboki.

Tolosako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Eskola Kirola komunitateak antolatu dute elkarlanean. Ekimenaren aurkezpenean izan dira Patxi Amantegi Tolosako Udaleko alkate-ordea, Cristian Fernandez Kirol zinegotzia, eta Xabier Saizar Eskola Kirola programako begiralea.

Eskola kirolean parte hartzen duten haurrak protagonista bihurtu nahi ditu ekimen honek, partidetara joaten direnei harmailetan goza dezaten eta arbitro, entrenatzaile nahiz jokalarien aurkako jokabide oldarkor eta bortitzak alboratu ditzaten eskatzeko, eta, horretarako, kantu batek, dantza batek eta zeinuen hizkuntzaren erabilerak osatzen duten «haka» bat egingo dute, modu jostarian, emozio egoera bat sortzeko partidaren aurretik, eta hausnarketarako bidea eskaintzeko eskola kiroleko partiduetara bertaratzen diren guztiei.

Tolosaldeko Eskola Kiroleko partaideez gain, bertan egongo dira ere Xabi Prieto eta Imanol Agirretxe, Errealeko jokalari ohiak, Errealeko jokalari den Nerea Eizagirre, trial bike-eko ziklista Irene Caminos, eta Goazen telesaileko aktore batzuk.

Patxi Amantegi alkate-ordeak nabarmendu duenez, ekimen honekin “kirolaren balioak nagusitzea nahi dugu, eta bestelako jarrerak alboratzea. Tolosaldear haurrek kirolaren balioak ikastea da helburua: talde lana, esfortzua, errespetua, laguntasuna... Eta lehiak ekarri ohi dituen jarrera oldarkorrak alde batera uztea. Hori ikusarazi nahi dugu. Kontzientzi sortu finean”.

Ekimen honek, atzean, Eskola Kirola komunitatea du. 25 urte dira sortu zela, haur eta gaztetxoak kirol mundura hurbiltzeko helburuarekin. Amantegik adierazi du “helburua arrakastatsu bete duela; eman die aukera kirol eskaintza ezagutu, praktikatu, eta ondorenean gustukoenean sakontzekoa”.

Tolosan kirol-eskaintzan zuzenki parte hartzen duten eragile guztiak (haur, ikastetxe, kirol elkarte eta Udala) eredu berri bat lantzen dabiltza egun. “Oinarri nagusi batekin: guztiontzako kirola, anitza, hezitzailea eta lankidetzan sostengatua” nabarmendu du alkate-ordeak.

Egun Eskola Kirolaren programan 900 ikaslek hartzen dute parte Tolosan. Pasa den ikasturtean, 2017-18, guztira 881 ikaslek hartu zuten parte Herrikide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeetan. Horietatik 316 neskatilak eta 563 mutikoak. 15 kirol eskaintzen dira 3 modalitatetan banatuta:

  • Taldeko Kirolak: Areto Futbola, Saskibaloia, Eskubaloia, Herri kirolak, Boleia, Arrauna.

  • Bakarkako kirolak: Atletismoa, Mahai tenisa, Judo, Irristaketa, Ur jolasak.

  • Natur Inguruko Kirolak: kayak, Orientazioa, Eskalada-slack line, mendizaletasuna.

Amantegik adierazi du bide horretan jarraituko dutela eta irmoa dela programarekiko apustua: “uste dugulako kirol aniztasuna sustatu eta balore hezitzaileak bultzatzea kirolaren etorkizuna bermatzea dela. Zentzu horretan, nire eskerrak udal ordezkari naizen heinean, kirol elkarte eta ikastetxeei, beraiek baitira Eskola Kirolaren oinarria”.

Gipuzkoako beste hainbat herritan izango du jarraipena

Tolosakoaren ondotik, Gipuzkoako beste herri batzuetan ere egingo da: Eibarren (martxoak 8), eta Irunen (martxoak 30). Gainera, «haka» egiten dute jadanik Gipuzkoako eliteko taldeen partiden atsedenaldietan; izan ere, egin da dagoeneko Super Amara Bera Bera taldearen partida batean, eta Delteco GBC, IDK Gipuzkoa, Bidasoa-Irun eta Gipuzkoako beste talde batzuen partidetan ere egiteko asmoa dago.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA