Ostalari, merkatari eta zerbitzuen sektoreko autonomoen datuak eguneratzeko galdetegia prestatu du udalak

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/04/21 | Koronabirusa
  • Lehenik eta behin egoeraren diagnosia egitea ezinbestekoa da, eragile ekonomikoei erantzunik egokiena eta beren beharrei egokitutakoa emateko, horretarako jada hasi da Hiri Ekonomia Mahaia biltzen eta orain, ostalari, merkatari eta zerbitzuen sektoreko autonomoen datu-basea eguneratzeko galdetegia prestatu du udalak.

  • Helburua da, informazioa osatzea eta merkatari, ostalari eta zerbitzuen sektoreko autonomo guztiekin harreman zuzenagoa, azkarragoa eta eraginkorragoa izatea.

 

Indarrak batzea eta eragile ekonomiko guztiekin harreman estua izatea ezinbestekotzat jo ditu Udal Gobernuak COVID19ak sortutako krisi sanitario, ekonomiko eta sozialari aurre egiteko.

Krisia hasi zenetik, Tolosa&Co elkartearekin erabateko elkarlanean aritu da Merkataritza, Azokak eta Turismoa saila. Irekita egon diren saltokien zerrenda kontuan izanik, bete beharreko segurtasun neurrien aholkularitza eskaini da, elkartekide zein Tolosako merkatari guztien kontsultak artatu dira eta zalantzak argitu eta aholkularitza eskaini da aldi baterako enplegu-erregulazio espedienteak bideratzeko.

Momentu honetan, elkartearekin lankidetzan, proposamen eta neurri berriak lantzen ari da saila: diru laguntza lerroak, saltokiak irekitzen direnerako bete beharreko segurtasun eta prebentzio neurriak eta etxez etxeko salmenta zerbitzua, gogoko.eus.

“Biziberritze sozio-ekonomikoa sustatzea da, orain, gure lehentasun nagusia, herritarren gizarte babesa bermatzen jarraitzearekin batera” nabarmendu du Olatz Peon alkateak. Gauzak horrela, 2020ko aurrekontuak testuingu berrira eta behar berrietara egokitzen hasi da udala, lehentasunak aldatu egin direlako. Eta halaber, Hiri Ekonomiaren Mahaia martxan jarri da, egoeraren diagnosi bateratua egin eta krisiari aurre egiteko plana sektore guztietako eragile ekonomikoekin garatzeko.

Hiri Ekonomiaren Mahaia martxan:

“Krisiari aurre egiteko plana garatzeko, lehenik eta behin egoeraren diagnosia egitea ezinbestekoa da, neurriak eta proposamenak beharren arabera lantzeko; eta lanketa hori, ezinbestean, herriko eragile ekonomikoekin egin behar dugu” azaldu du Olatz Peonek.

Hortaz, joan den ostiralean, apirilaren 17an bildu zen lehen aldiz, Hiri Ekonomiaren Mahaia, eta aurrerantzean astero bilduko da mahaia, diagnosi partekatua egin eta krisiari aurre egiteko plana elkarlanean garatzeko asmoz. Alkateak adierazi duenez, “ostiraleko lehen topaketa horren helburua izan zen gertutik sektore bakoitzaren errealitatea, zailtasunak eta beharrak ezagutzea, oso aberasgarria izan zen bilera eta ostiralean bigarren bilera egingo dugu, jada, krisiari aurre egiteko planaren lehen zehaztasunak lantzen hasteko, izan ere, sektore bakoitzaren egoera eta denborak ez dira berdinak izango, baina beharrezkoa da guztiok batera eta indarrak batuta lan egitea, modu planifikatuan eta norabide berean lan egiteko, orain eta baita datozen hilabeteotan ere”.

Diagnosi horren baitan kokatu du udal gobernuak ostalari, merkatari eta zerbitzuen sektoreko saltoki eta autonomoei bideratutako galdetegia, datu-basea eguneratzeko helburuarekin sortutakoa.

Datuak eguneratzeko galdetegia webgunean:

Egungo krisi testuinguruan, tokiko merkataritza eta ostalaritza establezimenduen, zein zerbitzuen sektoreko autonomoen datuak eguneratu nahi ditu udalak, harreman zuzenagoa, azkarragoa eta eginkorragoa izateko.

Horregatik, udaletik, Tolosako merkatari, ostalari eta zerbitzuen sektoreko langile autonomoei galdetegia osatzeko eskatu diete. “Diagnosia osatzeko, datu-basea eguneratzea funtsezkoa da, Tolosako saltoki eta establezimendu guztien egoeraren berri izan dezagun, neurriak eta laguntza lerroak egungo errealitate eta beharretara egokitu ditzagun” gaineratu du alkateak.

Hortaz, datu-basea eguneratzeko galdetegia webgunean jarri da merkatari, ostalari eta autonomo guztien eskura, halaber, merkataritza@tolosa.eus helbidera idatzi edota 943 69 75 21 telefono zenbakira deitu dezakete herritarrek edozein zalantza izanez gero, 8:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera.

Bete galdetegia hemen

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA