Kiroldegiaren egoera desblokeatzeko proposamena egin dio udalak BPXport enpresari

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/08/04 | Kirolak
  • Atzo udalaren eta enpresaren artean izandako bileran egoera gainditzeko zein bide jorratu proposatu zuen udalak, eta enpresaren erantzunaren zain da orain.

 

Azken asteotan udal ordezkariak eta teknikariak buru belarri aritu dira lanean, Usabal Kiroldegiko langileen eta BPXport enpresaren arteko lan gatazkaren blokeo egoerari irtenbidea emateko eta ahalik eta azkarren zerbitzua berriro ere martxan jartzeko. 

Udalak bere eskura dituen aukeren azterketa egin du, horietako bakoitzaren legedia, ondorio ekonomiko eta juridikoak, epeak eta kudeaketan izango lituzketen eraginak kontutan hartuz. 

Guztia ondo aztertuta, egoera desblokeatzeko balizko soluziobide bat topatu du udalak, eta bide hori jorratzeko proposamena egin dio BPXport enpresari. Aukera hori aztertzen ari da orain enpresa, eta berehala erantzuteko konpromisoa hartu du.

Negoziazioa, hala ere, amaitu ez dela ohartarazi du udal gobernuak: “Berme legalak dituen bide posible bat zehaztu dugu, eta hori soluziorako lehen urrats bat izan daiteke, abiapuntu eta oinarri bat. Bide hori jorratzeko proposamena onartuko balu enpresak, balizko konponbidearen baldintzak zehaztea da hurrengo urratsa. Udalak ezarritako irizpideen araberako baldintza horiek zehaztu behar ditu orain enpresak”.

Hori dela eta, zuhurtzia eskatu du udal gobernuak: “Oraindik bidea dago egiteko, eta mugatuak dira udalaren esku dauden aukerak. Bai eperik motzeenean zerbitzua berrezartzeko aukera emango luketenak, behintzat. Ahalegin guztiak egiten ari da udala kiroldegia ahal bezain pronto irekitzeko, erabiltzaile eta kirol taldeen beharrak lehenetsiz”.

Esan gabe doa, konponbiderik azkarrena eta eraginkorrena, BPXport eta bere langileen arteko lan gatazkari konponbidea jartzea litzatekeela. Hori horrela, negoziazio bideak itxi ez ditzaten eta akordioetara iristeko ahalegina egiten jarrai dezaten eskatu die udal gobernuak.

Berazubi estadioko instalazioen erabilera egiten dutenei kuota kobratuko diela jakinarazteko BPXportek bidalitako mezua ere izan zen eztabaidagai bileran. Udalak ez du begi onez ikusi erabaki hau, eta herritarren kexak eta ezinegona helarazi dizkio enpresari. Gaiaren jarraipena egingo duela ere ohartarazi dio.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA