Usabal eremuko 3.faserako proiektua prest

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2021/11/05 | Kirolak
  • Naturan integratutako parke berria sortuko da, kirol instalazio berriekin (pumptrack, skate park eta trial eremua) eta ibai ertzeko pasealekuarekin, herritar ororen erabilerarako eremua izan dadin. Obrak datorren urtean gauzatuko dira.

  • Olatz Peon Ormazabal, alkatea: “Udalak legealdi planean jasotako proiektuak aurrera eramateko lanean jarraitzen du, herritarrei eskainitako zerbitzuak hobetu eta herriko eremu desberdinak berreskuratu eta herritarrei aukera berriak eskaintzeko helburuarekin; Usabal potentzial handiko eremua da eta proiektu berriarekin kirola egiteko espazio berriak izateaz gain, ibaiaren presentzia indartuko da eremuan eta naturan integratutako elkarbizitzarako parkea egokituko da, tolosar guztien gozamenerako eta erabilerarako”

 

Legealdi Planean jasotako proiektu estrategikoetako bat da Usabal eremuaren 3. fasea. Eremuaren garapenerako proiektua prest du jada Udalak eta datorren urtean aurrera eramango dira obrak.

Gaur prentsaurrekoan, proiektua aurkeztu dute Tolosako alkateak, Olatz Peonek, eta kirol saileko zinegotzi arduradunak, Jose Mari Villanuevak.

Alkateak azpimarratu du, tolosarrekin hartutako konpromisoei eutsiz, legealdi planean jasotako proiektuak aurrera eramateko lanean jarraitzen duela udal gobernuak. “Herritarrei eskainitako zerbitzuak hobetu eta herriko eremu ezberdinak berreskuratu eta atseginago egiteko, eta kasu honetan, kirol instalazioak berritu eta horien erabilera optimizatu eta indartzeko helburuarekin garatu dugu Usabal eremuko 3 faserako proiektua; proiektu estrategikoa dena”.

“Potentzial handiko eremua da Usabalekoa, izugarrizko aukerak ematen dituena” esan du alkateak, “horregatik, aukera ezberdinak aztertu eta landu dira, beste herrietako kirol eremuak ere aztertu dira, eta proiektua kirol eragileekin eta erabiltzaileekin elkarlanean garatu da”.

“Proiektu berriarekin, kirola egiteko eremu berriak sortzeaz gain, naturan integratutako parkea eta ibaiaren albotik igaroko den pasealeku berria sortuko dira, ibaiaren presentzia eremuan indartzeko”. “Eremu bizia izatea nahi dugu, elkarbizitzarako gune bat, tolosar guztien gozamenerako eta erabilerarako izango dena, tolosarrei aukera berriak eskaintzeko eta eremua herritarrentzat atseginagoa eta erakargarriagoa egiteko”.

Berdegunez inguratutako kirola egiteko eta egoteko parke misto handia

Eremu berria parke misto handi bat izango da. 14.300 metro karratuko parkea. Tirolina tokiz aldatuko da eta albo batean kokatuko da; skate park-a handituko da; trial modalitaterako eremua berrantolatuko da eta pumptrack eremua berria sortuko da. Bertan egoteko berdegunea ere egokituko da eta hiri altzariak jarriko dira.

Kirol eragile eta erabiltzaile bakoitzaren beharrak kontuan izan dira proiektua garatzerako orduan, kirol eremu bakoitzak nolakoa behar duen landuz eta adostuz erabiltzaileekin, oso behar eta elementu zehatzak behar direlako kirol modalitate bakoitzerako. Street estilorako barandak jarriko dira eta zailtasun ezberdinetako elementuak, profesionalek ere beren kirol jarduera bertan egiteko aukera izan dezaten. Zailtasun ezberdinetako pumptrack-a sortuko da eta babes elementuak ere jarriko dira parke osoan zehar herritarren segurtasuna bermatzeko.

Tolosa-Alegia biderako trazatu berria egingo da eta beraz, bidearen konfigurazioa aldatu egingo denez, oinezkoen eta bizikleten arteko bizikidetza ahalbideratzeko bide berrria egingo da, 3,6 metroko zabalera izango duena eta pasabide berria ibaira hurbilduko da, kirol-pistetarako tokia uzteko.

Beraz, erabilera anitzeko eta erabilera guztiak integratzeko proposamen eta proiektua da, natura ikuspegia txertatuta duena eta herritarrei aukera berriak eskainiko dizkiena.

Iraunkortasuna bermatzeko materialak

Parke osoari uniformetasuna emateko material bera erabiliko da eta kirol eremu guztietan hormigoia erabiliko da iraunkortasuna bermatzeko, izan ere, skate-park-ak esaterako material oso gogorrak behar ditu denboran irauteko eta horregatik, jaso da proiektuan hormigoia erabiltzeko aukera.

Paisaiari dagokionez, ibai-parkearen lerroari jarraipena eman nahi zaio eta kirol pista guztiak zuhaitzez inguratuta geldituko dira. Batez ere, espezie iraunkorrak jarriko dira, haien hosto eta fruituak ez daitezen kirol-pistetara erori.

Hortaz, iraunkortasunari eta mantentze-maila txikiari lehentasuna eman zaie eraikuntzarako materialak eta landaredia aukeratzeko orduan.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA