-
Ekimen honen parte dira: Tolosako Udala, Gurutze Gorria, DYA, Babes Zibila, Peñaskal Kooperatiba, Adinkide eta Auzolanean Tolosa boluntario sarea.
-
Sare honek, bereziki, adinekoei pertsonei eta bazterkeria egoeran dauden herritarrei ematen die laguntza (elikagaien bankua, erosketak, sendagaiak), baina "Auzolanean Tolosa" taldea krisiari edo haren ondorioei lotutako beste gai batzuk ere jorratzen ari da.
COVID 19ren pandemia geldiarazteko hartutako neurriek eragin zuzena izan dute gure egunerokoan eta bizitzako hainbat esparru berrantolatu behar izan dituzte herritarrek.
Konfinamendu egoera honetan, zeinetan pertsonek enplegua galdu duten, harremanak zaildu diren eta hainbatek senitartekoak ere galdu dituzten, herritarren sarea eta komunitatea sendotzeko modu berriak jorratzea ezinbestekoa bilakatu da.
Tolosan lehendik bazeuden eragile ezberdinak, eta horiek hasiera-hasieratik, eta orain inoiz baino gehiago, elkartu egin dira eta indarrak batu dituzte, egun dauden eta egongo diren beharrei erantzuna emateko. Baina osasun-larrialdia dela-eta, laguntza taldeek kopuruan gora egiteaz gain, forma berriak ere hartu dituzte behar berriak sortu eta behar horiei erantzuna emateko ekimen berriak ere sortu direlako. Hala, boluntario taldea antolatzeko bi pertsona partikularren 'Jon eta Dani'-ren deiaren aurrean, tolosarren erantzuna oso positiboa izan da. Gaur egun, 180 pertsona baino gehiago daude "auzolanean Tolosa" boluntariotza sarean.
Herritarren zaintzarako eta elkartasunerako sareak beti izan dira beharrezkoak, baina egungo egoera ikusita, ezinbestekoa bilakatu da dauden sareak indartzea eta berriak sortzea. Konbentzimendu horretatik sortzen da "Zaintza sarea Tolosa" ekimena, egungo larrialdiari erantzungo diona eta aldi berean, denboran iraun dezakeena.
Tolosako Udala -Gizarte Zerbitzuak, Berdintasuna, Gobernantza eta alderdi politiko guztietako udal ordezkariak- Gurutze Gorria, DYA, Babes Zibila, Peñaskal Kooperatiba eta Adinkide-, eta Tolosako Auzolanean boluntario sarea dira Tolosako Zaintza Sarea ekimenaren partaideak eta Tolosaldeko Asanblada Feminista ere gonbidatua izan da. Erakunde bakoitzak bere esparrutik erantzuten die eta erantzungo die herritarren beharrei, baina hainbat dimentsiotan eragiten duen krisi honen aurrean indarrak batzeko eta eremu ezberdinetan laguntza eskaintzeko sortzen da ekimena. “Zaintza sarea Tolosa”ko kideak egunero biltzen dira -on line- eskura duten informazioa partekatu eta eguneratzeko eta eskaerei erantzuna modu antolatu eta koordinatuan emateko. Egun taldeak esku artean dituen gaien artean:
-
70 urtetik gorako pertsonen beharrak: beharrak atzematea eta behar horiei erantzutea kalera ateratzeko beharrik izan ez dezaten -erosketak, botikak, zaborra jaistea, etxe-animaliak paseatzea, etab.-. Halaber, Adinkide programaren barruan, bakarrik bizi diren eta hala nahi duten 70 urtetik gorako pertsonei telefonoz laguntzea eta akonpainamendua egitea.
- Behar bereziak dituzten eta kalteberatasun egoeran daudenen pertsonak eta kolektiboak: larrialdi egoera aurretik ere ahultasun egoeran zeuden pertsonak eta egoera berri honetan babes eta elkartasun berezia behar dutenak. Peñaskal Kooperatiba da alor honetan laguntza sarea kudeatuko duena.
-
Indarkeria matxista jasaten duten emakumeak: udaleko Gizarte Zerbitzuek jada identifikatuta dituzten kasuetatik haratago larrialdi egoera honetan indarkeria matxista jasaten ari diren emakume gehiago egon daitezke, horien identifikazioan lagundu eta komunikazio kanalak areagotuok dira, udaleko Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasunaren sailaren gidaritzapean.
Gurutze Gorriak, DYAk, Peñaskalek, Babes Zibilak eta Adinkidek -etorkizun hurbilean ekimenera batu daitezkeen beste zenbait erakunderen artean-, Tolosako auzolanean boluntariotza-sarearen laguntzarekin, ekimen hau antolatu eta koordinatuko dute, zerbitzu eta proposamen guztiek horiek aurrera eraman ahal izateko nahikoa pertsona dutela ziurtatzeko.
Zer egiten du boluntario sareak?
“Tolosa Auzolanean” boluntarioen taldeak jasotako informazioarekin laguntza sarea honako arloak indartzera bideratu da:
• 1. taldea: elikagaiak eta sendagaiak erostea, zaborra botatzea edo beste edozein kudeaketa edo izapide mota, Gurutze Gorriarekin batera.
• 2. taldea: adineko pertsonei tele-laguntza ematea Adinkiderekin batera.
• 3. taldea: Peñaskalek eskatuta, pertsona eta kolektibo ahulekin edo bazterkeria egoeran dauden pertsonekin lotutako ikasketak edo esperientziak dituzten herritarrak atzematea eta etorkizunean horiek laguntzeko prest egongo liratekeen identifikatzea, Peñaskalek eskatuta.
“Auzolanean Tolosa” boluntarioen taldetik nabarmendu nahi dute zaintza eta elkartasuneko ekintza eta proposamen kolektiboak lehenbailehen sortzea inoiz baino beharrezkoagoa dela, eta horregatik, aipatu taldeak beste hainbat gai lantzeari ere ekin dio: elikadura-subiranotasuna, km0 kontsumoa, lehen sektorearekiko laguntza eta lankidetza 28 Kanalaren egitasmoa (arrail digitala ere buruan izatea), etab.
Udalak 010 telefonoa jarri du herritarren eskura edozein zalantza argitu edota beharrak helarazteko: erosketak egitea, elikagaien bankua, akonpainamendu beharra, etab.-. Edozein premia izanez gero 010 zenbakiaren bitartez udalarekin harremanetan jartzea gomendatzen da, beharrak jaso eta gero horiek bideratu ahal izateko.
“Zaintza sarea Tolosa”-tik elkartasun sareak indartzera, eta elkar-laguntzera animatzen eta gonbidatzen dituzte herritarrak, elkarrekin egoerari aurre egiteko.
OHARRA: Udaletik gogorarazi dute 112 telefonoa dela larrialdietarako erabiltzen jarraitu behar dena, orain arte izan den bezala.