-
Zerkausian, Berdura Plazan eta Euskal Herria Plazan jarriko dira postuak aurrerantzean, eta leku bakoitzak bere sarrera eta irteera puntuak izango ditu.
-
Postuen arteko txandakako sistemarekin jarraituko da, mugatua izango baita espazio bakoitzean egon ahal izango duten ekoizleen kopurua.
-
San Isidro egunaren aitzakian antolatzekoak ziren ekitaldiak bertan behera geratu diren arren, zorion eta esker mezua bidali nahi izan die udalak baserritarrei.
Bizi dugun ezohiko egoerak baldintzatuta Zerkausia eta Beotibar pilotalekua izan dira Tolosako Azokaren aterpe azken asteotan. Larunbatetik aurrera, aldiz, frontoia utzi eta ohiko espazioetara itzuliko dira bertan izan diren ekoizleak, Berdura Plazara eta Euskal Herria Plazara. Honek ez du esan nahi, ordea, azokak normaltasun osoa berreskuratuko duenik.
Espazioak ohikoak izango diren arren, larrialdi egoerak indarrean jarraitzen duenez, postu kopurua mugatua izango da, herritarren segurtasuna eta osasuna bermatze aldera Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailaren protokoloak eta araudia jarraituta. Hortaz, ohiko postuen %25a edo distantziak mantenduta espazioak ahalbideratzen duen postu kopurua baino ezingo da azoka eremu bakoitzean kokatu eta hori dela eta, errotazio sistema mantenduko da: astez aste aldatuz joango da parte hartzaileen zerrenda.
Segurtasun- eta osasun-neurriak jarraituz, gainera, erosketa-puntu bakoitzak sarrera eta irteera puntuak izango ditu. Zerkausiko antolaketa azken larunbatetako bera izango da: Triangulo aldeko aldapatik sartu, eta Nafar Zubiaren aldetik atera beharko da. Berdura Plazan lau postu izango dira, guztiak estalpearen azpian eta errenkada berean kokatuta. Sarrera Korreo kaletik egin beharko da, eta irteera Kale Nagusitik. Berrikuntza modura, aipatu, landareez gain, lore eskaintza ere izango dela larunbat honetatik aurrera, Aranburu mintegiaren eskutik.
Euskal Herria plazan, berriz, elikagaien postuak bakarrik izango dira; hau da, oraingoz ez da arropa, oinetako edo bestelako posturik izango. Orotara hamahiru azokagile izango dira, plazaren bueltan kokatuta, mugikortasuna errazte aldera erdiguneko espazio guztia libre utziz. Tabernetako terrazarik ere ez da izango azokak irauten duen bitartean. Rondilla kaletik sartu beharko da, eta Andia kaletik bideratuko dute irteera.
Azokara gerturatu ezin dutenentzat edo asteko beste edozein egunetan ere elikagai freskoak eskuratu nahi dituztenentzat, etxez etxeko “Azoka, zure etxera” banaketa zerbitzua mantenduko da. Eskaerak telefonoz, WhatsApp bidez edo posta elektronikoz egin daitezke, eta Azokaren nahiz udalaren sare sozialetan aurki daitezke parte hartzaileen ordutegi eta harremanetarako datuak.
Eskularruak eta maskarak, norberak
Gainerako segurtasun- eta osasun-neurriak mantendu egingo dira espazio guztietarako: bi metroko tartea gorde beharko da, bai ilaran, baita postuan bertan ere, eta produktuak ekoizleek baino ezingo dituzte ukitu. Arauak errespetatzen eta arduraz jokatzen jarraitzeko dei egin du udalak.
Sarrera eta irteera puntuak ere kontrolatu eta zainduko dira. Norberak ekarri beharko ditu eskularruak eta maskarak, edonola ere, azken horiek ez dituztenei udalak banatuko dizkie eta sarreran eskuak desinfektatzeko hidrogela ere jarriko da guztien eskura.
San Isidro egunean, esker mezua
Bihar, maiatzak 15, San Isidro eguna da, Baserritarren eguna. Ezohiko egoera medio, egun horren bueltan antolatzekoak ziren ekitaldi guztiak bertan behera geratu dira aurten. Hala ere, ospatu ezinagatik, Tolosako Udalak baserritarrak zoriondu eta eskertu nahi izan ditu: “Baserritarren lana ezinbestekoa da, premiazkoa, gure landa eremuak mantendu eta gure nortasunari eusteko. Herri honen ekonomiaren eta giroaren ardatz nagusi ere ere bada azoka. Eta hori guztia eguneroko lan eta esfortzuaren fruitu da. Zoriondu eta eskertu behar zaituztegu. Baina ez hori bakarrik: sektorea babesteko gizarte osoaren beharra ere nabarmendu nahiko nuke, bizi dugun egoeran, gainera, are eta indar gehiagorekin, etorkizunean ere kalitatezko eskaintza eta tokiko elikagaiak kontsumitzeko aukera izaten jarraitu dezagun" nabarmendu du Nerea Letamendiak, Merkataritza, Azokak eta Turismoko zinegotziak.