Kirola eta elkartasuna uztartuko ditu aurten ere Elkartasun Krosak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/12/13 | Kirolak
  • Egungo osasun egoera dela-eta, hainbat aldaketekin egingo dute krosa abenduaren 31n: ibilbidea 2019ko berdina izango da, irteera Plaza Zaharrean eta helmuga Solana kalean, baina korrikalariak, ibilbidea amaitzean, Triangulo plazara bideratuko dituzte, bertan egongo baita kokatuta sari banaketarako oholtza, Kultur Etxe aurrean.

  • Aurten 1000 dortsal jarriko dira salgai, Shanti kirolak dendan, bihartik aurrera, eta horietatik 100 kadeteen kategoriarako gordeko dira.

  • Kirolaren alde egindako lana aitortzeko urtero banatzen duten sari berezia Lizeta Okomo pisu jaurtitzailerentzat izango da.

  • Aurtengo ekitaldian jasotako dirua Kolonbiako Guabas bailaran elikadura burujabetza sustatzera bideratuko dute.

 

Kirola eta elkartasuna uztartzen dituen Elkartasun Krosaren XXIV. edizioa jokatuko da abenduaren 31n Tolosan, Samaniego eta Orixe Herri Ikastetxeetako kirol batzordeek antolatuta eta Tolosako Udalaren laguntzarekin. Urtetik urtera gehitzen doa parte hartzaile kopurua, eta ondorioz, baita dortsal kopurua ere. Aurten guztira, 1000 dortsal jarriko dira salgai, eta horietatik 100 kadeteen kategoriarako gordeko dira.

Shanti kirol dendan eskuratu ahalko dira dortsalak, bihartik aurrera (abenduak 14). Izen ematea 8 euro izango da helduentzat, eta 5 euro kadeteentzat. Egunean bertan 12 euro ordaindu beharko da (egunean bertan udaletxeko arkupeetan eman ahalko da izena).

Osasun egoera dela-eta, aldaketak

Egungo osasun egoera dela-eta, aurten hainbat aldaketa egongo dira Elkartasun Krosean. Proba 15:30ean hasiko da, eta ibilbidea 2019ko kroseko berdina izango da: irteera Plaza Zaharrean eta helmuga Solana kalean. Baina ibilbidea amaitzen duten korrikalariak, Triangulo plazara bideratuko dituzte, bertan kokatuko baita oholtza, Kultur Etxearen aurrean. Aurten helmugan, korrikalariei ura bakarrik eskainiko zaie, eta ez da bestelako jakirik banatuko.

Bestalde, aurten, sarituak bakarrik igoko dira oholtzara, eta zozketako zenbaki saridunen zerrenda Kultur Etxeko paretan jarriko dute. Zozkatuko diren sariak egunean bertan jaso beharko dira.

Musukoaren erabilerari dagozkion zehaztapenak ere egin dituzte antolatzaileek: parte hartzaileek lasterketa hasi aurretik une oro jantzita eraman beharko dute, eta irteera eman ostean kendu ahal izango dute bakarrik. Helmugara iritsi bezain pronto berriz jantzi beharko dute musukoa.

Proba ikusten egongo diren ikusleei ere arduraz jokatzeko eskatu diete Samaniego eta Orixe Herri Ikastetxeetako ordezkariek: “Bi metroko distantzia gorde ezin denean, musukoa jantzita eramatea eskatzen da, nahiz eta aire librean egon”. Jende pilaketak ekiditeko, ikusleak ibilbide guztian zehar banatzeko ere eskatu dute antolatzaileek.

Elikadura burujabetza sustatzea helburu

Azken urteetan Elkartasun Krosak izan duen bilakaera azpimarratu du Jose Mari Villanueva zinegotziak: “Azken urteetan, Elkartasun Kroseko parte hartzeak gorantz egin du nabarmen. 2019an egin zen azkenekoz krosa egoera normalean, eta orduan 1.300 korrikalari inguruk parte hartu zuen. Aurtengo egoera erabat ezberdina da, eta covid-19aren mamua uxatu ezinik bagabiltza ere, krosa egiteko erabakia hartu dute antolatzaileek. Osasun sailak ezarritako neurriak betez egingo da, eta hala, Udala, bere partetik, orain arte eskaini diona emateko prest dago aurten ere. Seguruenik aurten korrikalari kopuruak behera egingo du, baina krosaren leloa azpimarratuz, emaitzak bigarren mailako helburu direla parte hartuko dute kirolariek”.

Hala, aurten, Kokuyo elkartearekin batera, Kolonbiako Guabas bailaran elikadura burujabea sustatzera bideratuko da krosean jasotako dirua. Antolatzaileek eman dituzte proiektuari buruzko xehetasunak: “Kolonbiako Cauca bailarako herrietan kafearen ustiaketa da nagusi, baina erabateko menpekotasun egoera batean. Merkatuaren diru jokoen menpe bizi diren herrialde hauetan, elikadura burujabetza eta familien sostengua lortzea da helburua. Covid-aren eraginez jasandako konfinamenduan agerian geratu zen bertako produktuak landatzearen eta bioaniztasunaren garrantzia. Hori dela eta, azken urteetan galdua zuten kultura berreskuratu nahi da eta hazien gordailuak sortu”.

Ikasleek egindako sariak banatuko dira aurten ere

Samaniego eta Orixe ikastetxeetako ordezkariek azaldu dutenez, aurten ere Tolosako ikastetxe publikoek elkarlanean diseinatutako eta egindako trofeoak banatuko dizkiete Elkartasun Kroseko 2. eta 3. sailkatuei. Orixeko ikasleek diseinatu dituzte sariak, TEEP Tolosako Euskal Eskola Publikoa-ren irudia oinarri hartuta, eta Lanbide Heziketako ikasleek ekoiztu dituzte. Mozorrorik onenak ere saria izango du.

Kirolaren alde egindako lana aitortzen duen sari berezia Lizeta Okomorentzat izango da aurten. Pisu jaurtitzaile txapelduna Samaniego eta Orixe ikastetxeetako ikasle izandakoa da.

Ekitaldia aurrera eramaten laguntzen duten guztiei esker ona adierazi nahi izan diete Samaniego eta Orixe ikastetxeetako ordezkariek.


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA