-
Hiru eremuen artean, 993 pertsonak hartu dute parte.
-
Eremuz eremu prozesuak emandako guztia Erabaki plataforman dago eskura.

AuzoEkin proiektuaren lehen esperientzia pilotuak egin du bere bidea. Estreinakoz, lehen urtean (2025eko martxotik 2026ko martxora), hiru eremuk hartu dute parte: San Estebanek, Bidebieta-Izaskun-Iparragirre eremuak, eta landa-eremuko auzoek.
Bada, eremu bakoitzean diagnostiko integrala landu, auzoz auzo bisitak egin eta herritarren proposamenak jaso eta gero, udal-teknikariek emandako erantzun edo/eta proposamenetatik abiatuta, auzotarrek lehenetsi dituzte aurten egin beharreko lanak. Eremuetako bakoitzak 60.000 euroko poltsa du, eta udal-aurrekontuaren inbertsioen atalean jasoa dago jada lan horiek egikaritzeko dirua.
Eremu bakoitzean diagnostiko integrala landu da bertako herritarren parte-hartzearekin. Horretarako, inkestak, auzoz auzo bisitak eta herritarren proposamenak jasotzeko tailerrak egin dira eta gero, udal-teknikariek emandako erantzun edo/eta proposamenetatik abiatuta, auzotarrek 5 urterako plangintza estrategikoa onartu eta lehen urtean, hau da, 2026 urtean egin beharreko lanak lehenetsi dituzte.
Lan horiez gain, Udalak ere bere gain ere hartu ditu beste zenbait lan, beste bide batzuetatik egikaritzeko, edo/eta lantzeko. Hemen laburbilduko ditugu eremu bakoitzean lehenetsitako inbertsioak:
Bidebieta-Izaskun-Iparragirre
-
Zabalarreta: lan bat baino gehiago aurreikusi dira parkean. Batetik, komun publikoa konpondu eta irekitzea; inausketa kontrolatuak egitea; LED argiteria jartzea oinezko pasabideetan (proposamen teknikoa egiteko jada aztertzen ari dira).
-
Bizikletentzako aparkalekuak: eremu osoan puntu gehiago jarriko dira. Kokalekuak aztertu dira dagoeneko: Igeralden, Zabalarretan eta Izaskungo iturriaren ondoan gehiago jarriko dira, besteak beste.
-
Deribetan identifikatutako beste lan batzuk, berriz, bideratu dira dagoeneko: Kondeaneko aldapako oinezko pasabidea, markesina, irisgarritasuna hobetzeko pasabide altuak Iparragirren edo zenbait aparkalekuren berrantolaketa. Epe motzean gauzatuko dira lan horiek.
San Esteban
-
Ttonttor auzo elkartearen kanpoaldea: eremua berritzeko proposamena egin dute, plaza itxura emateko. Besteak beste, aterpea eta estalitako eserlekuak jartzea, komun publikoak berritzea eta irekitzea, eremua zabaltzea proposatzen da. Aurten, proiektua diseinatzeko diru-partida bideratuko da AuzoEkinen barruan.
-
San Joan kaleko argiteria: zuhaitz-adarren gainetik geratzen dira farolak, eta ez dute kalea behar bezala argitzen. Ikuskapena egin da, eta egokitzeko bidean da, soluzio bat emate aldera.
-
Haur parkea: haur txikienentzako aukerak jartzea lehenetsi dute. Zabuak jarriko dira, eta jada adostuta dago bizilagunekin kokaleku berria. Aurrekontua jada onartu da eta lanak aurki egingo dira.
-
San Esteban 15: eremu horretan bi lan lehenetsi dituzte. Bata, argiztapena hobetzea, eta, bestea, drainatzea hobetzeko obra egitea.
-
Ttorre: ubidea konpondu eta birgaitzea proposatu dute, paretak erori baitira eta euria egiten duenean urak gainezka egiten baitu. Ez da interbentzio erraza, lurpeko zatia baita. Horregatik, zein soluzio eman jakiteko azterketaren enkargua egingo da aurten.
-
Kulturartekotasuna sustatzeko jarduerak: jatorri atzerritarreko bizilagun ugari ditu San Esteban auzoak; elkar ezagutzeko eta gerturatzeko saioak egitea proposatu da.
Landa-eremua
-
Urbanizazio-lanak: Aldaban, Auzotxikian, Bedaion, Olarrain eta Urkizun aurreikusten dira gisa honetako lanak. Besteak beste, auzoetako erdiguneetako seinalizazioa eta informazio-panelak hobetu, eta egurrezko baranda eta mahaiak berrituko dira zenbait puntutan.
-
Hornidura hobetzeko obra: Urkizuko auzo-elkarteko ur horniduraren hoditeria berria jartzea.
-
Aparkalekua: Aldaba sarreran aparkalekua egokitzea proposatu da.
-
Desfibriladoreak: Aldaban, Urkizun eta Bedaion desfibriladore bana jarriko da.
-
Argiteria: Aldabako, Urkizuko, Auzotxikiko eta Uganeko zenbait puntutan argiteria hobetzeko edo jartzeko lanak egingo dira.
Eremuz eremu prozesuak emandako guztia Erabaki plataforman argitaratu da uneoro eta bertan kontsultatu ahal izango dira dokumentuak: bilera eta saioetako aktak, proposamenak, diagnostikoak, auzoz auzo beharrak identifikatzeko eta geolokalizatzeko egindako bisitak, lehenetsitako lanen informazio osatuagoa...
Izaera komunitarioa handituz
AuzoEkin proiektuaren lehen edizio honetan, eremuetako bakoitzean egin diren hamaika lan saioak kontutan hartuta, 993 pertsonak hartu dute parte, horietako 562k inkesten bidez: 496 emakumek eta 497 gizonek. Kontu-emateko martxoan hiru eremuetan egindako bileretan, asebetetze-inkestak ere banatu dira, eta batez beste, 7,6ko puntuazioa jaso du proiektuak.
Pozik hitz egin du Josune Sanz, Gobernantza eta Komunitatea Saileko zinegotzi arduradunak:
«Prozesu osoan zehar parte hartu duten ia 1.000 tolosarrei eskerrak eman nahi dizkiet udal-gobernuaren izenean, prozesuan izandako inplikazioagatik eta egindako lan eskergagatk. Dinamikak, bere horretan, merezi izan du, herritarrekin elkarlanean aritzeak erabakiak hartzeko espazioak zabaldu baitizkigu. Izan ere, Tolosako Udalak herritarrekin harremanak izateko modu berri bat abiatu du, lan egiteko beste modu bat, herritarrek beraiek eskatu moduan» adierazi du Sanzek.
«Datozen asteotan, prozesuak emandako proiektuak gauzatzen hasiko dira, eta horrek erakutsiko du orain arteko bideak merezi izan duela. Oro har, eragile guztiontzako ikasketa-prozesu bat izan da, horrek dakarren guztiarekin, eta konbentzituta gaude aurrera begira oinarri garrantzitsu bat jarri dugula», azaldu du.
Prozesuak, gainera, bestelako ondorioak ere ekarri ditu auzotarren ekimenez, eta horri ere balioa eman dio Sanzek: «AuzoEkinek balio izan du, adibidez, Bidebieta-Izaskun-Iparragirre eremuan auzo elkarte bateratu bat sortzeko prozesua abiatzeko. Bizilagunekin elkartzeak eta saioetan modu kolektiboan pentsatu behar izateak horretara bideratu ditu bizilagunak. Landa eremuen kasuan, berriz, auzo elkarteak egon bazeuden, baina ez zeuden elkarren artean saretuta. Nork bere bidea egiten zuen. Ikusi zuten kezka eta behar asko partekatzen dituztela, eta elkarren artean saretuta hobeto bideratu daitezkeela. Saretze-lan hori dinamizatzeko saioak egin dituzte. Bi kasuetan, udal teknikariek laguntza eman diete. Komunitatea sortzea ere bazen AuzoEkinen bigarren mailako helburuetako bat».
2026an proiektua eremu gehiagotara zabaltzeko lanean ari da Udala. Aurreikuspena da Amarotz-San Blas-Usabal, Arramele eta Berazubi-Iurre-Iurramendi eremuekin lanketa bera egitea.