Kultura ikastaroen zein musika eskolako ikastaroen kuoten dirua itzuliko du udalak

Tolosako Udala
2020/05/05 | Koronabirusa
  • Kultura sailak zein Udal Musika Eskolak antolatuta zituen baina koronabirusaren ondorioz eman ez diren ikastaroen kuotei dagozkion kopuruak itzuliko ditu.


 

Covid-19ak eragindako konfinamenduaren ondorioz, Tolosako Udaleko kultur tailerrak zein Udal Musika Eskolak antolatutako hainbat ikastaro bertan behera geratu direnez edo aldaketa batzuk egin behar izan direnez, ikastaro horiei dagokien kuoten dirua itzuli egingo du udalak.

Kultura sailak bederatzi ikastaro antolatu ditu 2019/2020 ikasturtean zehar, iazko urrian hasi eta aurtengo ekainera arteko iraupenarekin: antzerkia, argazkigintza, dantza garaikidea, ehoziriak eta patchworka, pintura eta zeramika ikastaroak helduentzat, eta baleta eta eskulan ikastaroak haurrentzat. Martxoaren erdiaz geroztik, ordea, ez da aukerarik izan ikastaro horiek egiteko, eta ikasturtea amaitu aurretik ere ez direnez berriz martxan jarriko, epealdi honi dagokion kuotaren dirua itzuli egingo du udalak. Berdin musika eskolan eman ez diren ikastaroen kasuan ere.