Udalekuak bertan behera prebentzio modura

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2020/07/18 | Koronabirusa
  • Udala herriko aisialdi taldeekin eta ikastetxeetako ordezkariekin bildu da gaur bertan modu koordinatuan lan egiteko, Osasun Sailaren aginduaren ondotik.

 

Gaur arratsaldean Tolosako alkatea, Olatz Peon Ormazabal, eta gazteriako zinegotzi eta teknikari arduradunak herriko aisialdi taldeekin bildu dira Osasun Sailarekin koordinatuta lan egiteko, Osasun Sailak gaur bertan udalekuak bertan behera uzteko agindua ezagutzera eman ondoren.

Azken egunotan Gipuzkoan izan diren kasu positiboen harira hartutako erabakia izan da, prebentzio neurri modura, birusaren hedapena ekiditeko helburuarekin.

Alkateak zuzenean Osasun Sailburuarekin hitz egin ondoren deitu dute bilera herriko talde eta ikastetxeetako ordezkariekin.

Gauzak horrela, udalak antolatutako Auzolandegiak udaleku irekiak, zein talde eta ikastetxeek antolatzen dituztenak bertan behera geratu dira Osasun Sailaren agindua indargabetu bitartean. Beraz, astelehenetik aurrera jarduera hauek eten egingo dira:

  • Ikastetxeek zein aisialdi taldeek antolatutako udaleku irekiak eta ludotekak
  • Kirol zein kultur taldeek eskainitako ikastaroak, tailerrak eta kanpusak
  • Auzolandegiak egitasmoa

Edozein modutara, udalak herriko talde eta ikastetxeek udalekuak antolatzeko egin duten ahalegina eta azken asteotan egindako lana eskertu nahi izan ditu.

Era berean, gaurkoan,  Osasun Sailaren erabakiz eta Foru Aldundi eta udalekin koordinatuta, eten egin dira adineko pertsonen egoitzetako eta desgaitasuna duten pertsonen egoitzetako egoiliarren irteerak.

Bisitak hurbileko pertsona bakar batengana mugatu dira eta adineko pertsonentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako eguneko zentroak ere itxi dira.

Jende pilaketak ekidin eta musukoa erabili

Beste behin udaletik herritarrei gogorarazi zaie musukoa erabiltzea derrigorrezkoa dela, baita ezarrita dauden neurriak errespetatzea ere. Halaber, eskatu dute jende pilaketak ekiditea arrisku egoerarik ez sortzeko.

“Guztion ardura da neurriak errespetatzea eta guztion esku dago gure burua zaintzea eta ingurukoak babestea, Tolosa babestea, atzera pausorik ez emateko; erantzunkidetasuna, elkartasuna eta zuhurtzia ezinbestekoak ditugu momentu honetan", azpimarratu du alkateak.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA