Tolosako Udalak 1.272 dei egin ditu adineko pertsonen beharrak ezagutzeko

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/04/08 | Koronabirusa
  • Bakarrik edo bikotean bizi diren 70 urtetik gorako adineko pertsonei deiak egiten jarraitu du azken egunetan Gizarte Zerbitzuen sailak, udaleko beste sail batzuetako teknikarien laguntzarekin.

  • Pertsona horien egoeraren berri izatea eta dituzten beharrak bideratzea izan da dei horien helburua. Guztira, 73 pertsonek eskatu dute laguntza: 70 pertsonek erosketak egiteko eta gainontzekoek telefono bidezko laguntasuna eta arreta jasotzeko.

 

Larrialdi egoera hasi zenetik, buru-belarri aritu da lanean Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuen saila herritarren beharrei erantzuteko, bereziki kalteberatasun egoeran dauden pertsonei, arreta egin eta beren beharrei erantzuteko.

Adineko pertsonei dagokienean, bakarrik edota bikotean bizi diren 70 urtetik gorako pertsona guztiekin jarri da harremanetan udala, beren egoera ezagutu eta beharrik balute horiek bideratzeko. Guztira, 1.272 dei egin dira.

Herritarrek esker ona azaldu dute egindako deietan, eta elkarrizketa atseginak ere sortu dira. Pertsona gehienek beharrak asetuta dituztela adierazi dute, eta dagoeneko laguntza badutela jakinarazi dute, familiarte edota bizilagunekin moldatzen ari baitira.

Beste hainbat ere jarri dira zuzenean udalarekin harremanetan 010 telefono zenbakira deituta. Orotara, beraz, 73 pertsonek eskatu dute laguntza eta eskakizunak Zaintza Sarea Tolosako boluntario taldearen bidez bideratu dira.

Boluntario taldea hiru ardatz nagusitan banatuta ari da herritarrei laguntza eskaintzen: Batetik, bazterkeria egoeran eta kalteberatasun egoeran dauden pertsonei zuzenduta ari dira lanean, Peñaskal Kooperatibaren eskutik, eguneko eta gaueko arreta, eta oinarrizko beharrak asetzeko banaketak eginez Zutani elkartearekin lankidetzan. Bestetik, Adinkide programaren bidez, bakardadea sentitzen duten adineko pertsonei laguntzen diete; eta, azkenik, Gurutze Gorriaren programaren bidez erosketak eta bestelako tramiteak egiten laguntzen diete adindunei.

Laguntza eskatu duten adineko pertsonen gehiengoak, 70k zehazki, erosketak egiteko eskatu du laguntza. Gainerakoek, Adinkidek eskaintzen dien telefono bidezko arreta eta laguntza jasotzeko nahia eta borondatea azaldu dute.

 

Laguntza Sarea Tolosa boluntario taldearekin koordinatua

Tolosako Gizarte Zerbitzuen saila modu koordinatuan ari da lanean “Laguntza Sarea Tolosa” boluntario taldearekin. Gizarte Zerbitzuen sailak boluntario taldeari helarazten dizkio identifikatutako beharrak eta boluntario taldeak herritarren behar horiei erantzuten die.

Herriko baliabideen koordinazioa eta eraginkortasuna bermatze aldera, boluntariotzan ari diren eragile guztiek eta Tolosako udaleko teknikariek lan-taldea osatu dute: Gurutze Gorria, DYA, Adinkide, Herri Babesa, Peñaskal Kooperatiba, Auzolanean Tolosa eta Udala. Talde hau egunero biltzen da egoeraren jarraipena egin eta lanak koordinatzeko.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA