Bigarren fasean sartuta, postu gehiago jarri ahal izango dira larunbateko ezohiko azokan

Tolosako Udala
2020/05/29 | Koronabirusa
  • Zerkausian 22 postu izango dira guztira, eta Euskal Herria plazan 20; aurreko asteetan bezala mantenduko da Berdura Plaza.
  • Elikagaiez gain, arropa, oinetako eta osagaien postuak ere izango dira Euskal Herria plazan

 

Astelehenean sartu zen indarrean konfinamendua arintzeko bigarren fasea Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horrekin batera, azoketan postu gehiago jartzeko aukera izango da.

Konfinamendua hasi zenetik, eta segurtasun- eta osasun-nerriak medio, postu gutxi batzuk baino ez dute parte hartzeko aukera izan larunbateko azokan. Bada, larunbat honetatik aurrera, gehiago izango dira parte hartuko duten ekoizleak: Zerkausian 22 postu jarriko dira, 16 beharrean; beste 20 kokatuko dira Euskal Herria plazan –orain arte 12 jartzen ziren– eta berdin mantenduko da Berdura Plaza, lau posturekin.

Euskal Herria plazan, esaterako, elikagaien postuak zituztenek soilik jarri ahal izan dute orain arte beren mahaia. Larunbatetik aurrera, berriz, arropa, oinetako eta bestelako osagaien postuak ere izango dira.

Gainerako neurriak, indarrean

Fasez pasa arren, ezohikoa izaten jarraituko du Tolosako Azokak. Izan ere, osasun- eta segurtasun-neurriak mantentu egingo dira.

Hiru espazioetako aforoa mugatua izango da, eta kontrolatu egingo da. Behin barruan, distantzia tarteak errespetatu beharko dira, eta uneoro norbere babeserako maskara jantzita ibili beharko da. Produktuak ere azokagileek bakarrik izango dituzte eskura, eta haiei egin beharko zaie produktu bakoitzaren eskaera.