Asteburuko jarduera eta ikuskizun guztiak atzeratuta

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/10/23 | Koronabirusa
  • Mugikortasuna eta harreman sozialak ahalik eta gehien mugatzeko deia egin du udal gobernuak, egoeraren bilakaera eta joera kezkagarria dela eta.

 

Eusko Jaurlaritzaren azken aginduari jarraiki udal gobernuak astebururako antolatuak zeuden jarduera eta ikuskizun guztiak etetea eta atzeratzea erabaki du.

Gauzak horrela, Kultur Etxea itxita egongo eta bertan gauzatzekoak ziren ekitaldiak atzeratu egingo dira (jabetze eskolako tailerrak, Gainditzen elkarteak antolatutako ekitaldiak...). Atzeratu egingo dira baita ere Udal Musika Bandaren kontzertua eta Leidorreko ikuskizunak (zinea eta Kukai taldearen emanaldia) eta igandeko San Frantzisko elizako abesbatzen kontzertua ere ez da eskainiko. Azoka mantendu egingo da agindu berriak ezarritako neurri guztiak jarraituta.

Eusko Jaurlaritzaren aginduaren ondotik, ondorengo neurri eta gomendioak indarrean egongo dira Tolosan, azaroaren 5a arte.

Gomendioak:

  • Tolosatik sartu eta ateratzea ekidin, lan arrazoiengatik, ikasketengatik, ohiko bizilekura itzultzeagatik edota mendeko pertsona zaintzeagatik edo ezinbestekoa den arrazoiengatik ez bada.

  • Harreman sozialak bizikidetza egonkorreko taldera mugatu.

Bete beharreko neurriak:

  • Establezimenduek, kultur eta kirol azpiegiturek %50era mugatu beharko dute beren edukiera. Gehienez ere 400 pertsona barruan eta 600 pertsona aire librean.

  • Establezimendu komertzialek, elikagai-denda, botika, eta erregaiak txikizka eta etengabeko zerbitzuan banatzen dituzten zerbitzuguneek izan ezik, 21:00etan itxi beharko dute.

  • Kirol jarduera soilik bakarka egin ahal izango da, taldeko edozein kirol jarduera debekatuta dago, martxan dauden kirol-lehiaketa ofizialak izan ezik.

  • Ostalaritza eta jatetxe arloko establezimenduek, beren edukiera %50era mugatzeaz gain, 21:00etan itxi beharko dute, ezingo da barran kontsumitu eta soilik mahaian eserita kontsumitu ahal izango da. Musukoa derrigor jarrita eraman beharko da eta soilik edateko eta jateko kendu ahal izango da.

  • Haur parke, parke publiko eta plazak erabiltzea debekatuta egongo da 21:00etatik aurrera, pertsonen joan etorrietarako izan ezik.

Udal gobernuak neurriok hartu ditu egoeraren bilakaera eta kasu positiboen goranzko joera dela eta, gaur beste 22 kasu positibo berri antzeman baitira herrian.


 

Harreman sozialak eta mugikortasuna mugatzeko deia

Udal gobernuaren aburuz, Eusko Jaurlaritzaren agindua argia da, eta ahalik eta gehien mugatu behar ditugu gure joan-etorriak eta harreman sozialak. “Behar beharrezkoa bada bakarrik atera herritik, ahal den neurrian etxean geratu eta gizarte-topaketak ekidin, eta soilik etxebizitza berdinean bizi diren pertsona taldera mugatu harremanak”, esan du alkateak.

“Azken egunotako datuak eta egoeraren joera kezkagarriak dira, horregatik da hain garrantzitsua, arduraz jokatzea, neurriak zorrotz errespetatzea eta ahalik eta gehien mugatzea gure harreman sozialak, guztion ardura delako gorakada geldiaraztea eta hedapena mugatzea, gure erantzunaren araberakoa izango da egoeraren bilakaera, beraz, oso garrantzitsua da gaur gauzak hobeto egitea bihar okerrago egon ez gaitezen”, amaitu du alkateak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA