Segurtasun neurri guztiak mantenduz, bihartik aurrera haurrak kalera irten ahalko dira ordubetez egunean

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/04/25 | Koronabirusa
  • 13 urte bitarteko haurrek izango dute irtetzeko baimena, paseo motzak egin ahalko dituzte, asko jota etxetik kilometro batera, eta heldu bakoitzarekin gehienez ere hiru haur aterako ahalko dira.

  • Etxekoak ez diren gainerako pertsona guztiekin segurtasun distantzia mantendu beharko dute eta euren jostailuak bakarrik erabili ahalko dituzte. Alarma egoera ezarri zenetik zehaztuta dauden segurtasun eta prebentzio neurri guztiak betetzea derrigorrezkoa izango da.

  • Tolosako haur jolastoki guztiak itxita egongo dira, eta debekatuta egongo da haietara sartzea. Udaltzaingoak ikuskaritza lanak egingo ditu.

 

Osasun alarma egoera ezarri eta hilabete eta erdira, 0 eta 13 urte bitarteko haurrak kalera atera ahalko dira bihartik aurrera, gehienez ere ordubete egunean, eta haiekin bizi den heldu baten ardurapean. Jolastera edo kirola egitera atera ahalko dira, gehienez ere etxetik kilometro batera eta ezarrita dauden segurtasun eta prebentzio neurri guztiak zorrotz beteta.

Beraz, etxekoak ez diren gainerako pertsona guztiekin bi metroko segurtasun distantzia mantendu beharko dute, eta norbere etxetik eramandako jostailuekin edo gailuekin jolastu ahalko dute bakarrik: baloiak, patineteak, bizikletak edo bestelakoak. Anaia-arrebak batera irten ahalko dira, baina heldu bakoitza gehienez ere hiru haurrekin batera atera ahalko da kalera. Irteerak 09:00etatik 21:00etara bitartean egin beharko dira.

Tolosako haur jolastoki guztiak itxita egongo dira, eta debekatuta egongo da haietara sartzea. Udaltzaingoak ikuskaritza lanak egingo ditu, ezarritako segurtasun neurri guztiak ondo betetzen direla ziurtatu eta haurren, gurasoen eta gainerako herritarren osasuna babesteko.

Tolosako Udaletik gogorarazten da, aipatutako segurtasun distantzia errespetatzeaz gain, indarrean dauden gainerako neurriak ere mantendu egin behar direla: kalera egindako irteeratik etxera bueltan zein egunean zehar maiz eskuak ondo garbitzea, eztula edo doministiku egitean ahoa eta sudurra ukondoarekin edo paperezko zapi batekin babestea, eta eskuekin begiak, sudurra eta ahoa ez ukitzea, besteak beste.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA