Indarberrituta eta gogotsu dator Mugi Tolosaren IX. denboraldia

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2022/09/29 | Kirolak
  • Urriaren 5ean ekingo zaie ibilaldiei eta asteazkenero irtengo dira Zerkausitik, ohiko moduan, 2 taldetan banatuta: 10:30ean lehen txanda eta 11:00etan bigarrena.
  • Ibilaldiak herriko boluntario talde desberdinez lagunduta egingo dira, Tolosako ikastetxeetako ikasleak barne.

 

Bueltan da berriro Mugi Tolosa egitasmoa eta aurtengoan bereziki indartsu eta gogotsu dator, bakardadeari eta sedentarismoari bizkarra eman eta adineko pertsonen artean ohitura osasuntsuak sustatzeko prest.

Gaur goizean aurkeztu dute, hain zuzen, ikasturte honetako egitaraua eta bertan izan dira, Jose Mari Villanueva, Tolosako Udaleko kiroletako zinegotzia eta Osakidetzako, Herrikide ikastetxeko edota Goyeneche Fundazioko ordezkariak, baita Mugi Tolosako lehen taldeko partaide bat ere.

Datorren urriaren 5ean ekingo zaie berriro ibilaldiei, ohiko moduan, asteazkenero, Zerkausitik bi taldetan banatuta: 10:30ean lehen taldea eta 11:00etan bigarrena. Ibilaldi bakoitzeko antolakuntza elkarte ezberdinen eta Udalaren artean elkarbanatuko da.

Horrela, ohitura osasuntsuak sustatu eta, gainera, sozializatzeko aukera ere eskaintzen jarraituko du Mugi Tolosak, parte-hartzen duten pertsonen arteko harremanak sustatuz. Izan ere, aipatu ekimena adineko pertsonen topaketarako eguna eta egitasmoa da, kalera atera eta lagun artean paseo atseginak emateko ekimena, alegia.

Ibilaldi oro herriko boluntario ezberdinen laguntzarekin egingo da, eta hain zuzen boluntario horien lana azpimarratu du Jose Mari Villanuevak, Tolosako Udaleko kirol zinegotziak: “Mugi Tolosak zahartzaro aktiboa sustatzea du oinarri eta ez du inor atzean utzi nahi. Ikasturte honetan ere, boluntario sare zabal baten babesa du eta horien guztien lanari eta laguntzari esker, interesa duen adineko orok izango du parte-hartzeko aukera, baita ibiltzeko laguntza behar dutenek ere”, adierazi du.

Boluntario moduan arituko dira, besteak beste: Iturriza, Harizpe eta Beti Gazte jubilatu elkarteak; Ilarki elkartea, Goyeneche Fundazioa, Gurutze Gorria, Iurramendi Egoitza, Uzturre Asistentzia Gunea, Osasun Publikoa, Nagusilan eta Adinkide, Osakidetza eta Asuncion Klinika eta Herrikide, Laskorain, Orixe, eta Tolosako Lanbideko ikastetxeak.

Osasuna eta zaintza ardatz duen egitasmoa

Mugi Tolosaren beste helburuetako bat da gizartea oro har eta bereziki tolosarrak gure adinekoen zaintzak eta babesak duen garrantziaren inguruan kontzientziatu eta sentsibilizatzea, kolektibo honek dituen beharrak ikusaraziz eta horien irudia balioan jarriz.

Ildo horretan, azken urteotan lanketa berezia egin da Tolosako ikastetxe desberdinetako ikasleekin ibilaldietan parte har dezaten. Horri esker, herriko gazteen inplikazioa eta parte-hartzea indartu dira, ikasleen partaidetza altua lortuz.

Gazteen presentzia, gainera, adinekoentzat lagungarri izateaz haratago, elkar-ezagutzeko eta belaunaldi ezberdinen arteko harremanak sustatzeko baliagarria da. Hori horrela, aurtengoan ere boluntario gisa arituko dira lanean, hain zuzen, urriaren 19tik aurrera.

Ibilbide luzeko ekimena

Eragile ezberdinen inplikazioarekin ekimenak jada 9 urte daramatza martxan eta urtetik urtera berrikuntzak izan ditu.

Pandemiak eragin gogorra izan zuen arren, Mugi Tolosa berpizten ari da eta iaz jada 37 irteera egin ziren, guztira 1452 laguneko parte hartzearekin. Ibilaldiko bataz-bestekoa 40 lagunekoa izan da orain arte, egun onenean 76 lagun izatera heldu arte.

Edozein dela zifra, ordea, antolatzaileek herritar oro gonbidatzen dute parte-hartzera, sozializatzeko edota ohitura osasuntsuak eta zahartzaro aktiboa sustatzeko baliagarria izateaz haratago, kontaezinak direlako Mugi Tolosak norberaren zaintzan izan ditzakeen onurak, bai fisikoak zein emozional edo mentalak ere: erresistentzia, malgutasuna, bizkortasuna, borondatea, laguntasuna, babesa, konpainia, lasaitasuna…

Gainera, urte osoz parte-hartzen dutenek opari bat jasoko dute ikasturte amaieran, beren tinkotasuna eta esfortzua balioan jartzeko.  

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA