MUGI eta Tolosako Udalarekin elkarlanean, zinema saioa eta osasun arazoei buruzko hitzaldia eskaini du Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak TOPICen, adinekoei zuzenduta.
Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak Tolosara eraman du gaur, hilak 30, berriki martxan jarri zuen Zinema Osasungarria proiektua, MUGI ekimenaren baitan. Helburua hiritarren osasun heziketa lantzea izan da, zinema baliatuta, eta kasu honetan MUGIko adineko pertsonentzat izan da saioa.
Zehazki UP filma proiektatu da, gizon zahar eta haur baten abenturak kontatzen dituen pelikula. Proiekzioaren ostean, Sendagileen Elkargoko idazkari nagusia den Belen Alonso sendagileak filmean agertzen joan diren osasunari buruzko arazoen inguruan hitz egin die bertaratutakoei, Minia izeneko bere txotxongiloa baliatuz. Bien artean adineko pertsonek jasaten dituzten gaixotasun eta osasun arazoak aztertu dituzte baina baita horiek arindu dezaketen gauza txikiak ere; esaterako, konpainia, laguntasuna eta MUGIk bultzatzen duen bezala, belaunaldien arteko harremana.
MUGIn parte hartzen duten erakunde eta mugimendu desberdinak hurbildu dira saio berezi honetara, baita Tolosako alkatea, Olatz Peon Ormazabal, eta aipatu bezala Belen Alonso Gipuzkoako Sendagileen Elkargoko idazkari orokorra. Aurten inoiz baino eragile gehiago dira Mugi Tolosaren parte; guztira 17 gehi Udala. Aurreko edizioetan parte hartutakoei Orixe BHI Institutua gehituko zaie: Iturriza, Harizpe eta Beti Gazte jubilatu elkarteak; Ilarki elkartea, Goienetxe Fundazioa, Gurutze Gorria, Iurramendi Egoitza, Uzturre Asistentzia Gunea, Osasun Publikoa, Osakidetza, Nagusilan, Asuncion Klinika, Centro de Dia Madre Josefa eta Tolosako Herrikide, Laskorain, Inmakulada eta Orixe BHI ikastetxeak.
Alkatearen hitzetan, “Pertsona erdigune duen herria da Tolosa eta MUGI da horren erakusle garbia. Bere 5.edizioan inoizko parte-hartze handiena lortzen ari da eta belaunaldi desberdinen arteko sozializazioa indartzen. Bere baloreetako bat, gainera, parte hartzaileen bizimodu osasuntsua bultatzea da, aisialdi eta jarduera fisikoaren bitartez. Erakunde eta kolektibo desberdinen arteko lana helburu dutenen emaitza da”. Azkenik, parte hartzaile eta bolondres guztiei eskerrak eman dizkie.
Sendagileen Elkargotik ere oso modu positiboan baloratu dute esperientzia. Belen Alonsoren hitzetan “aukera ezin hobea eman digu MUGIk pertsona helduengana hurbildu eta euren osasun arazoak jorratzeko. Oso esperientzia polita izan da eta pozik gaude MUGIren baloreak indartzeko eman diguten aukeragatik, oso identifikatuta sentitzen baikara horiekin”.
Osasunari buruzko heziketa indartu
Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak pasa den irailean jarri zuen martxan Zinema Osasungarria proiektua, bereziki haur eta gazteei zuzendua. Hileko lehen ostiraletan bere egoitzan, Donostian, haurrei zuzendutako film bat proiektatzen da, saio ireki eta doakoan. Proiekzioa eta gero, Minia txotxongiloa eta Belen Alonso medikuak solasaldi laburra egiten dute bertaratu direnekin eta pelikulan ikusi diren zenbait kontzepturen inguruan hausnartzen dute, pertsonen osasun fisiko nahiz emozionalarekin zer ikusia dutenak.
2018an oso emaitza onak izan zituen ekimenak eta 2019an ekimenari jarraipena emango zaio. Informazio gehiago nahi duenak Elkargoko webgunean aurki dezake: www.comgi.eus.