Udalak Suspertu Tolosa kanpaina abiarazi du udalerriko biziberritze sozioekonomiko eta kulturala bultzatzeko

Tolosako Udala
2020/05/07 | Koronabirusa
  • Kanpainak hainbat ekintza eta lan-ildo barnebilduko ditu; lehena, tokiko merkataritza eta zerbitzu establezimenduetan kontsumitzeko erosketa-bonuena izango da, aurrez ordainduko direnak, tokiko saltokiek hasieran izan dezaketen likidezia faltari aurre egiteko.

  • Lehen ekimen honetan, itxita egon diren edota beren fakturazioa murriztua ikusi duten establezimenduek parte hartu ahal izango dute, suspertutolosa.eus webgunean izena emanda, maiatzaren 7a baino lehen, eta, ondoren, jarriko dira bonuak salgai.

 

Udalak asteak daramatza udalerriko eragile ekonomikoekin biltzen, beharren diagnostiko bateratua egiteko eta krisiaren aurkako plana garatzeko. Planaren helburua da krisiak gehien kolpatu dituen sektore eta kolektiboak babestu eta beren beharrei erantzutea.

Era berean, udala aurtengo aurrekontua behar eta lehentasun berrietara berregokitzen ari da, eta 2019ko likidazioa egiten, udalak eskura dituen baliabide guztiak Covi19ak utzitako ondorio sozio-ekonomikoei aurre egitera bideratzeko. Erakundeek ere abian jarritako laguntzak aztertzen ari udala horiek osatzeko helburuarekin, herritarrei erantzun integrala emateko; martxan jarritako neurriak eraginkorrak izan daitezen epe motzera eta baita epe ertainera ere.

Suspertze planak hiru ardatz nagusi izango ditu: soziala, ekonomikoa eta kulturala. Alkateak adierazi duenez, "gizarte-babesa bermatzen jarraituko dugu orain arte bezala,  eta lehentasunezkoa izango da, baita ere, suspertze ekonomiko eta kulturala; izan ere, gure udalerria, ekintzen faktoria bat da, kultura-aberastasun izugarria dugu eta hainbat eta hainbat jarduera eta ekimen egiten dira urte osoan zehar eta horiek eragin zuzena eta erabat onuragarria dute gure hiri ekonomiaren ekosistema osoan”. "Zentzu horretan, Suspertu Tolosa kanpaina abiarazi dugu, herritarrekin elkarlanean, Tolosa berriz ere martxan jartzeko eta kanpaina honen baitan kokatuko ditugu datozen aste eta hilabeteetan esparru eta sektore desberdinei lotuta jorratuko ditugun ekintza guztiak” gaineratu du Peonek.

Krisi honek gogor kolpatu ditu arlo soziala eta baita ekonomikoa ere, eta modu berezian eragin die gainera, tokiko merkataritzari eta ateak itxi behar izan dituzten negozio guztiei. Horregatik, kanpainako lehen ekintzak establezimendu horiei guztiei laguntza eta bultzada ematea du helburu.

Tokiko denda eta establezimenduetan kontsumitzeko bonuak:

Tolosako Udalak, Tolosa&Co elkartearekin lankidetzan, Suspertu Tolosa proiektuaren pean, erosketa-bonuak jarri ditu abian, helburu bikoitzarekin: Tolosako herritar eta familiei laguntzea eta tokiko kontsumoa sustatzea, herritarren artean kontsumo kontzientzia bultzatzeko helburuarekin. Aurrez ordaintzeko bonuak dira, epe motzera, merkatari eta zerbitzu-establezimenduei diru-sarrera bermatzeko, tokiko saltokiek hasieran izan dezaketen likidezia faltari aurre egiten laguntzeko. Beraz, proiektuaren lehen ekintzak tokiko merkataritzan eta zerbitzuetan jarriko du arreta eta udalak 80.000 euro bideratuko ditu lehen ekimen horretara. Epe motz-ertainera, bonu horien salerosketarekin 240.000 euroko inpaktu ekonomikoa sortzea aurreikusten da.

Izen-ematea:

Parte hartu nahi duten saltoki eta zerbitzu guztiek izena eman beharko dute suspertutolosa.eus webgunean maiatzaren 7a baino lehen.

Parte hartzen duten saltokiek ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, hala nola Tolosan gutxienez establezimendu bat izatea, alarma-egoeran itxita egon edo fakturazioa gutxienez %75 murriztu izana eta zehaztutako ekonomia-jardueren gaineko zergaren epiigrafeen barruan egotea eta 15 langile baino gutxiago izatea.

Bonuak maiatzaren 8tik aurrera jarriko dira salgai, eta erosketa egiterakoan, bezeroak bonua zein dendatan gastatu nahi duen adierazi behar du. Hiru bonu mota egongo dira: 10, 20 eta 30 eurokoak, eta Tolosako Udalak beste 5, 10 eta 15 euro gehituko dizkie horiei. Beraz, establezimenduetan gastatuko den zenbatekoa 15, 30 eta 45 eurokoa izango da.

Bonuei buruzko informazio gehiago behar izanez gero jo: https://www.suspertutolosa.eus/faqs/ 

Ekintza gehiago Suspertu Tolosa planaren barruan:

Merkataritza izango da Suspertu Tolosa proiektuaren lehen lan lerroa, baina ez bakarra. Bonuez gain, Udalak saltoki eta establezimenduetan homologatutako babes-pantailak banatu ditu eta hala egiten jarraituko du horiek irikitzen joan ahala.

Udala ostalaritzari, turismoari eta kultura-sektoreari zuzendutako laguntza-lerroak ere lantzen ari da, eta laster horiek ere martxan jartzea aurreikusten da. Beraz, datozen asteetan, Udalak krisiaren aurkako plana aurkezteaz gain, Suspertu Tolosa kanpainaren baitako ekintza zehatzak ere aurkeztu eta abiaraziko ditu. Zalantzarik gabe, tolosar guztien babesa, inplikazioa eta konpromisoa beharko ditu ekimen honek, guztion artean Tolosa berriro ere martxan jartzeko, gure udalerriak berezkoa duen bizia berreskuratu dezagun, elkarrekin eta elkarlanean, indarrak batuta lan eginez.

 

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA