- Herritarren osasun eta segurtasuna bermatzen jarraitzeko udalak hainbat neurri hartu ditu: gazte lokalak itxi dira, ostalaritzako edukiera %50era eta ordutegia 23:30etara mugatuko da, Usabal kiroldegiko eta Berazubiko gimnasioak itxi egingo dira eta aurreikusitako kultur ekitaldiak bertan behera geratuko dira.
- Indarrak batuta, egoerari aurre egiteko eta bereziki herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatzeko #BabestuTolosa lelopean mezu argi eta garbia zabaldu nahi izan du udalak: “guztion esku dago neurriak errespetatzea, arduraz jokatu behar dugu eta elkar zaindu, Tolosa babestu eta sustatu dezagun eta ez ditzagun atzera pausoak eman”
Azken egunotan herrian izaten ari diren kasu positiboak direla eta neurri bereziak eta prebentzioari lotutakoak hartu ditu udalak gaurko datuak eta atzoko frogen emaitzak ezagutu ondoren.
Hainbat neurri herritarren segurtasuna eta osasuna bermatzeko
Gaur beste 6 positibo berri zenbatu dira herrian, baina atzo egindako 200 PCR guztiek negatibo eman dute. Eguneko 800 PCR froga egingo dira eta horiei jarraipen estua egingo zaie.
Alkateak azaldu duenez, “Atzoko 200 frogetatik ez dago kasu positiborik, itsura batean beraz, badirudi ez dagoela transmisio komunitariorik, hasierako foko horretatik eratorritako kasuak dira positibo eman dutenak, baina era guztietara prebentzio neurriak areagotzea erabaki dugu hedapenik egon ez dadin”. “Datozen egunetan egiten diren PCR froga guztien emaitzak aztertuko ditugu; herritarrei lasaitasun mezu bat ere helarazi nahi diet, kezkarik izanez gero, zalantzarik edota sintomarik baduzue lasai deitu anbulatoriora eta eskatu hitzordua”.
“Jakin dugunez, Osasun Sailak agindu bat argitaratuko du arratsaldean eta beraz, Ordizian hartutako neurri berberak indarrean jarriko dira baita Tolosan ere, esan bezala, prebentzio modura” gehitu du.
Gauzak horrela ondorengoak dira osasun sailaren agindua kontuan izanda eta udalak hartutako erabakien arabera indarrean jarriko diren neurriak:
1. OSTALARITZA: edukiera %50era murriztuko da eta ordutegia 23:30etara mugatuko da. Ezingo da barran kontsumitu, soilik eserita bai kanpoan eta baita barruan ere.
2. USABAL ETA BERAZUBI: gimnasioak itxi egingo dira, dagoeneko spa eremua itxita dago eta soilik bakarkako kirola egin ahal izango da. Igerilekuak zabalik egongo dira.
3. GAZTE LOKALAK eta UDALEKUAK: gazte lokalak itxi egingo dira eta horien jarraipena egingo da, erabiliz gero isunak jarriko dira. Udalak auzolandegiak mantentzea erabaki du transmisio arriskurik ez dagoela ziurtatu ostean. Gainerako aisialdi taldeekin harremanetan dago udala eta begiraleren bat frogak egitera deitua izan bada, emaitzak izan arte bakartuta egongo da.
4. LIBURUTEGIA ETA KULTUR ETXEA: liburutegian soilik mailegu zerbitzua eta txartelak egitekoa mantenduko da. Kultur Etxean ezingo dira bilera gelak erabili eta bi kasuetan, bertaratzeko aurretiazko zita eskatu beharko da.
5. KULTUR EKITALDIAK: astebururako aurreikusita zeuden kultur ekitaldiak (txotxongilo emanaldia eta Don Inorrez kontzertua) atzeratu egingo dira eta ez dira asteburu honetan egingo.
6. AZOKA: mantendu egiten da, osasun eta segurtasun neurri guztiak mantenduta, baina Alondegia plazako postuak Triangulo plazan jarriko dira.
Udal zerbitzu guztiek martxan jarraituko dute, babes neurriekin, herritarren beharrei erantzuten jarraitzeko.
Mezu zuzena herritarrei: Babestu dezagun Tolosa
Dagoeneko musukoa erabiltzea derrigorrezkoa da, arduraz jokatzen jarraitzea bezalaxe. Horregatik udalak #BabestuTolosa lelopean mezu argi eta garbi bat zabaldu nahi izan du herritarren artean gaurkoan:
“Agerikoa da Covid19ak gure artean jarraitzen duela eta erantzukidetasunez jokatzen jarraitzea inoiz baino garrantzitsuagoa bilakatu dela. Herritarrei mesedez, neurriak errespetatzeko eskatu nahi diegu, elkar zaintzeko, guztiongan pentsatzeko”
“Tolosa sustatu nahi badugu, gure herria bizirik mantendu nahi badugu, elkar-babestu behar dugu, Tolosan erosi eta kontsumitu behar dugu ,baina osasun eta segurtasun neurri guztiak errespetatuz”.
“Orain arduraz jokatzen ez badugu, ondorioak larriagoak izango dira. Guztion ardura da neurriak errespetatzea, guztion esku dago herriko establezimenduak babestea, ingurukoak babestea, gure burua zaintzea”.
Gauzak horrela, herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko kartelak sortu ditu udalak eta horiek herriko establezimendu guzti guztietan banatuko dira eta kaleko paneletan ere zabalduko dira, herritarren musukoa erabili dezaten, neurriak errespetatu ditzaten eta #BabestuTolosa leloarekin bat egin dezaten, bereziki gazteek, “dei berezia egiten diet gazteei, mesedez eskatzen diet arduraz joka dezatela, neurriak errespeta ditzatela eta jende pilaketak ekidin ditzatela”.