Olatz Peon: “Beotibarren ezarritako gune berezia kendu egin da eta bertan egin diren 631 frogetatik bakarrak eman du positibo”

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/07/17 | Koronabirusa
  • Gaur beste 3 kasu positibo daude Tolosan, baina bakarra da Beotibarreko gune berezian egin diren PCR-etatik eratorritakoa. Beraz, guztira egin diren 631 PCR frogetan kasu positibo bakarra atzeman da.

  • Hedapena komunitariorik ez dagoela dirudien arren, positibo kopuruak daude oraindik ere herrian eta beraz alkateak zuhurtzia eskatu du eta baita ere erakundeetatik eratorritako informazio ofizialari kasu egitea azken egunotan herrian zabaldu diren informazio faltsuak eta horiek eragin dituzten larritasun egoerak ekiditeko.

 

Gaurko egunean beste 3 positibo zenbatu badira ere Tolosan, soilik positibo bakarrak du lotura Beotibarreko gune berezian egin diren 631 PCR frogekin.

Nahiz eta datuen arabera hedapen komunitariorik ez dagoela dirudien, oraindik ere, kasu positiboak daude herrian eta beraz zuhurtziaz jokatzen jarraitzea ezinbestekoa dela azpimarratu du alkateak. “Egoeraren jarraipen estu-estua egiten ari gara eta datozen egunetan ere hartu-eman zuzenean izango dugu Osasun Sailarekin eta Osasun Sailburuarekin, Nekane Murgarekin, egunean eguneko datuak aztertzeko eta bilakaera zein den ikusteko” adierazi du.

Tolosan jarduera mantendu daiteke normaltasunez, betiere ezarrita dauden osasun eta segurtasun neurri guztiak errespetatzen eta jarraitzen badira. Prebentzio modura eta datuak oinarri hartuta, udalak hartuko neurriak mantendu egingo dira egoera erabat kontrolpean dagoen arte.

 

Beotibarreko gune berezia itxi da

Osakidetzak kendu egin du Beotibarren kokatutako gune berezia, froga egitera deituak izan diren edota bertara gerturatu diren herritarrei dagoeneko egin dizkietelako PCR frogak.

Edozein kasutan, sintomak izanez gero edota zalantzarik badute herritarrek, orain arte bezala, anbulategira jo dezakete, 943 00 68 00 telefono zenbakira deituta. Momentuz, ordutegia zabaldu egin da arratsaldeko 17:00ak arte.

 

Zuhurtzia, elkarlana eta erantzukidetasuna

Azken egunotako urduritasun eta informazio okerren harira, Olatz Peon Ormazabal alkateak lasaitasun mezua helarazi nahi izan die tolosar guztiei.

“Zuhurtzia beharrezkoa da, alarma sortzeak ez diolako egoerari mesederik egiten; azken egunotan ikusi dugu informazio faltsuek zenbaterainoko kezka eta larritasuna sor dezaketen herrian, horregatik tolosarrei eskatzen diet erakundeetatik jasotako informazio ofiziala jarraitu dezatela; sare sozialak oso ondo daude informazioa jasotzeko, baina horrelako egoeretan ere modu arduratsuan jokatzea garrantzisua eta ezinbestekoa da” adierazi du.

Lasaitasunezkoa mezua bai, baina zuhurtziari eta erantzukidetasunari lotutako ere helarazi nahi izan die alkatea herritarrei: “ez gaitezen lasaitu, jarraitu ditzagun neurriak eta errespetatu ezarritako jarraibideak, guztiongatik, aurrera pausoak eman ditzagun, neurriak errespetatzen baditugu birusaren hedapenari aurre egiteko gai izango garelako eta jarduera oro segurtasunez mantentzeko eta gauzatzeko gaitasuna izango dugulako” ziurtatu du Olatz Peonek.

“Orain arduraz jokatzen ez badugu, ondorioak larriagoak izan daitezke, orain prebentzio neurriak hartu ditugu, baina egoera larritzen bada, neurriak zorrotzagoak eta ondorioak okerragoak izango dira. Gure herria bizirik mantendu nahi badugu, elkar-babestu behar dugu, neurriak errespetatu, gu guztion ongizatea dago jokoan” azpimarratu du alkateak.


 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA