XIV orduko ibilaldiaren mendeurreneko erakusketa, gaurtik aurrera Aranburu Jauregian

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/05/06 | Kirolak
  • Argazki bilduma zabala, jatorrizko agiriak, edizio guztietako kartelak, liburuxka eta eskuorriak, diplomak eta bestelako objektuak ikusi ahal izango dira.
  • Erakusketaz gain, mendeurrenari buruzko hitzaldi eta proiekzio bat izango da ekainaren 5ean, Aralarko Adiskideak elkarteak antolatuta.


Ekainaren 7an ehun urte beteko dira Tolosaldeko hamalau mendizalek mendi-erronka bat egin zutenetik. Tolosatik abiatuta, Gaztelu, Uli, Gorriti, Lekunberri, San Miguel, Guardetxe, Igaratza, Amezketa eta Alegia zeharkatu zituzten, berriro ere Tolosarainoko bidean: 70 kilometro guztira. 14 Orduko Ibilaldia izenarekin igaro zen historiara zeharkaldi hura.

Efemeride hori gogora ekarri eta orain arteko bilakaerari balioa eman nahian, Aralarko Adiskideak elkarteak bi ekitaldi antolatu ditu: XIV orduko ibilaldiari buruzko erakusketa, eta mendeurrenaren inguruko hitzaldi eta proiekzio bat.

Erakusketa gaur inauguratuko da Aranburu Jauregiko sotoan, 18:00etan. Komisario lanak egin dituen Xabier Agirrek gidatuko du saioa. Jatorrizko agiriak, argazki eta kartel bilduma zabala, liburuxka eta eskuorriak, diplomak, kontroletako fitxak, opariak, azken urteotako bideoak eta bestelako elementuak ikusi ahal izango dira erakusketan, ekainaren 7ra arte.

Ekainaren 5ean, berriz, ‘XIV Orduen mendeurrenean’ izeneko hitzaldi eta proiekzioa izango da Topic-en, 19:00etan. Francisco Tudurik martxaren jatorria eta bilakaera izango ditu hizpide, eta argazki eta dokumentu ugari erakutsiko ditu. Ondoren, Pablo Dendaluzek egindako ikus-entzunezkoa proiektatuko da.

 

XIV Orduen bilakaera: erronkatik arrakastara

1925eko ekainaren 7 hartan, Francisco Larrañaga Goya (Patxi Txortxi), Ramon Barrio, Jose Albero, Paco Tuduri, Eduardo Laborde, Juan Jauregi, Anthon Subijana, Teodoro Agote, Ricardo Diaz, Francisco Labaien, Ricardo Azaldegi, Manuel Laborde, Victor Arrillaga eta Simon Arruek parte hartu zuten ibilaldi hartan.

Hurrengo urtean berriro errepikatu zuten martxa, maiatzaren 30 batez, lehen aldian baino mendizale gehiagok. 1943an eta 1967an ibilaldi neurtu modura antolatu zuen Aralarko Adiskideak elkarteak, lehia izaerarik gabe, ibilbide eta izen berarekin.

1972. urtetik aurrera, Olinpiar Jokoen harira, urte olinpikoen urteetan antolatzen hasi ziren. Hala, Euskal Herriko mendizale martxa ezagunena eta arrakastatsuena bihurtu zen, beti Aralarko Adiskideak elkarteak antolatuta. Geroztik, 2020an pandemiagatik izan ezik, lau urtean behin ospatu da hitzordua, eta milaka mendizale elkartu dira.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA