- Tolosako zaintza-beharrak modu integralean aztertu eta identifikatu ditu Udalak, zaintza-eredu bidezkoago eta parekideago baterantz lanean jarraitzeko.
- Aurkezpena ekainaren 11n izango da, 17:30etik aurrera, TOPICen; irekia izango da baina ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea.
Tolosako Zaintza Ekosistemaren Diagnostiko Partekatua aurkeztuko du Tolosako Udalak datorren ekainaren 11n, 17:30etik 18:30era, TOPICen. Ekitaldia irekia izango da eta herritar oro dago gonbidatua. Hala eta guztiz ere ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea.
Iaz ekin zion Udalak diagnostikoa lantzeari, Daiteke Gizarte Aholkularitzaren laguntzarekin. Helburua da Tolosako zaintza-beharrak modu integralean aztertzea eta identifikatzea. Aldi berean, bilatzen da zaintza bidezkoago, parekideago eta erantzunkideago baterako bideak proposatzea. Izan ere, zaintzak bizitzaren sostengu nagusia dira, eta horregatik, ezinbestekoa da zaintza-sistema publiko, integral eta inklusibo baten aldeko urratsak ematea.
Ez da hutsetik abiatzen, azken urteotan Udalak gai honen inguruko egitasmo eta lan ugari egin baititu. Herritarren Batzarra osatu zuten herritarrek ere zaintza-politikak indartzeko gomendioa lehenetsi zuten. Mugimendu feministaren bultzadak ere berebiziko garrantzia izan du zaintzen inguruko sentsibilizazioan eta eraldaketa politikoan, zaintzaren krisiaren salaketa argia egin du, baitta zaintza sistema publikoaren aldarria irmo plazaratu ere.
Ikuspegi feminista
Lanketa ikuspegi feministatik eta intersekzionaletik egin da, zaintzek dakartzaten egiturazko desberdintasunak ulertzeko ezinbesteko baitira. Generoaren dimentsioarekin batera, klase sozialak, jatorriak, etniak edota adinak (haurrenak barne, Haurren Hiria programaren bidez) ere kontuan hartu dira, zaintzaren inguruko baldintzak eta aukerak nola baldintzatzen dituzten aztertzeko.
Parte-hartze zabala
Prozesua metodologia parte-hartzailearen bidez garatu da, eta erakunde, norbanako eta eragile askoren parte hartzea izan du. Besteak beste, udal barruko sail ugaritako teknikariek parte hatu dute, baita udalaz gaindiko erakundeetako ordezkariek ere. Gizarte-eragile eta zaintzan aritzen diren pertsonen esperientziak eta ekarpenak ere uztartu dira.
Diagnostikoaren lanketan 63 pertsonak hartu dute parte, 41 emakumek eta 12 gizonezkok. Orotara 9 talde-elkarrizketa monografiko egin dira, 17 elkarrizketa indibidual, eta lau entzute-gune antolatu dira zaintzaileekin. Guztien ekarpenekin osatu da diagnostikoa.
Zaintzaren eguneroko praktikak ezagutzeko aukera eman du horrek, eta, bereziki, zaintza informalaren inguruko erronkak eta ahuleziak mahai gainean jartzeko balio izan du. Aztertutako errealitateetako bat da biztanleriaren zahartzea, eta horrek dakartzan ondorioak zaintza-beharretan.
Erronkak eta proposamenak
Egungo egoera deskribatu ez ezik, etorkizuneko erronkei aurre egiteko proposamenak eta ekintza-ildoak ere jasotzen ditu txostenak. Helburua da oinarriak jartzea herritar guztien beharrei erantzuteko gai izango den zaintza-sistema inklusibo eta irisgarri bat garatzeko.
Tolosako Udalak diagnostiko hau elkarlanerako eta eraikuntza kolektiborako tresna gisa ulertu eta ulertzen du. Hori dela eta, aurkezpena espazio irekia izango da ondorio nagusiak partekatzeko eta etorkizuneko urratsak elkarrekin pentsatzeko.
Ekainaren 11n egingo den aurkezpena herritar orori zuzendutakoa da, bereziki, zaintzaren arloan lanean diharduten eragile eta norbanakoei, zaintza gure herriaren etorkizunean funtsezko gaia dela ulertuta. Guztion ahotsak entzutea eta kontuan hartzea ezinbestekoa da zaintza bidezkoago baten aldeko bidean.
