Kirola eta elkartasuna uztartuko ditu aurten ere Samaniego eta Orixe ikastetxeen Elkartasun Krosak abenduaren 31n

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2019/12/13 | Kirolak
  • Kolonbiako Cauca Bailarako herrietara liburuak eraman eta bertako herritarren alfabetatzea sustatzeko “Mandozaina” proiektura bideratuko da bildutako dirua.

  • Aurten 950 dortsal jarriko dira salgai, Shanti kirolak dendan, bihartik aurrera, eta horietatik 50 kadeteen kategoriarako gordeko dira. Aurten lehen aldiz bereiztuko da kategoria hori, eta korrikalariei kamiseta gorria emango zaie proba egunean erabili dezaten.

  • Kirolaren alde egindako lana aitortzeko urtero banatzen duten sari berezia Ibon Gonzalezen gertukoek jasoko dute aurten.

 

Kirola eta elkartasuna uztartzen dituen Elkartasun Krosa XXII. ediziora iritsiko da aurten. Ohi bezala, abenduaren 31n izango da, Samaniego eta Orixe Herri Ikastetxeetako kirol batzordeek antolatuta eta Tolosako Udalaren laguntzarekin. Urtetik urtera gehitzen doa parte hartzaile kopurua, eta ondorioz, baita dortsal kopurua ere. Aurten guztira, 950 dortsal jarriko dira salgai, eta horietatik 50 kadeteen kategoriarako gordeko dira. Izan ere, aurtengo berrikuntzetako bat da kadeteen maila bereiztea. Helduekin batera egingo dute korrika.

Shanti kirol dendan eskuratu ahalko dira dortsalak, bihartik aurrera (abenduak 14). Izen ematea 8 euro izango da, eta egunean bertan 12 euro. Aurrez izena ematen duten kadeteek 5 euro ordaindu beharko dute (egunean bertan 12 euro) eta haurrek ez dute izenik eman beharko. Korrikalari guztiek lasterketako kamiseta bana jasoko dute opari: helduen kamiseta morea izango da, eta kadeteena gorria.

Azken urteetan Elkartasun Krosak izan duen bilakaera azpimarratu du Jose Mari Villanueva zinegotziak: “Azken urteetan gure gizartean emandako aldaketa soziala eta kulturala ikaragarria bezain positiboa izan da. Kiroldegiak jendez gainezka daude, kalean gero eta jende gehiago ikusten da kirola egiten, tolobolei, eskubaloia, saskibaloia, arraunlariak Oria ibaian… ikaragarria da kirol jarduerek Tolosan hartu duten indarra, eta hori oso positiboa da herriarentzat. Aldaketa honetan, gainera, Samaniego eta Orixe ikastetxeek egin duten ekarpena oso garrantzitsua izan da, Elkartasun Krosaren bidez gure kaleak kirolerako, jairako eta elkartasunerako espazio bihurtu baititu urteko azken egunean”.

“Mandozaina” proiektua diruz laguntzen jarraitzeko

Dortsalekin lortutako dirua “Mandozaina” izeneko proiektua diruz laguntzera bideratuko da. Orain dela urte batzuk Samaniego herri ikastetxeak eta Cocu-yó elkarteak sinatu zuten hitzarmenaren harira sortutako proiektua da “Mandozaina”. Kolonbiako Cauca Bailarako herrietara liburuak eraman eta herritarren alfabetatzea sustatzea du helburu. Proiektua gauzatu ahal izateko mandoz garraiatzen dituzte irakurgaiak, eta hortik datorkio izena egitasmoari.

Urtero bezala, Zerkausian hasiko da lasterketa, eta iazko ibilbide bera egin beharko dute parte hartzaileek. 15:30ean hasiko dira txikienak korrika, eta kategoria bakoitza iritsi ondoren emango zaio irteera hurrengo taldeari. Helduen irteera ordua 16:45ean izango da.

Samaniego eta Orixe ikastetxeetako ordezkariek azaldu dutenez, aurten, Tolosako ikastetxe publikoek elkarlanean, trofeo berriak diseinatu dira Elkartasun Kroserako. Orixeko ikasleek diseinatu dituzte sariak, TEEP Tolosako Euskal Eskola Publikoa-ren irudia oinarri hartuta, eta Lanbide Heziketako ikasleek ekoiztu dituzte. Kategoria bakoitzean bigarren eta hirugarren sailkatzen direnek jasoko dituzte sari hauek, eta antolatzaileen helburua da datozen urteetarako sariak finkatuta uztea. Mozorrorik onenak ere saria izango du.

Kirolaren alde egindako lana aitortzen duen sari berezia Ibon Gonzalezentzat izango da aurten. Antolatzaileek zehaztu dutenez, “urtero parte hartzen zuen krosean eta aurten ere gurekin dela sentitzen dugu”.

Bestalde, urtero krosaren laguntzaileek emandako sarien zozketako zenbakiak Zerkausiko beiratean kontsultatu ahalko dira.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA