Momentuz, ostalaritzak ordutegi eta edukiera mugatuarekin jarraituko du

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/07/24 | Koronabirusa
  • Momentu honetan, Osasun Sailaren aginduan jasotako neurriak bezero zein ostalariek behar bezala betetzen ari direla ziurtatzeko ikuskaritza eta zaintza lanak are eta gehiago indartu ditu udalak. Neurriak errespetatzen ez badira, isunak jarriko dira.

  • Establezimendu bakoitzak baimenduta dituen mahai kopurua oinarri hartuta terraza bakoitzaren planoak sortu ditu udalak eta horiek banatzen ari da udaltzaingoa, terrazak modu egokian eta mahai kopurua gainditu gabe jartzeko. Halaber, informazio hori herritarren eskura jarri behar dutela jakinarazi zaie ostalariei.

  • Indarrean dagoen agindua indargabetzean, udalak neurriak hartuko ditu sektorearekin elkarlanean.

 

Itxialditik atera eta jarduera ekonomikoa martxan jarri zenetik udalaren eta sektore ezberdinetako ordezkarien arteko hartu-emana zuzena eta jarraia izan da.

Apirilaren 17an osatu eta deitu zen lehen aldiz Hiri Ekonomiaren Mahaia, modu koordinatuan lan egitetik haratago, neurriak sektore ezberdinekin elkarlanean adostu eta hartze asmoz. Geroztik, 10 bilera egin dira, gaur, ostirala, egin da 11.na.

Hiri Ekonomia Mahaian ostalariek parte hartu dute noski, baina bilera horiez gain beste hainbat egin dira bakarka sektorearekin, momentuan momentuko gaiak, neurrien betetze maila, terrazen kokapena, bizilagunekiko eta herritarrekiko elkarbizitza jorratzeko eta sektorearen beharrak aztertzeko, besteak beste.

Barne bilerak ere egin dira udalean ostalaritzari loturiko gaiak sailean artean elkarlanean lantzeko. Denbora honetan, alkateak, saileko teknikariek eta zinegotzi arduradunak harreman zuzena izan dute ostalariekin ia egunero bai telefonoz baita posta elektroniko bidez ere, herritarren aldetik kexarik jaso bada jakinarazteko, berririk sortu bada helarazteko eta beharrik sortu bazaie horiei erantzuna emateko baita ere.

 

Ostalaritzari lotuta udalak hartutako neurriak eta egindako lana:

Jakina denez, udalak hainbat neurri hartu ditu tokiko jarduera ekonomikoa babestu eta sustatzeko. Ostalaritzari dagokionez, espazio publikoaren erabilera handiagoa egin ahal izatea baimendu da tarteak mantendu eta lehen zituzten mahai kopuruak, ez gehiago, kokatu ahal izateko beren terrazetan.

Olatz Peon Ormazabal alkateak jakinarazi duenez, Ordiziako gertaeren ondotik, udalak protokolo bereziak jarri zituen martxan eta ikuskaritza lanak areagotu ziren neurriak betearazteko. Uztailaren 13an ostalariekin bilera egin zen ordutegiaren gaia jorratzeko, bereziki gaueko aisialdiari lotutakoa.

Uztailaren 17an, Osasun Sailaren aginduz ostalaritzaren ordutegia eta edukiera mugatu zen. Geroztik udalak agindu horretan jasotako neurriak betearazten direla ziurtatzeko ikuskaritza eta zaintza lanak are eta gehiago indartu ditu.

Establezimendu bakoitzak baimenduta dituen mahai kopurua kontuan izanda terraza bakoitzaren planoak egin ditu udalak eta aste honetan horiek banatzen ari da udaltzaingoa, terrazak modu egokian eta mahai kopurua gainditu gabe jar daitezen. Halaber, informazio hori herritarren eskura jarri behar dutela jakinarazi zaie ostalariei, hau da, establezimendu bakoitzak terrazan zenbat mahai kokatu ahal dituen jakinarazi behar die herritarrei.

Osasun Sailaren agindua indargabetzen denean, neurriak hartuko ditu udalak sektorearekin elkarlanean.

 

23:30ak arte eta edukira %50ean

Osasun agindua ingargabetu bitartean, ostalariek mugatua izango dute, bai ordutegia (23:30) eta baita barruko edukiera ere (%50).

Orain arte bezala, babes eta higiene neurriak zorrotz errespetatuko dira. Musukoa jantzita sartu behar da establezimenduetara, ezin da barran kontsumitu eta soilik eserita kontsumitu ahal izango da, bai barruan eta baita kanpoan ere eta musukoa jantzita eduki beharko da barruan eta terrazan, edaten edota jaten ari ez bazara.

Esan bezala, kanpoan ezin da zutik kontsumitu eta botilzaharra ere debekatuta dago.

Neurriak errespetatzen ez badira, isunak jarriko dira, orain arte egin den moduan, dagoeneko edukiera ez errespetatzeagatik edota ordutegia ez errespetatzeagatik jarri baitira.

 

Lasaitasun eta babes mezua:

Ez da kutsadura fokorik izan Tolosan eta beraz, lasaitasun mezua helarazi nahi izan die alkateak herritarrei eta bide batez babesa adierazi itxi behar izan duten ostalariei ere. “Modu arduratsuan jokatu dute, kasu positibo bat atzeman orduko itxi zituzten beren tabernak, eta zorrotz jarraitu dituzte protokoloak eta aginduak; sektore guztiei, eta baita ostalariei ere, eskerrak eman nahi dizkiet egoerara egokitzeko eta neurriak errespetatzeko egiten ari diren lana eta ahaleginatik; ez da erraza izaten ari, baina poliki poliki eta elkarlanean egingo diogu aurre egoerari” amaitu du Olatz Peon alkateak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA