Unai Saralegi eta Unai Regillaga judokek eskuratu dute 2025eko Kirol Galako Sari Nagusia

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/12/18 | Kirolak
  • Judokek eskuratutako lorpen guztiak aitortu asmoz, Usabal kiroldegiko atarian brontzezko plaka jarri du Tolosako Udalak. 

  • Kategoria absolutuan, Eukene Larrarte txirrindulariak lortu du emakumezko kirolari onenaren saria.
     

Aurtengo Kirol Galak 23-24 eta 24-25 denboraldietan Tolosako kirolariek izandako emaitza azpimarragarrienak saritu nahi izan ditu, Tolosako kirolarien erronkak goraipatuz eta haien lorpenak aitortuz. 

2025eko Kirol Galako Sari Nagusia, hautagai guztien artean aukeratua, Unai Saralegi eta Unai Regillaga judokek eskuratu dute. Kirolariek atzo, abenduaren 17an, jaso zituzten sariak, Leidor Aretoan ospatu zen ekitaldian. Sari Nagusia eta txapela jasotzeaz gain, judokek oroigarria (egurrezko piramide bat), Tolosa &COren erosketa-bonua, Gorrotxategiren Euskal Pilotak eta KIROLZERen eskutik bi urterako (2026 eta 2027) doako kirol abonua jaso zituzten. Gainera, judokek eskuratutako lorpen guztiak aitortu asmoz, Usabal kiroldegiko atarian brontzezko plaka jarriko du Udalak.

Modu horretan, Unai Saralegi eta Unai Regillaga kirolari onenen zerrendara gehituko dira, Irati Lacunza, Xabi Alonso, Edurne Pasaban, Xabier Fernandez, Imanol Rojo, Joseba Rojo,  Armando Roca, Unai Arroyo, Kepa Caballero eta Irene Caminosekin batera.

90 kirolaritik gora aitortuta

Guztira, 2025eko Kirol Galak 86 banakako kirolari eta 7 talde saritu ditu. Kirolari saritu horiek 20 kirol-diziplinatan lortu dituzte emaitza aipagarriak. Ekitaldian, Kirolari Onenen Sariak (marketan eta lorpenetan oinarrituak) eta Beste Sariak (errekonozimenduak) banatu ziren.

Kategoria absolutuan, jada aipatutako Unai Saralegi eta Unai Regillagaz gain, Eukene Larrarte txirrindulariak lortu du emakumezko kirolari onenaren saria. Larrartek zilarrezko domina lortu zuen 2023an Suitzako Grenchen herrian jokatu zen pistako txirrindularitzako Europako Txapelketan, scratch modalitatean. 

Bestalde, promesa edo etorkizuneko kirolarien kategorian, emaitza esanguratsuak izan dituzten kirolariak ere saritu ziren. Neska promesa onenaren saria Nahia Garrido igerilariak jaso zuen. Mutil promesa onenaren saria, aldiz, Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri judokentzat izan zen. Gainera, gutxienez Euskadiko txapelketan podiuma lortu duten 66 kirolarik jaso zuten diploma.

Errekonozimendu eta aipamen berezien kategorian, non kirol emaitzetatik haratago ekitate eta balioen aldeko ekarpena saritzen den, honako hauek izan dira izendapenak:

Ekitate eta balioen sariak

  • Kirol-jarduera eredugarriena: XIV orduak, bere mendeurrenean (1925-2025)

  • Parte-hartze eta inklusioa: Mugi Tolosa. Gaixotasun mentalak dituzten pertsonen inklusiorako egiten duten lanaren aitorpena. Ana Allue (Gurutze Gorria),  Amaia Garmendia (Goyeneche Fundazioa), Elena Mazo (Uzturre egoitza).

  • Babeslea: Garaje Tolosa, kirola babesten laguntzeagatik.

  • Entrenatzailea: Oscar Gibelalde, Tolosako judo elkarteko harrobiaren erreferentea eta garaipenen konplizea; bere lanari balioa eman eta aitortu nahi izan da.

  • Kirol ibilbidea

  • Koldo Arsuaga: TAKEko lehendakari-lanetan emandako urteengatik.                                                                                                      

  • Irene Caminos:, bike-trialen emandako urteengatik eta garaipenenegatik.

  • Berdintasunaren saria: Eukene Larrarte, txirrindularitzazale amorratua eta emakumeen txirrindularitzan erreferentea.  

Aipamen bereziak

  • Elkarte eta jardueren urteurrenak:

  • TCFko Gimnasia Erritmikoko klubari, sekzioaren 25. urteurrenean

  • TAKEri 3x3 saskibaloi txapelketaren 25. urteurrenean

  • Kirolariak:

  • Carlos Gorria: orientazioan, master kategorian, lortutako emaitzengatik.

  • Harkaitz Labeaga: iraupen-eskian eta roller-eskian, master kategorian, lortutako emaitza aipagarrientgatik.

  • Iñaki Jimenez Sorron: ultrafondista, Atenas-Esparta lasterketan izandako parte hartze onagatik. 2024ko urrian, Atenas eta Esparta lotzen dituen lasterketa egin zuen: 29 ordu, 249 kilometro eta 1.200 metroko desnibela. Korrikalari euskaldunen bigarren denbora onena lortu zuen.

  • Maria Ongay: beterano mailako munduko judo txapelketan 3. postua.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA