Kiroldegiko negoziazioa bideratu eta adostasunetara iristeko bitartekaritza profesionala eskatu du urgentziaz Udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2023/05/17 | Kirolak
  • Blokeo egoera ikusita eta egoeraren larritasuna dela-eta kiroldegiaren itxierak ondorio larriak dituelako langile, erabiltzaile, kirol klub eta kirol langile eta profesionalengan; Tolosako Udalak publikoki exijitu die langileen eta sindikatuko ordezkariei eta enpresari berriro ere esertzeko, borondatez negoziatzeko eta adostasunetara iristeko egoerari lehenbailehen irtenbide bat emateko helburuarekin.

 

Kiroldegiko greba mugagabearen aurrean orain arteko ibilbidea azaldu eta hainbat argibide eman ditu Tolosako Udalak.

2021 urtean abiarazi zuen Udalak kirol instalazioen kudeaketa integralerako zerbitzuak kontratatzeko prozesua, aukera ezberdinak aztertu ostean, herritarrei zerbitzurik egokiena bermatzeko modurik eraginkorrena lehiaketa bidez zerbitzuak esleitzea zela iritzita. 2022an esleitu zen kirol-ekipamenduen kudeaketa zerbitzuaren emakida, lehiaketa publiko baten bidez. 2022ko irailetik hona BPXPORT XXI SLU enpresak kudeatu ditu kirol ekipamenduak.

Emakida berriaren baitan, hainbat hobekuntza ere txertatu ziren eskainitako zerbitzuak hobetzen jarraitzeko helburuarekin. Era berean, enpresa esleipendunak langilegoa subrogatu behar zuen eta langileen lan baldintza duinak bermatu (udalak ezarritako baldintzak beteaz). Gaur egun, Tolosako kiroldegiko langileek dira Gipuzkoa mailan eta sektorean, lan-baldintza onenetarikoak dituztenak.

Auzitan jarri denez, Udalak argitu du ezinekoa dela BPXPORT XXI SLU enpresak ordaindu behar duen kanona aldatzea. Kanon hori lehiaketa publiko baten emaitza delako, eta beraz, legez kontrakoa litzateke.

Udalaren egitekoa: bitartekaritza lana, adostasunetara iristeko

Urtarrilean hasi zen enpresaren eta langileen arteko negoziazioa, 2019tik berritzen ez zen lan hitzarmena berritzeko eta hobetzeko. Negoziaketa langile eta enpresaren artekoa da, Udalak soilik bitartekaritza lanak egin ahal ditu.

Udalak beraz, denbora honetan, bi aldeen arteko topaketa erraztu du eta bi aldeei akordio bat egon dadin exijitu die. Tolosako Udalak bere esku egon den guztia egin du bi aldeak eseri arazteko eta adostasunera iritsi zitezen sustatzeko. Hainbat bilera egin dira enpresako ordezkariekin, langileen eta sindikatuetako ordezkariekin eta baita kirol talde eta klubetako ordezkariekin ere. Guztira, 23 bilera. Horietatik 12 enpresa eta langileen ordezkaritzarekin azken 5 hilabetetan eta 11 kirol eragileekin azken 3 hilabetetan.

Udalak ezin ditu zehaztu eta azaldu akordiora ez iristeko gakoak zeintzuk diren, enpresari eta langile eta sindikatuen ordezkariei dagokie hori, baina Udalaren iritziz erabaki guztiek erantzun behar diote proportzionaltasun printzipioari. Negoziaketa egon da, bi aldeak mugitu dira, hainbat puntutan lortu da adostasuna, baina bi aldeak inoiz baino gertuagoa zeudenean, greba mugagabea deitu da.

Udalak une oro errespetatu ditu bi aldeen denborak, negoziaketa prozesua bera eta noski, greba eskubidea. Blokeo egoera honen aurrean baina, eta egoeraren larritasuna eta ondorioak direla-eta, Udalak bi aldeak publikoki deitu ditu bitartekaritza profesional baten eskutik, adostasunetara iritsi daitezen, kiroldegiaren itxierak eragin zuzena duelako herriarengan, herritarrengan, herriko kirolari, kirol klub eta taldeengan zein kirol taldeetako langileengan ere. Beraz, grebaren ondorioak larriak dira guztientzat:

  • Kiroldegiko langileentzat eta enpresarentzat, batetik.
  • Instalazioak erabili ezin dituzten 10.770 erabiltzaileentzat, bestetik.
  • Baita profesionalak dituzten kirol klubentzat ere.
  • Denboraldi amaieran dauden eta estatu mailan eta Europa mailan lehiaketak dituzten klubetako kirolarientzat baita ere, ezin entrenatu daudelako.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, kiroldegiko negoziazioa bideratu eta adostasunetara iristeko bitartekaritza profesionala eskatu du Udalak urgentziaz, komitea eta enpresa borondatez eseri daitezen, ahalik eta azkarren, gatazka desblokeatu eta irtenbiderik onena bilatzeko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA