‘Artxiboko Neskak’ konpartsak botako du Ostegun Gizeneko txupinazoa

Hitzordua
Informazio gehiago

Tolosako Udala
2025/02/08 | Kultura, Festak eta Gazteria
  • Kabi Alai Kuttun izendatu dute ‘Artxiboko Neskak’ konpartsa, 80ko hamarkadan estereotipoak puskatzen zituen parodia sorta egiteagatik.

  • Janire Iraola Ulacia tolosarraren ‘Jantzi Tolosa’ kartelak iragarriko ditu 2025eko Inauteriak.


Tolosako Inauterien atarian, gaur aurkeztu dira Ostegun Gizeneko txupinazoa jaurtiko duen Kabi Alai Kuttuna eta aurtengo edizioa iragarriko duen kartel irabazlea. 

Artxiboko Neskak (Las chicas del archivo gisa ere ezagunak) konpartsa hautatu du Kabi Alai elkarteak, aurtengo inauterietako txupinazoa botatzeko. Gipuzkoako Artxibo Orokorraren aurrean jarri ohi zen 80ko hamarkadan sortu zen konpartsa, eta bi hamarkadaz egin zituzten parodiak. Emakumeak izan dira protagonista nagusiak, hori ohikoena ez zen garai batean. Horregatik, orduko estereotipo guztiak hautsi eta jai parekideagoak sortzeko bide emeateagatik hautatu du Kabi Alai elkarteak konpartsa hori. 

Nahiz eta 2009an konpartsa moduan ateratzeari utzi zioten, egun parte-hartzaileek kalerik kale jarraitzen dute inauteriez gozatzen. Hori dela eta, nabarmendu nahi izan dituzte urtez urte taldean parte hartu duten hainbat lagun, hala nola, Rosa Jauregi, Juli Zubelzu, Mariaje Larrarte, Mertxe Goenaga, Lierni Tolosa, Mamen Moneo, Maider Zubelzu, Kristina Agirre, Miriam, María, Eukene, Jabi, Pili, Loli, Bixen eta baita gure artean ez dauden Ana Tolosa eta Peio Urkizar ere. 

Ostegun Gizenean, txupinazoaren aurretik jasoko dute Kabi Alai elkartearen eskutik Kuttuna saria, eta omenaldiaren ostean, Inauterien hasiera iragartzeko suziria jaurtiko dute.

 

 

“Jantzi Tolosa”, hautatutako kartela

Bestalde, ekitaldi berean aurkeztu du Udalak aurtengo Inauteriak iragarriko dituen kartela. Aurtengo lehiaketara 58 kartel aurkeztu dira, iaz baino zazpi gehiago, eta Janire Iraola Ulacia tolosarraren ‘Jantzi Tolosa’ lana izan da irabazlea. 

Irudiak Inauterietan atondutako herriko balkoiak ditu ardatz, eta horien artean identifikatu daitezke, Idiakez Jauregiko, Trianguloa plazako, Kultur Etxeko, Korreo eta Zerkausi kaleetako edota udaletxeko leiho eta balkoiak, besteak beste. Guzti-guztiak kolore biziz jantzita ageri dira, Tolosako inauterien alaitasunaren isla. Gainera, kartelak berak tolosarrei dei egiten die balkoiak apain ditzaten, Jantzi Tolosa leloarekin. 

Horren harira, aurkezpenean gogorarazi dute, bigarren urtez, inauterietako balkoi lehiaketa antolatu duela Tolosako Udalak Tolosa&Co merkatarien elkartearekin elkarlanean. Datozen egunotan emango dituzte xehetasunak baina iragarri dute herriko edonork parte hartu ahal izango duela, eta 300 euroko saria izango dela irabazlearentzat, herriko komertzioetan gastatzeko. Era berean, herritarrak animatu dituzte inauterien bueltan erosi beharrekoak herriko komertzio txikian eros ditzaten. 

Aurkezpen ekitaldiaren ostean, eta iaz abiatutako dinamikarekin jarraituz, Kabi Alai elkarteko txaranga ibili da kalez kale. Bertaratu diren herritarrek ere kartel bana eraman ahal izan dute etxera. Saltoki eta tabernek, berriz, astelehenetik aurrera jasoko dituzte kartelak. Soberan baleude, herritarren esku jarriko dira kultur etxean datorren astetik aurrera.

Cita previa EU

Tolosako Udalak herritarrei arreta emateko zerbitzua eta erregistroa (UDATE)

Erosoago aritzeko eta itxaron beharrik ez izateko, aldez aurretik hitzordua hartzea gomendatzen dizugu. Horretarako, bete inprimaki hau, eta zuk emandako telefono-zenbakira deituko dizugu 24 ordu igaro baino lehen (egun baliodunean), eta zure kontsultari erantzun, edo hitzorduaren eguna eta ordua baieztatuko dizkizugu.

ESKATU HITZORDUA