Ostalariek eta udalak, bat eginda, laguntza eta elkarlana eskatu diete herritarrei datozen egunetan neurriak betetzeko

Tolosako Udala
2021/02/11 | Koronabirusa
  • Ostalari zein merkatariek ohiko eran egingo dute lan neurriak zorrotz jarraituta, normaltasunez igarotze asmoz datozen egunak.

  • Egoerari eusteko, herritarren laguntza, erantzunkidetasuna eta konpromisoa ezinbestekoak direla azpimarratu dute udal ordezkari zein ostalariek.

 

Atzo arratsaldean egindako bileraren ondotik gaur agerraldi bateratua egin dute udal ordezkariek eta ostalariek herritarrei elkarlana, laguntza eta erantzunkidetasuna eskatzeko, elkarri lagunduz, elkar zainduz, neurriak errespetatzeko eta datozen egunak giro lasaiean igarotzeko.

Lagundu neurriak betetzen, elkar zaintzeko

Oraindik Tolosak eremu gorrian jarraitzen du eta beraz, ezin gara lasaitu eta guztion hobe beharrez neurriak zorrotz jarraitu behar ditugu, jende pilaketak ekidin, zuhurtziaz, arduraz eta elkartasunez jokatu, indarrak batuta, guztiok bat eginda, egoerari eusteko.

Datozen egunetan, zorrotz beteko dituzte neurriak ostalariek eta zentzu berean, herritarrei eskatzen diete indarrean dauden neurriak errespetatzen laguntzeko. Izan ere, herritarren laguntza erantzunkidetasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira.

Indarrean dauden eta ostalaritza eta jatetxeetan bete behar diren neurriak gogorarazi dituzte:

  • Terrazak edukieraren %100ean eta barruko edukiera %50era mugatuta.

  • Pertsonen arteko distantziak mantenduta.

  • Soilik eserita kontsumitzea, gehienez ere lauko taldetan.

  • Musukoa soilik edateko eta jateko kentzea.

  • Ez erretzea, gomendio modura.

  • Ordutegia: 20:00ak arte.

Halaber, neurri gehigarri modura, inauteririk ospatuko ez denez, ez da inauterietako musikarik jarriko taberna eta jatetxeetan eta ostalariek gaur txistorra pintxorik ez banatzea ere erabaki dute.

Elkarlanean eta koordinatuta

Gaurtik hasita asteartera bitartean zaintza lanak areagotu egingo dira sarrera- irteeretan, garraio publikoko geltoki eta geralekuetan eta baita ere, jende pilaketak eman daitezkeen guneetan.

Prebentzio aldetik ere, saioak egin dira herriko ikastetxeetan, gurasoei gutuna bidali zaie eta kale hezitzaileak ere arituko dira kalez kale egunotan.

Inguruko herritarrei Tolosara ez etortzeko deia ere egin zaie, eskualdeko alkate guztiei gutuna bidalita.

Eta elkarlanari eutsiz, modu koordinatuan lan egingo da ostalariekin, elkar laguntzeko, elkarrekin egoerari eusteko.


 

Normaltasuna datozen egunetan

Ostalariek zein merkatariek normaltasunez lan egingo dute datozen egunetan. Kiroldegia zabalik egongo da, Gazte Topagunea ere bai eta kultur eskaintza areagotu egin da.

Aurten arduraz jokatu behar dugu, elkar zaindu, egoerari aurre egiten jarraitzeko, elkarlanean, indarrak batuta.

Datorren urtean ospatuko ditugu berriz ere inauteriak. Aurten zentzuzkoena, erantzunkidetasunez eta elkartasunez jokatzea da.