Mendi Film nazioarteko jaialdiko pelikula onenen zirkuitu ibiltaria Tolosako Leidorrera itzuliko da martxoaren 7, 8 eta 9an. Mendi Tourraren 12. edizioa da Tolosan, saioetara bertaratzen direnek mendiko zinemarik onenarekin gozatuko dute berriz ere.
Mendiko, abenturazko, muturreko kiroletako eta naturako pelikula zoragarriek osatuko dute Tolosako programazioa. Guztiak dira obra gomendagarriak mendizaleentzat, zinemazaleentzat nahiz publiko zabalarentzat.
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 14. edizioko 7 film eskainiko dira, Mendi Filmeko 6 sari jaso zituztenak, hau da, hango palmaresaren zati handi bat dakar Tolosako aurtengo programazioak.
Pelikuletako protagonistak diren gonbidatuak ere bilduko dira Leidorko saioetara: ‘Mendiak-1976’ arrakastatsuaren izenean Gregorio Ariz euskal alpinista aitzindaria, eta Luis Arrieta, Dani Burgui eta Jesus Iriarte zuzendari nafarrak bertan izango dira. Mendi Filmen estreinatu zen pelikula bi sari eskuratuz: Mendiko Film Onena eta Ikusleen Saria. Harrez gero Iruñeko Golem zinemetan 7 astez iraun du karteldegian, eta Mendi Tourrean ere harrera bikaina izaten ari da.
Mikel Sarasola zuzendari eta kayaker donostiarrak ‘Jötunn’ aurkeztuko du, joan zen udan Islandian eginiko kayak espedizioaren irudi ikusgarriekin.
Eta Bideolan ekoiztetxeko Iker Larrañagak eta Jon Goikoetxeak, ‘Amagana’ film laburra aurkeztuko dute, Itziar Zabala eskalatzaile dimoztarra protagonista duena. Euskarazko Film Onenaren saria jaso zuten Mendi Filmen.
Tolosako Udalak, Kirol eta Kultura departamentuen bidez, babestu du, beste behin Leidorren egingo den Mendi Tourra, eta orain arteko edizio guztietan bezala, bidaide fidela du babesletza horretan, TolosaGasa.
MENDI TOUR TOLOSA 2022 EGITARAUA
-
Saioak 19:30ean hasiko dira.
-
Jatorrizko bertsioetan eskaintzen dira pelikulak, Mendi Filmek sortutako azpitituluekin lagunduta.
-
Zeinu hizkuntza interpretazioa eskainiko da pelikulen aurkezpenetan.
Martxoak 7 astelehena
|
ACTION DIRECTE
Mendi Film 2021 Sail Ofiziala
Melissa Le Nevé eskalatzaile frantziarra da 'Action Directe' 9a graduko bide ikonikoa eskalatu duen lehen emakumea. Temati heldu dio erronkari hainbat urtez, gorputz-arima bide horretan jarrita.
|
|
LE CAVALIER MONGOL
Zuzendari Onena eta Soinu Banda Onena Mendi Film 2021
Darhat haranean, Mongolia iparraldean, tribu nomaden zaldiak bidelapurren esku desagertzen ari dira. Baina Shukhert, Darhateko zaldun zaindaria, haien atzetik dabil atsedenik gabe, western baten tankeran, “dagokiona berreskuratzeko”.
|
Martxoak 8 asteartea
|
AMAGANA
Euskarazko Film Onena Mendi Film 2021
Itziar Zabala Baltzolako kobaren altzoan hazi eta hezitako puntako eskalatzailea da. Hari zor dion debozioak darama, berriro, amagana.
|
|
MENDIAK-1976
Mendiko Film Onena eta Ikusleen Saria Mendi Film 2021
Historia zirraragarria, 1976an Shakhaur (7.116m) inguruan espedizio nafar bat eta poloniar bat betirako anaitu zituena: gailur historikoa, istripu tragikoa, mugarik gabeko elkartasuna, erreskate gogoangarria, eskutitz harreman zentsuratua, berreskuratutako kontaktua, eta duela bi hilabete Bilbon, 45 urte, berriz elkartzea.
|
Martxoak 9 asteazkena
|
BLACK ICE
Eskalada Film Onena Mendi Film 2021
Larruazal beltzekoentzat ezohikoa den jokogune bat: elurra eta izotz hormak. Eta berezko dituzten ezaugarriak: anaitasuna eta rollo ona. Menphistar batzuk protagonista, alpinista izatea zer den ikasi nahi dutenak haien irakaslearengan uste on osoa jarriz: Conrad Anker.
|
|
JÖTUNN
Mendi Film 2021 Sail Ofiziala
Islandia, suaren eta izotzaren lurraldea, munduan ur-jauzi gehien dituen lekuetako bat da; muturreko kayaka egiteko erreferentziazko lekuetako bat beraz. Puntako hiru kayakerrentzat gutizia bat: Mikel Sarasola, Aniol Serrasolses eta Aleix Salvat.
|
|
TXANGO
Mendi Film Bizkaia Ternua Beka 2021
Mendian hasiberri den lagun talde baten txangoa Pagasarrira (671m, Bilbo). Kolore eta ñabardura aberatsez betetako ibilaldia, kultura eta genero aniztasunaren ispilu.
|
Mendi Tour 2022
BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldia abenduan egin ohi da, 10 egunez. 2021eko edizioan mendi gaiei lotutako 52 filmek parte hartu zuten, horietatik 11 nazioarteko estreinaldiak. Mendi zinemagintzaren industrian erreferente handia da Mendi Film.
Segidako urtean Euskal Herrian abiatu eta Espainia osoko hiri eta herrietara zabaltzen den mostra ibiltaria da Mendi Tourra, urtarrilean hasi eta azarora bitartean 50-60 hitzordu eta 150 saio inguru eskainiz. Abenduan Bilbon bizitzen den festaren eragina urte osora zabaltzen da beraz, mendiko zinema zaleei pelikula txalotuenak ‘etxera’ eramanez.
2022ko behin behineko egutegia:
URTARRILA
21 ATAUN (lehen edizioa)
24-25 DONOSTIA (11. edizioa)
28 (eta otsailak 4) ZANGOZA (8. edizioa)
29 CANET D’EN BERENGUER (8. edizioa)
OTSAILA
4 ZANGOZA (8. edizioa)
8-9-10 VIGO (3. edizioa)
9-10 LEIOA (11. edizioa)
11-13 ESKORIATZA (7. edizioa)
21-22-23-24 IRUÑA (7. edizioa)
MARTXOA
1-2-4 SANTUTXU-Bilbo (5. edizioa)
7-8-9 TOLOSA (12. edizioa)
10 AGURAIN (5. edizioa)
|
11-13 ESKORIATZA (7. edizioa)
14-16-17-18 GASTEIZ (10. edizioa)
15-22 EIBAR (8. edizioa)
17-24 ZALDIBAR (6. edizioa)
18-19 VIELHA E MIJARAN (4. edizioa)
21-22 VALLADOLID (3. edizioa)
26 OTXANDIO (2. edizioa)
29-30 BURGOS (4. edizioa)
31 (eta apirilak 1) IGORRE (9.edizioa)
APIRILA
1 IGORRE (9.edizioa)
4-5-6 CAMARGO (4. edizioa)
8-9 HONDARRIBIA (7. edizioa)
MAIATZA
10 ARRASATE (10.edizioa)
|