Irailaren 1etik aurrera pultsera bidez soilik sartu ahal izango da udal kiroldegiko instalazioetara

Tolosako Udala
2022/08/30 | Kirolak

Irailaren 1etik aurrera BPXPORT enpresa arduratuko da Tolosako Udaleko kirol instalazioen kudeaketa integralaz. Hori horrela, indarrean sartuko da Usabal kiroldegira eta Berazubiko estadiora sartzeko pultsera sistema berria.

Pultsera kiroldegian bertan eskuratu daiteke

Erabiltzaileek orain arte erabiltzen zuten txartela pultseragatik ordezkatu beharko dute kiroldegian bertan, eta dagoeneko egin dezakete aldaketa. Pultsera sistemaz gain, erabiltzaileek ez dute bestelako aldaketarik nabarituko zerbitzuei eta ordainketei dagokienean.

Ordutegi zabalagoa

Kontratu berriaren baitan hainbat hobekuntza eta inbertsio egitea ere aurreikusten da herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzen jarraitzeko helburuarekin eta instalazioak egoerarik onenean mantentzeko asmoz. Horrela, irailaren 1etik aurrera ordutegia zabaldu egingo da eta Usabal Kiroldegia irekita egongo da astelehenetik larunbatera 7:00etatik 22:00etara eta igande eta jai egunetan 8:00etatik 14:00etara.