- Programa “txartel birtual” bat da eta horren bitartez, Usabal kiroldegiko abonatuek programari atxikitutako beste udalerri batzuen kirol instalazioak erabili ahal izango dituzte, Gipuzkoan, Bizkaian zein Araban, baita alderantziz ere.
- Gipuzkoan, esaterako, 25 udalerri daude programara atxikita, horien artean, Arrasate, Elgoibar, Beasain, Zumaia, Azpeitia…
- Jose Mari Villanueva, kirol saileko zinegotzia: “Tolosako Udalak kirol zerbitzuen etengabeko hobekuntzan jarraitzen du lanean. Lehenbizi kirol instalazioen kudeaketarako esleipen berrian hobekuntzak txertatu zituen, herritarren eskariei erantzuteko eta kalitatezko kirol instalazioak eskaintzeko eta gaurkoan, urrats berria eman du, Mugiment Kirol txartelera batuz. Honi esker, tolosarrek gustuko duten edozein kirol egin ahal izango dute programara atxikitako edozein udalerritan, eta beste udalerrietako kiroldegietako abonatuek ere aukera izango dute goizez Usabal erabiltzeko, guztiek, doan”.
Kirol praktika gero eta hedatuago dagoen honetan, kiroldegiko erabiltzaileen kopuruak ere nabarmen egin du gora azken hilabeteetan.
Horri jarraiki, Tolosako Udalak kirol zerbitzuen etengabeko hobekuntzan jarraitzen du lanean eta orain, KirolTxartela Mugiment programara atxikitu da, kirol praktika Tolosan eta tolosarren artean sustatzen jarraitzeko helburuarekin.
KirolTxartela Mugiment “txartel birtual” moduko bat da eta horren bitartez, Tolosako Usabal kiroldegiko erabiltzaileek programara atxikita dauden beste udalerrietako kirol instalazioak erabiltzeko aukera izango dute (kiroldegiak, igerilekuak, frontoiak…). Aldi berean, beste udalerrietako kiroldegietako erabiltzaileek ere Usabalgo instalazioak erabili ahal izango dituzte, kasu honetan goizez bakarrik, astean zehar 7:00etatik 15:00etara eta larunbatetan 15:00etatik 20:00etara, ohiko erabiltzaileek lehentasuna izan dezaten instalazioen erabilpenean. KirolTxartela Mugiment dohainik da gainera abonatuta dauden erabiltzaile guztientzat.
“Tolosako kirol zerbitzuak hobetze aldera, azken hilabeteetan egindako aldaketen artean, lehenbizi kirol instalazioen kudeaketarako esleipen berrian hobekuntzak txertatu zituen Udalak, herritarren eskariei erantzuteko eta kalitatezko kirol instalazioak eskaintzeko eta gaurkoan, urrats berria eman du, KirolTxartela Mugiment programara batuz. Honi esker, Tolosako Usabal kiroldegian abonatuak direnek, kirola egiteko aukera izango dute Mugiment-era atxikitako edozein udalerritan eta beste udalerrietako kiroldegietako abonatuek ere aukera izango dutela Usabal erabiltzeko, guztiek, doan”, adierazi du Jose Mari Villanuevak, kirol, saileko zinegotziak. Gehitu du, programaren helburu nagusia dela “euskal biztanleen kirol praktika areagotzea, kasu honetan bereziki tolosarrona, kirol jarduera osasuna baita”.
77 udalerri batzen dituen programa
KirolTxartela Mugiment programara atxikita daude, une honetan, 77 udalerri, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban banatuta. Horri jarraiki, aurrerantzean, Usabal kiroldegiko erabiltzaileek 77 udalerri horietako kirol instalazioak erabiltzeko aukera izango dute, baita alderantziz ere.
Gipuzkoan, adibidez, 25 udalerri daude programara atxikita, horien artean, Arrasate, Elgoibar, Beasain, Zumaia, Azpeitia, Lezo, Oñati, Ordizia…
Horretarako, ezinbestekoa izango da mugikorrean KirolTxartela Mugiment aplikazioa instalatzea mugikorrean eta bertan erregistratzea. Behin pauso hori eginda eta balioztatuta, erabiltzaileek jakinarazpen mezu bat jasoko dute eta KirolTxartela Mugiment erabili ahal izango dute. Horrela, kirol instalaziora sartzeko orduan, nahikoa izango da “txartel birtuala” eta NANa erakustearekin.
Esteka honetan programaren inguruko informazio guztia dago eskuragarri: KirolTxartela Mugiment programara atxikita udalerriak, udalerri bakoitzean erabilgarri dauden kirol instalazio eta jarduerak edota programaren funtzionamendua.