-
Jende pilaketak ekiditea ezinbestekoa da, oraindik ere, larrialdi egoerak indarrean jarraitzen duelako eta hortaz, neurri guztiak errespetatzen direla ziurtatzeko udaltzainek ikuskaritza lanak egingo dituzte.
-
Udaletik gogorarazi dute terrazen edukiera %50ekoa izan behar duela, behar-beharrezkoa dela 2 metroko distantzia mantentzea eserlekuen artean eta soilik terrazan kokatuta dauden mahaietan zerbitzatu daitekeela.
-
Herritarrei dagokioenez, arduraz eta zentzuz joka dezaten eskatu da, soilik terrazatan egotea eta kontsumitzea dago baimenduta eta horietan lekurik ez balego, ezin da kalean kontsumiziorik egin.
Herria “normaltasun berrian” murgiltzen ari da merkataritzaren eta ostalaritzaren irekierarekin batera. Azken horien kasuan, ordea, terrazen edukiera %50era murriztuta eta prebentzio eta distantzia neurri zorrotzak jarraituta.
Atzo bi hilabeteko itxialdiaren ondoren, herriko ostalari eta tabernariek beren terrazak kokatzen hasi ziren, ahalegin berezia eginez, ezarrita dauden segurtasun eta osasun neurri guztiak betetzeko. Goizean goizetik, udalak ikuskaritza lanak egin zituen, terrazak modu egokian ezarrita zeudela ziurtatzeko eta horien kokapenaren inguruan hainbat gomendio eta argibide emateko.
Ahaleginak-ahalegin, eguneko zenbait momentutan neurriak ez ziren erabat errespetatu eta jende pilaketak gertatu ziren. Egoerarekin kezkatuta, udala gaur zenbait ostalarirekin harremanetan jarri da egoera aztertu, nola jardun zehaztu eta laguntza eskaintzeko.
Behar beharrezkoa ezarritako neurriak errespetatzea:
Ezinbestean 2 metroko distantzia mantendu behar da eserlekuen artean herritarren segurtasuna bermatzeko. Halaber, soilik terrazetan zerbitzatu daiteke eta beraz, herritarrek soilik terrazetan egoteko aukera dute, ezin da terrazatik kanpo kontsumiziorik egin.
Araudia errespetatzen dela ziurtatzeko, aste honetan, udaltzainek ikuskaritza lana egingo dute eta ostalariek edozein momentutan laguntza behar badute edota zalantzarik badute haiekin harremanetan jar daitezke.
Herritarrei erantzukizunez jokatzeko eskaera:
Ostalariek ezarritako neurriak errespetatzea bezain garrantzitsua da bezeroek ere arduraz eta zuhurtziaz jokatzen jarraitzea. “Orain gauzak behar bezala egiten ez baditugu, ondorioak larriagoak izango dira, eta aurrera pausoak egin ordez, atzera egingo dugu eta jakin badakigu atzera egiteak zer ekarri lezakeen” adierazi du alkateak. “Ez ahaztu osasun larrialdi egoeran gaudela, birusak gure artean jarraitzen duela eta heriotza asko eragin dituela; txertorik ez dugun bitartean ezinbestekoa izango da “normaltasun berri” honetan arduratsu jokatzea, distantziak mantentzea eta eskuak maiz garbitzea” gaineratu du alkateak.
Sektorea babesteko eta laguntzeko borondatea:
Alkateak jakinarazi du, herriko ekonomia suspertu eta sektorea babestu eta laguntzeko, terrazak ezartzeko espazio publikoaren erabilera handiagoa egitea ahalbideratuko dela, beti ere pertsonen mugikortasuna eta segurtasuna, eta noski bizilagunekiko elkarbizitza bematzen bada.
Horretarako, ostalariek eskaera egin beharko dute udaletxean eta terraza handitzeko proposamena aurkeztu. Udalak, kasuak banan-banan aztertuko ditu eta espazioak ahalbidetzen badu, terrazen tamaina handitzeko aukera emango da, pilaketak ekiditeko. Edozein kasutan, neurriak aldi baterako izaera izango du.